SERIEA. Kolonbiako bake prozesua (VI). Plebiszitua

Botoek dute bakearen giltza

Habanan erdietsitako ituna berresteko aukera dute gaur herritarrek, kongresuak ondoren akordioa lege bihur dezan. Bi aldeak azkenera arte saiatu dira zalantzatiak eta abstentzionistak erakartzen.

Ehunka lagun bakearen aldeko afixekin, irailaren 26an Bogotako Bolivar plazan egin zuten «bakearen aldeko kontzertuan». LEONARDO MUÑOZ / EFE.
Adrian Garcia.
Bogota
2016ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Iritsi da eguna. 52 urteko gatazka armatuaren konponbidea lau urtez negoziatu dute, Habanako gela itxi batean. Orain, ordea, herritarrek eman beharko diote balekoa itunari, bake prozesuak aurrera jarrai dezan. «Babesten al duzu gatazka amaitzeko eta bake iraunkor bat sortzeko azken ituna?». Galdera horri erantzutera deituak daude 34 milioi kolonbiar. Inkesten arabera, baiezkoak irabaziko du, baina emaitzari baino arreta handiagoa jarriko zaio segur aski parte-hartze datuari; garaipen nabarmena behar du baiezkoak, eta parte hartze handia, eskuin muturraren propaganda isilarazteko eta prozesua deuseztatzeko saialdiak gerarazteko.

Historian, parte hartze politikoa apala izan da Kolonbian. 1991. urtetik %50 inguruan ibili da hauteskundeetan. Horregatik, ituna berretsi ahal izateko, parte hartzearen langa jaitsi dute: boto-emaileen %13k, alegia, 4,3 milioi pertsonak parte hartu beharko dute gaurko plebiszituan.

Galdeketaren emaitza ez da bete beharrekoa. Hau da: botere betearazleabehartzen du, baina ez legegilea. Kongresuak lege bihurtu behar duenez Habanan sinatutakoa, galdeketak ez dio eragiten berez. Edonola ere, berebiziko garrantzia du, baiezkoak irabazi ezean FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadak eta gobernuak adostu duten itunaren zilegitasunak kolpe gogorra jasoko bailuke. Porrot politiko nabarmena litzateke Juan Manuel Santos presidentearen gobernuarentzat. Baitabaiezkoaren kanpaina defendatu duten alderdientzat ere. Zentro Demokratikoko eta Alderdi Kontserbadoreko politikari batzuek ez eze, gainerakoek bat egin dute Kolonbiako bake prozesuarekin.

Ostiraletik ezin da inkestarik kaleratu Kolonbian, baina aurretik egindakoek %55 inguruko babesa eman diote baiezkoari. Landa eremuan galdeketa erraz irabaztea espero da; ez, ordea, hirietan. Izan ere, gatazka luzea izan arren, ez ditu eremu guztiak berdin astindu. Batez ere nekazariek sufritu dute gerra egunerokoan, eta, hirietan erasoak eta borrokak izan diren arren, urrunagotik sentitu dituzte gatazkaren ondorioak.

Hiriak eta landa eremua

Baiezkoaren kanpainarentzako hauspo handia izan da herenegun Eliza katolikoko buruzagi Frantzisko I.ak egindako adierazpena:«Santosek dena arriskatu du bakearengatik, baina beste aldeak dena egin du gerran jarraitzeko, eta gerrarekin daudenek arima urratzen dute». Hitzok entzunda, mugimendu sozialetako kide askok arnasa hartu dute, Kolonbiaren gisako gizarte katoliko batean eragin handia izan baitezake. Akordioa «blindatuta» dagoenean herrialdea bisitatuko duela hitzeman du aita santuak. Kolonbiako Eliza katolikoak ez du jarrera argirik hartu plebiszituaren inguruan.

Azken egunetan, alde batekoen zein bestekoen kanpainak saiatu dira abstentzionisten eta zalantzatien bozak irabazten. Gizarte mugimenduek kanpaina koloretsua egin dute baiezkoaren alde. Bogotako unibertsitateetako ikasleak Kazetarien plazan bildu dira azken hilabeteetan, ostiralero. Jakitun dira itunak batez ere hurrengo belaunaldiei eragingo diela, indarkeria nabarmen apalduko delako eta gizarte baketsuago batean bizitzeko aukera emango dielako. Eta gogotsu daude haiek ere herrialdearen etorkizunean parte hartzeko. «Ez dugu nahi herrialdeari eragiten dioten erabaki garrantzitsu guztiak politikariek hartzea», adierazi du Alejandro Franco ikasleen bozeramaileak. Habanako prozesuari gertutik erreparatu diote ikasleek, eta, ituna xehe-xehe irakurri eta aztertu ondoren, hari buruz eztabaidatu dute taldean. «Baditu alde txarrak, baina, oro har, onurak kalteak baino askoz handiagoak dira».

Bandera zuriak

Euri zaparradari muzin eginez, Bogotako unibertsitateetatik ikasle taldeak iritsiz joan dira Kazetarien plazara. Bandera zurien martxa deitu diote ekitaldiari, halako banderekin bakea eta etorkizuna irudikatu nahi izan dituztelako. Baina beste bandera asko ere egon dira, eta musikaren erritmoan mugitu dituzte. Unibertsitate guztiak iristerako, plaza bete da.

Politikarien kanpainatik ahal bezainbeste urruntzen saiatu dira. «Baiezkoaren aldeko botoa ez da Santosen aldekoa», dio Gabrielak. Andeetako Unibertsitateko ikaslea da. Bogopaz boluntario taldeko kidea da, eta galdeketan parte hartzea sustatzea dute helburu. «Baiezkoa baldin bada, hobe, baina garrantzitsuena parte hartzea da. Gutxiengo batek ezin du herrialde baten patua erabaki». Kolonbia aro berri baten atarian dagoela dio ikasleak, eta aldaketa horretan eragin nahi du. «Historia egiten ari gara. Une hau itxaroten egon gara». Eskuin muturraren diskurtso gerrazaleari argumentuekin aurre egin behar zaiolakoan dago. «Bai, egia da desmobilizatuek dirua jasoko dutela. Aurretik desmobilizatutakoek ere jaso zuten. Zera hartu behar da kontuan: zenbat diru emango zaien, eta zenbateko kostua duen gerrari eusteak».

Gerrillatik gizarte zibilera jauzi egiteko, diru laguntzak jasoko dituzte FARCeko kideek. Negozio bat edo etxe bat erosi nahi badute, zortzi milioi peso kolonbiar jasoko ditu bakoitzak (2.500 euro inguru). Sei hilabetez behin-behineko eremuen desmobilizazioaren ostean, 620.000 peso jasoko dituzte hilean (190 euro), bi urtez. Epe hori amaitzean, bi milioi peso jasoko dituzte (620 euro). Armadak adierazi duenez, FARCek desmobilizaziorako helarazi dion txostenaren arabera, 5.765 gerrillari dira joatekoak hasiera batean kontzentrazio eremuetara.

Zentro Demokratikoak, Alvaro Uribe presidente ohiaren alderdiak, argudio sinple baina eraginkorrak erabili ditu; pentsioarena,esaterako. Kolonbian handiak dira desberdintasun sozioekonomikoak, eta langileek eta langabeek erraz barneratu dituzte argudio horiek.

Baiezkoaren aldeko kanpainako ikasleen suhartasunak ez ditu herritar guztiak kutsatu. «Ezezkoaren alde bozkatuko dut. Paramilitarrak desmobilizatu ziren, baina ez denak, eta oraindik arazoak sortzen dituzte. FARCekin gauza bera gertatuko da», dio Luis Ignaciok. Tailer batean egiten du lan. «Nork ordainduko du FARCen desmobilizazioa? Betikoek: langileek. Zergak igo, eta aurrekontutik hezkuntzari eta osasunari kenduko diete». Zalantzatiak ere badira kalean. Orlando: «Ez dakit zer boto emango dudan. Baiezkoaren alde egiten badut, FARCen eskuetan utziko dut herrialdea. Eta, bestela, bakearen kontra nago».

Zentro Demokratikoak dioenez, ez dago bakearen aurka, itunaren aurka baizik. Everth Bustamante alderdi horretako senataria da. M-19 gerrillako kidea izan zen, baina, desmobilizatu, eta politikan sartu zen. FARCi pribilegio gehiegi eman dizkiotela uste du. «Gure kasuan, justizia ez zen saldu, eta konstituzioaren arabera egin genuen desmobilizazioa». Ez zaio gustatzen gobernuak prestaturiko galdera, «lerratua» dagoelakoan. «Ni bake iraunkor baten alde nago, baina ez akordioaren alde». Ez zaio bidezkoa iruditu kanpaina. «Alde batek zein besteak eduki duten laguntza eta telebistako espazioa desberdina izan da». Plebiszitua baiezkoak irabazteko bideratua dagoela salatu du. «Erroldan jendea ezabatu dute, konstituzioak agintzen duen %51eko parte hartzea jaitsi dute, gobernuak dirutza gastatu du propagandan...». Emaitzak ongi aztertu beharko dira, Bustamanteren esanetan. «Aldea txikia bada, berrikusi egin beharko dugu ituna».

Hector Javier Galindo ikasleek antolatutako ekitaldira joan da, baina «herritar» gisa. Alderdi Liberaleko departamentuko idazkaria da. «Aukera bakarra dugu bakea lortzeko. Ez dugu besterik izango». Bogotan zaila ikusten du baiezkoak irabaztea. «Eskualdeetan bai, baina hemen gertuago dago ezezkoa».

Kanpaina erasokorra

Zentro Demokratikoaren estrategia gaitzetsi du Galindok. Irratian iragarki oso erasokorrak egin ditu Uribek, salatuz Rodrigo Londoño Echeverri Timochenko FARCeko burua egingo duela presidente itunak. «Uribe eta [Andres] Pastrana presidente ohiak saiatu ziren bakea negoziatzen, baina huts egin zuten».

Nelson Linares kexu da hedabideek presidente ohiari ematen dioten lekuaz. Polo Demokratiko Alternatiboko Bogotako arduraduna da. «Beldur dira, galdeketan eskuin muturra txikituta geratuko delako». Baikorra da Linares. Haren ustetan, hamabi milioi boto-emailek bozkatuko dute gaur, eta horietatik bederatzik baiezkoaren alde egingo dute. «Timochenkok barkamena eskatu izanak asko lagunduko du. Pena da gobernuak gauza bera ez egin izana sarraskiengatik». Linaresentzat, normala da ohiko bozetan baino parte hartze txikiagoa izatea. «Orain ez dute dirua eskaintzen botoaren truke. Kolonbiako herritarrak oso despolitizatuta daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.