UDAKO SERIEA Euskal Herriko hiriburuak (IV). Baiona.

Baiona, ttipian handi

Txokolatezko gutiziak, urdaiazpikoa eta besta zuri-gorria baino gehiago du Lapurdiko hiriburuak. Euskaltzaleak Baiona Ttipian du aterpea.

Baiona, ttipian handi.
garbine ubeda goikoetxea
Baiona
2017ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Lapurdiko hiriburuan toki askok dute xarma; gutxik, ordea, Baiona Ttipiak duen erakarpen indarrik. Haren magnetismoak oharkabean harrapatzen ditu bisitariak, eta gehienetan ahozabalik uzten, Baiona Handian antolatzen diren animazioak eta dendak aurkituko ez badituzte ere. Halako kontuez askotxo daki Elkar dendako arduradun Lorentxa Saraguetak, askotan sartzen baitzaizkio informazio eske, lurralde ezezagun baten deskubrimendua egin nahi duena nola. «Turistak izan edo Hego Euskal Herriko bisitariak, hemengo berri galdetzen digutelarik Kalostrapera igortzen ditugu. Baita Euskal Museora ere». Ezinbesteko eta saihetsezinak zaizkio bi tokiok, eta halaxe aipatzen ditu. Gustuko du turismo bulegoarena egitea, bere eginkizuna ez bada ere.

«Tokiak sorgindu izan balu bezala». Halaxe sentitu zen Dominique Lenfant dit Laffitte ere, Baiona Ttipiko bazterrak ezagutu zituenean. Paue aldetik heldu zen Euskal Herrira, aspaldi, eta hark dioen gisan, «mendian behera eginez, Baionan behin betiko gelditzeko»; aurretik Itsasun, Kanbon eta Uztaritzen bizi izan baitzen. Sendagile izana, erretreta hartua du egun, eta ia goizero heldu ohi da Des Lisses karrikaren muturreko plazatxora, autobusa hartuta, adiskideekin elkartzeko ingururik egokiena izaki. Kafetxo bat edo bi hartuko ditu han, aukeran Les Pyrenees ostatuan, kalakan eta lasai. Betarik galdu gabe erantzun dio galderari: «Nire tokirik kutunena Baiona Ttipia da, bere osoan, herrixka baten antzekoa baita, jendeari ongietorri goxoa ematen badakiena». Eta kuttunetan kuttunena, ostatu hori bera, nahiz eta gertuko beste zenbait (tartean Xamai eta Cafe Salud) ere atsegin dituen.

Les Pyrenees, edo Chez Xina, euskaldun ugarik gomendatu ohi duen txokoa da. Dominique Lenfant dit Laffitteri bezala, Zizpa gaztetxeko kide Lili Iriarti ere ostatu horixe bera datorkio gogora, giro atseginaren bila dabilelarik, «han jende ezaguna atzematen delako, usu». Beste horrenbeste gertatu ohi zaio Lorentxa Saraguetari ere. Les Pyrenees lantokitik metro eskasera du, eta sarri hartu ohi du harako bidea. Baina Baiona Handiak ere badu taberna xarmagarririk harentzat, esate baterako, Bar du Marche , merkatutik gertu. Ostatu horrek esanahi berezia du Saraguetarentzat, oroitzapen zoragarriak pizten dizkio: «AEKn ikasle nintzelarik, astean bitan edo joaten ginen hara, pausa garaian, kafea hartuz nagusiekin mintza praktika egitera». Han sartzea, denboran atzera egitea bezalatsu izan liteke: egurrezko barra, argazki zaharrak, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako afixak hormetan… Eguarteko pausaleku ederra ez ezik, jatetxe estimatua ere bada, apairuan mukuru betetzen baitira barneko mahaiak nahiz terraza, hain zuzen, «jaki biziki onak prestatzen dituztelako», Saraguetaren aburuz: urdaiazpiko, xingar, arrautzopil eta beste, «denak hemengo gauzak». Begiz joa duen bigarren ostatua, Le Belzunce, bertatik bertara dago. Zinez berezia da, XI. mendeko eraikineko behealdean ezarria,jabeek berek eraberritu eta dekoratua. Toki berean hiru giro aparteko batzen ditu ostatuak. Sarrerako gelak, bazterrean sofa bat duela, te saloiaren antza du. Barrurago, lauzpabost eskaileratan gora eginda, jangela handia dago, vintage estiloan apaindua. Hortik aurrera eginda, patiotxo estali bat du eraikinak. Hantxe, goiko estaietara doazen eskailera dotoreak eta barne leihoak agerian dituela, zenbait mahai paratzen dituzte, giro goxo eta diskretua nahiago dutenentzat. «Hemen etxean bezala sentitzen zara», dio Lorentxa Saraguetak, «eta ez da garestia».

Intxixu Aizpurua eta Virginie Dumontek familia planetara moldatu dituzte bizi ohiturak. Umezaina lehena, erizaina bigarrena, hiru haur txiki dituzte elkarrekin, eta egunerokotasunetik apur bat urrundu nahi dutenean, auzoa utzi (Baiona iparraldean bizi dira) eta La Bolee talotegira jo ohi dute. Katedralaren aldamenean kokatua, Espainia karrikan gora eta behera osteratxo bat eginda joan ohi dira hara gosea berdintzera, haien ustez, «kreperik onenak egiten dituztelako». Udan, batez ere agorrilean, egun eguzkitsuak hautatzen dituzte, «hondartzarako giro denean, errazago delako Baiona Handian barrena ibiltzea, jende gutxiago biltzen baita».

Lili Iriartek Sushi Ato Bio jatetxea du okasio berezien jomuga, Baiona Ttipian. Sukaldaritza japoniarra maite duenarentzat toki aparta dela uste du, «kalitatezko produktuak mahairatzen dituztelako, ezin freskoagoak, gehienak biologikoak eta tokikoak. Alta, sakela bero behar da».

Lasaitasun bila

Hiriak bestelako aukerarik ere eman behar du, ordea, zintzurra bustitzeaz eta sabela betetzeaz gainera, eta Baionak badu zer eskainia, baita bisitariek hiri barne osoa leporaino hartua dutela dirudienean ere. Lorentxa Saraguetak unibertsitateko campusa hautatu ohi du sarri, turistak ez baitira hara erraz heltzen: «Eguerdiko pausan bizpahiru lagun joaten gara piknik egitera». Irakurtzeko edo egonean egoteko patxada behar duenean, berriz, harresietara jotzen du, eta bestela, La Poterne parkera, Lili Iriartek bezala.

Aizpuruaren eta Dumonten seme-alaba zaharrenek ere oso gogoko dute La Poterne, batez ere zelaiak eta jolastoki onak dituelako haientzat. «Udako jendetzak ez dizkigu ohiturak aldarazten», dio Virginie Dumontek, baina ordutegiak moldatu egiten dituzte: «Turistak ez dabiltzanean joaten gara gu, hau da, goizean edo ilunabarrean, haiek hoteletara eta kanpinetara itzultzen direnean».

Baiona aldeko biztanleentzat aski estimatuak dira, bestalde, bi ibai nagusien ertzak. Oinez nahiz bizikletaz, Angeluko hondartzetaraino hel daiteke Aturri bazterretik jarraituz, eta Errobi ibaiaren hegaletik, berriz, ia Uztaritzeraino. Baterako zein besterako, udalak urririk alokatzen dituen bizikletak balia daitezke, gainera. Bide horiexek sarritan egin ohi ditu Aizpurua-Dumont familiak, batik bat itsasalderantz doana, «haurren aisialdirako pizgarri asko dagoelako, besteak beste, «Xibertako basoa, hango parkeak, jolastokiak eta bidezidorrak».

Lola Garcia militante feminista Aturri ibaiaren bestaldean hazia da, San Izpiritun hain zuzen, eta maitasun berezia dio auzoari. «Urte luzetan lokartuta egon da, baina berpiztu egin da, tokiko biztanleen esku hartzeari esker», azaldu du Garciak. Auzoko gune zehatz bat aipatzekotan, Santa Katalina karrika nabarmendu du: «Oinezkoei emana da egun, ez da autorik pasatzen eta familiak libre pasea daitezke, haurren kezkarik gabe». Ekimen aski berriak ere jarri dituzte martxan: «Landareak eta barazkiak ekarri dituzte eta karrikan pusarazten dituzte». Gainera badira ostatu, jatetxe eta denda ttipiak, eta eguraldia lagun denean, jendea terrazetan elkartzen da. «Biziki goxoa da giroa», Garciaren aburuz. Turistarik gutxi heltzen da inguru horietara, eta udan ostegunero antolatzen dituzten animazioak, kontzertu, azoka nahiz kantaldiak, auzokideen gozamenerako izan ohi dira orobat.

Baina Lola Garciari ere saihetsezina zaio Baiona Ttipia. Hangorajo ohi du maiz, Mami Txula izenekora, justuki, Etxean Bezala taldeak kudeatua. Lagun bat du hango bazkide, baina ostatura libre sartzeko aukerarik ere bada, eta «kalakarako edo auzoko berri jasotzeko» toki bikaina da, Garciaren ustez;«badira sofa ederrak eta musika ona, eta bisitariei harrera aski ona ematen zaie». Hango materialak eta altzariak errekuperatuak dira denak, eta kideei aktibitate ugari proposatzen zaie irailetik aurrera, nagusiki hitzaldi, ikastaro eta tailerrak, esate baterako, josteko eta trikotatzeko ikastaroak. «Antzerki saioak, kontzertuak eta gaualdiak ere, sarri askotan egin ohi dituzte». Jarduera alternatiboa da beraz, erakarpenik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.