Indarkeria matxista. Marta Dolado. Abokatua

«Ez dago aske uzteko inolako arrazoirik; epaiak ez du zentzurik»

Doladok nabarmendu du behin-behineko askatasuna epaiketa hasi aurreko tartean soilik ematen dela, «susmoetan» oinarritzen baita, eta gogorarazi du frogatutako gertaerak badaudela kasu honetan.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ahoan bilorik gabe hitz egin du Marta Dolado abokatuak Iruñeko erasotzaileak behin-behinean aske uztearen inguruan. Zigor arloan aditua da Dolado, eta oso kritiko azaldu da aske uztearen alde hitz egin duten adituekin: «Ez ditut kontrakoa iritzi dioten adituak ulertzen». Ohartarazi du «zentzurik» ez dutela epaimahaiak aurkeztutako argudioek. Gogora ekarri du epaimahaiko presidenteak boto partikularra eman duela. «Argi dago epaia eztabaidagarria dela, erabat».

Epaia irmoa ez izan arren, ohikoa da behin-behinean aske uzteko erabakia?

Ez, ez da ohikoa; erabat ezohikoa da. Nik ez dut inoiz halako kasurik izan, bederen. Inguruko lankideei ere galdetu diet, eta haiei ere inoiz ez zaie halakorik gertatu. Behin-behineko askatasuna ahozko epaiketa hasi baino lehen ematen da beti, susmoetan oinarritzen baita. Baina, kasu honetan ez dago susmorik: frogatutako gertaerak daude. Bederatzi urteko zigor bat ezarri diete ondorioz. Horrez gain, akusatuen defentsak izan ezik, beste alde guztiek zigor gogorragoak galdegin dituzte. Beraz, oso eztabaidagarria da behin-behinean aske uztea.

Esan beharra dago, halaber, lehenengo epai haren aurkako boto partikularra eman zuen epailea dela epai honen egilea: Ricardo Gonzalez Gonzalez, alegia. Datu hori kontua hartuz gero, logikoa da epaiaren edukia.

Uler daiteke erabaki hau aurreko sententziarik gabe?

Argi dago sententziaren aurka zegoen batek egina dela erabaki hau; bestela ez dago ulertzerik. Erabaki honek ez du zerikusirik aurreko sententziarekin.

Ostegunean jakinarazi zuten autoa, baina ez zieten alde guztiei jakinarazi. Ohikoa da jarduteko modu hori?

Ez, ez da ohikoa. Erabakiak ekainaren 25eko data du, gainera. Argi dago filtrazio bat egon dela.

Epaimahaiaren arabera, ez dago erasotzaileek ihes egiteko arriskurik. Kontrakoa uste zuten aurretik, ordea. Zertan oinarritu daiteke hori?

Hori galdetzen diot neure buruari. Ihes egiteko arriskua handiagoa da orain, nire ustez, eta hala dio epaimahaiaren presidenteak ere. Bederatzi urteko zigorra ezarri zaie, baina gehiago ere izan daitezke oraindik. Horrez gain, 6.000 euroko bermeak jarri dizkiete: barregarria da. Ez dira biktima aintzat hartzen ari. Biktimaren eskubide juridikoen aurkako eraso bat da. Akusatuetako batek eskutitz ireki bat idatzi zion biktimari kartzelatik, sare sozialetan ere sekulakoak esan dituzte haren aurka... Haren eskubide juridikoak, hau da, segurtasuna eta askatasuna, salbu egoteko eskubidea du biktimak. Hala dio legeak ere.

Erasotzaileak behin-behinean aske uzteak emakumea bi aldiz biktima izateko arriskua areagotu dezakeela uste duzu?

Noski. Ez zioten sinesten aurrena, eta ez dute aintzat hartzen orain. Eskutitza idatzi diote kartzelatik, haren datu pertsonalak sare sozialetan zabaldu dituzte, familia iraindu dute... Hori guztia gertatu da, eta, gainera, epaiak dio orain erasotzaileak ezingo direla Madrilera hurbildu. Horrek zer esan nahi du, emakumeak ezin duela Madrildik atera? Benetan? Epaiak ez du zentzurik. Legeak aukera ematen du behin-behineko espetxealdia luzatzeko. Ez dago inolako arrazoirik aske uzteko, ez baita beste epaiketarik egongo. Magistratu batzuek epaiari jarritako helegiteak aztertuko dituzte, besterik ez.

Anonimotasuna galdu dutela ere argudiatu dute, eta, beraz, berriz erasotzeko aukera «pentsaezina» dela iritzi diote. Argudio juridiko egokia da hori?

Ez da argudio juridiko bat, nire ustez: estralurtarra da erabat. Zerbait esatearren jarri dutela esango nuke. Autoak ez du zentzurik, sententzia ez du behin ere kontuan hartzen.

Bost erasotzaileetatik lau beste sexu eraso baten erantzule diren ikertzen dabiltza auzitegiak. Datu hori ez da kontuan hartzen? Badago komunikaziorik auzitegien artean?

Bai, noski, badago komunikaziorik. Baina hori bakarrik ez, beste kasuaz ere hitz egiten du epaiak. Ez zuen zertan ezer esan horren inguruan, ez zuen zertan kontuan hartu, baina hitz egiten du; zantzu gehiegi ez daudela dio magistratuak. Ez du ez hanka ez bururik honek denak.

Zenbateko eragina izan dezake gizartearen iritziak erabaki juridiko batean?

Ez luke izan behar. Baina badirudi, gainera, kontrara eragin duela kasu honetan. Epaiketa bat izateko zorian daudenak soilik uzten dira aske, eta hemen epaiketa bat izan da dagoeneko. Zer esan nahi du epai honek, absolbitu egingo dituztela? Ez dakit, egia esan. Halere, alarma soziala garai batean aintzat hartzen zen baldintzetako bat zen. Kasu honetan izango zukeen eraginik. Egun ez da existitzen, ordea.

Aurreneko epai hark Zigor Kodea berritzeko eskaria azaleratu zuen. Zuk ere berritu beharra ikusten duzu?

Zigor Kodea ez dago aldatu beharrik. Irizpide jakin batzuen arabera eta zentzuz jokatu behar du justiziak. Genero irizpideez jardutea ere ez dut eskatzen: sen onez joka dezala. Eta horretarako nahikoa litzateke Zigor Kodea eta Prozedura Kriminalaren legea behar bezala interpretatzea. Ez dut uste zigorrak gogortu behar direnik, daudenak aplikatu behar dira. Zertarako balio du zigorrak gogortzeak, aplikatzen ez badira eta ez bazaie biktimei sinesten? Alferrikakoa da bestela.

Duda sortu zen sexu abusuaren eta erasoaren arteko aldeaz...

Sinestezina da niretzat, aditu gisa, erasoa bortxaketatzat hartu ez izana. Bortxa egon da; beraz, bortxaketa da. Halere, badirudi abokatuok eta juristok dioguna ezin dela ezbaian jarri. Eta ez ditugu aintzat hartzen psikologoek edota sexologoek diotena. Esate baterako: zein arrazoi du erasoaren uneko «blokeo» horrek? Zein esanahi du? Errealitatetik aldentzen da guztia, erabat; zentzugabea da dena.

Epaileak genero gaietan trebatzea ere galdegin dute...

Epaileek ez dute genero gaietan inolako trebakuntzarik izaten. Jasotzen duten apurra, behin oposizioak gaindituta, eskola judizialean ematen duten urtean egiten dute. Baina genero indarkeria transbertsala da, gizarteko hainbat arlo inplikatzen ditu. Beraz, formakuntzak askoz zabalagoa behar luke izan.

Nolanahi ere, Gonzalez epaileari hainbat modutan azalduta ere, ez du inoiz ulertuko inguruko bati gertatu arte. Ezagutzen dut, urte asko eman zituen hemen, Bilbon.

Beraz, zure ustez, sistema judiziala bere osotasunean berritu beharko litzateke?

Noski. Epaile berriak behar dira. Sentsibilitate berriei zabaldu behar zaie sistema; emakumeei, hasteko. Emakumeak egon badaude, baina ez ardura postuetan. Eta egon ezean, mozkortuta dagoen neska gazte bat bost gizonek bortxatzea ahalbidetuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.