Durangoko 51. Azoka. Ikasleen Eguna

Transmisioa, norabide kontua

Ikasleek bete dituzte Durangoko Azokako guneak, lehen egunean. Haientzako kontzertua eman du Pettik, euskal kantagintza errepasatuz. Transmisioari jarri dio arreta Saguganbara guneak

Eskolan prestatutako galdetegiak eskuetan ibili ziren ikasleak erakusmahaitik erakusmahaira. Lepo bete zuten Durangoko Azoka goizeko lehen orduetan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Durango
2016ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Oholtza gainera atera gabe dago oraindik Petti, baina hasiak dira halere ikasleak Durangoko Plateruena antzokia betetzen. Lurrean jartzea erabaki dute batzuek: parean dute oholtza handia, baina soinu mahaiari begira esertzea erabaki dute halere. DJren bat edo beste ikustea espero dute nonbait. Teknikarietako batek esan behar izan die buelta emateko, kontzertua ikusi nahi badute. Eta buelta orduan denek, lurretik mugitu gabe.

Izan liteke Durangoko Azokako anekdoten antologiarako bat gehiago, baina badu pasadizoak sakonean bestelako hausnarketarik. Kode kontua da: zeintzuk diren batzuen eta besteen erreferenteak. Zergatik jartzen zaion begira gazte bat soinu mahai bati, parean duenean agertoki handi eta argiztatua. Edo zer espero duen batek musika emanaldi batera doala esaten diotenean, eta zer espero duen besteak. Badago talka belaunaldi artean.

Durangoko Azokako edozein egun izan daiteke horren erakusgarri, baina ikasleen egunak ematen ditu batez ere halakoak. Atzo zabaldu zuten Durangoko Azoka, 10:30ean puntuan, Karrika antzerki taldearen emanaldi txiki batek lagunduta. Eta segidan, ikasle uholde bat, umeak eta gaztetxoak. Pasabideen artean barreiatu da orduan olatua, eta bete du Landakoko azken txokoa ere. Badago zer ikusia: 246 erakusmahai jarri dituzte sortzaile, argitaletxe eta diskoetxeek, eta 349 nobedade aurkitu daitezke azokan. Asteartera arte iraungo du eskaintzak. Zabalik da euskal kulturaren plaza nagusia.

Azkenean, ikasleak hari begira dituela abiatu du Pettik bere emanaldia. Kontzertu laburra prestatu du, baina josi ditu saio berean Ruper Ordorikaren, Benito Lertxundiren eta Mikel Laboaren kantak, besteak beste. Abesti klasikoen bertsio «indartsuagoak» prestatzen saiatu da halere, parean dituen gazteekin konektatzeko. Helburua, azken batean, euskal kantagintzaren errepasoa egitea da, eta huraxe transmititzea. Orain pare bat urte jarri zuten martxan egitasmoa, eta,Eneko Barberena Plateruenako arduradunaren arabera, badu zentzu bikoitz bat: «Ikasleekin transmisioa egiten dugu, baina ez bakarrik egileena. Askorentzat,lehenengo kontzertua da areto batean, eta aurpegian nabaritzen zaie. Agian jaietan-eta ikusi dute kontzerturen bat edo beste, baina askorentzat areto batean, soinu mahaiarekin, agertoki handiarekin eta zutik ikusitako lehenengo kontzertuetako bat izan da. Eta esperientzia aberasgarria da haientzat».

Ate nagusitik atera dira ikasleak Plateruenatik, kontzertua bukatutakoan. Pareko eraikinean dago Saguganbara euskal kulturaren transmisiorako gunea. Umeen txokoa deitu ohi dio askok horri, baina Itsaso Gangoitia guneko arduradunarentzat ez da egokia izendapena. «Familiarentzako gunea» hobesten du berak. Eta ez da hiztegi kapritxo bat; badu bere zentzua: «Transmisioa ez da bakarrik egiten nagusitik umera, izan daiteke umetik heldura, edo berdinetik berdinera egiten dena». Hain justu, norabide askotako transmisioa aldarrikatu nahi du Saguganbarak; eta nabarmendu nahi du haurrek emateko dutena ere: «Badute beste ikuspegi zabal bat, beste sormen bat, eta guk asko ikas dezakegu haiengandik».

Xede horrekin antolatu dute aurten Talentuen plaza egitasmoa, Saguganbara barruan. Umeek osatutako ikus-entzunezko piezak, antzezlanak eta bestelakoak egongo dira han ikusgai. Umeak oholtzan, eta gainerakoak begira. Hori ere bada transmisioa.

Publiko guztientzako gunea da, beraz, Saguganbara, baina egia da, halaber, umeak direla hango protagonista. Eta alde horretatik, guneak funtzio bat betetzen duela uste du Gangoitiak: «Helburua da haiek [umeek] pentsatzea: 'Durangoko Azoka guretzat ere bada'».

Halere, etorkizunean, logika hori gainerako guneetara zabaltzea ere nahiko luke Saguganbarako arduradunak. Egoki egitea azoka, denentzat. Adibide bat: erakusmahaiak. «Zer altura dute erakusmahaiek? Ume batek ba al du aukerarik liburu bat hartu eta ikusteko?». Erantzunik behar ez duen galdera horietako bat.

Argazkiari buelta ematea

Eskoletatik bidalitako galdetegiak eskuetan dabiltza ikasleak erakusmahaitik erakusmahaira. Liburuak eta diskoak gehiegi begiratu gabe egiten dituzte galderak, erantzunak jaso, eta hurrengora. Masan dabiltza handik hona, masiboa da gazteen presentzia euskal kulturaren plazan. Eta tentazioa dakar horrek, neurri handiko kalkuluak ere egiteko, eta dimentsio horretan aztertzeko fenomeno horren ondorioak. Fernando Morillok, ordea, saihestu nahi ditu transmisioari buruzko «galdera potoloak». Ikasleekin literatur tailer bat egitetik atera berri da, eta bete du, bere txikian, aretoa. Eskala horretan jarri nahi du fokua: «Txikitik nahikoa dut, ikusten dut irakurle askorengana iristen naizela, eta, niretzat, hori da transmisioa. Joango gara sustraitxoak elikatzen. Balio dute? Bai. Ez dakit nola, ez dut pentsatu nahi perspektiba handietan, baina badakit txikian lan asko egiten dela hemen».

Zurrunbilotik aparte, ume talde batek inguratuta dago Yolanda Arrieta idazlea, Landako barruko areto nagusian. Borobilean eserita daude denak, lurrean, eta liburu bat darabilte eskutik eskura. Saioa bukatu, eta aretoa hustutakoan hartu du hausnarketarako tartea. Badu kezka bat transmisioaz ari denean: erakartzen dira gazteak kulturara, eta ematen zaie zer jana, baina «zerk elikatu dituen» jakitea falta da. Digeritzea jandako hori, eta hausnartzea, zerk bete dituen. «Jan eta gero onerako geratzen den hori da jakituria. Egin egin behar da, eta jaten eman behar da, baina jatea eta elikatzea ez da gauza bera». Eta azken horretan gogoeta falta dela uste du.

Durangoko Azokako ikasleen eguna, edonola, 2016ko Euskal Herriko gazteriaren argazki bat dela uste du Arrietak.Arretaz behatzen ditu hark bueltaka dabiltzan gazteak, selfie-ak egiten dituztenak, komunera doazenak prestatzeko. Entzuten ditu haien elkarrizketak eta komentarioak. Eta horregatik dio, «begiak eta belarriak zabalik» edukiz gero, «azterketa antropologikoa» egin litekeela eszenarekin.

Leiho bat zabaltzen duDurangoko Azokak bere lehen egunean, ikasleek euskal kulturaren argazkia ikus dezaten, egun batez behintzat. Baina badagoargazkiari buelta ematea, euskal kulturak gazte horiek ikus ditzan. «Uste dut behatu behar dugula, ikusteko norentzat ari garen,eta non». Norabidean dagokontua, berriz ere: soinu teknikarien mahaitik ere irits liteke ikuskizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.