Udal eta foru hauteskundeak. Elkarrizketa. Maddalen Iriarte. EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungaia

«Eskua luzatuta daukagu edozeinekin akordioak egiteko»

EH Bilduren hautagaiak gobernatzea du helburu, eta horretarako akordioak egiteko prest dago, arlo nazionalari zein ezkerreko ardatzari erreparatuta. Helburutzat du trantsizio garai honi erantzun bat ematea.

JON URBE / FOKU.
Iosu Alberdi.
Donostia
2023ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Azken urteetan EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eledun izan ostean, koalizioak Maddalen Iriarte (Donostia, 1963) hautatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundia bereganatzen saiatzeko. Ardatz nazionala zein ezkerrekoa jorratzeko prest da Iriarte, betiere «jendearen bizitza hobetzea» bada helburua.

Eusko Legebiltzarretik zatoz. Bertan eztabaidagai izan da erreforma fiskal baten beharra, baina ez duzue lortu aldaketak egiteko akordiorik.

Sei urte pasatu ditut esanez iritsi dela fiskalitatearen inguruan azterketa eta hausnarketa sakon bat egiteko ordua, iruditzen zaigulako ditugun erronken aurrean ezin dugula jarraitu fiskalitatearen inguruan txaplatak jartzen. Baina, prozesu honetan guztian, behin eta berriro eragileekin elkarrizketa publiko bat eskatu dugun bitartean, egin da akordio bat: Alderdi Popularrarekin. Orain, EAJ eta alderdi sozialista esaten hasi direnean fiskalitate justu eta progresiboago baterantz egin behar dugula, niri galderasortzen zait: ea zer esan nahi duten.

Nola egin daitezke urratsak?

Hainbat eraldaketa dauzkagu aurrez aurre, eskatuko digutenak estrategia oso bat marraztea. Estrategia hori marrazteko, eztabaida da lehenengo egin beharrekoa.

Eztabaida politikoan indar hartu duten gaietako bat da zaintza. Aldundiek eta udalek badituzte eskumenak.

Uste dugu zaintzek eraldaketa bat behar dutela. Behar dute duindu eta demokratizatu. Demokratizatzea da edozein pertsonak bere bizitzan zehar zaintza behar bat badu erreferente publiko bat izatea. Mataza asko daude askatzeko, eta inbertsio asko egin beharko dira. EH Bildu aitzindari izan da Usurbilen, Hernanin, Zestoan, Azpeitian. Nik, diputatu nagusi bezala, eredu horiek Gipuzkoa osora zabalduko ditut.

Duindu ere egin behar dira zaintzak, ezin dira merkantilizatu, ezin dira izan negozio egiteko. Oinarri-oinarrian, zaintza sistema publiko-komunitarioranzko bide bat egin behar dugu, eta doakotasuneranzko bide bat.

Herri akordioez hitz egiten den garaiotan, afera honek ere behar du bat?

Herri akordio bat eta lidergo konpartituak eskatzen ditu, nahi eta nahi ez. Besteak beste, gai honi ez diogulako erantzungo legealdi bakar batean. Udalak eta aldundia elkarlanean jarri beharrean daude. Gehiago esango nuke; ez dut uste gaur egun politika egin daitekeenik joan den mendean bezala. Gaur egun ditugun erronken aurrean, oso garrantzitsua izango da eragile politiko eta sozialek, herri honetako akademiak, zientziak eta unibertsitateek era kooperatiboan lan egitea. Eta ezinbestekoa iruditzen zait herritarrak protagonista izatea.

Kontseiluak azaroaren 4rako manifestazio batera deitu du, euskara eskakizunen kontrako «oldarraldi judiziala» salatzeko. Zer egin instituzioetatik?

Duela hilabete eta erdi, Urkullu lehendakariari, politika orokorreko bilkuran hainbat herri akordioproposatu zituenari, esan nion herri akordio bat behar zuela euskarak ere. Behar du herri akordio bat bizi duen oldarraldi honi aurre egin nahi diogunen artean.

Afera honek legedia aldatzea eskatzen du?

Lege aldaketa bat ez da gauza erraz bat, baina legeak egokitu behar dira errealitate eta egoera berrietara. Herri hau azken 40 urteetan asko aldatu da, eta bere egoera soziolinguistikoa ere bai. Orain, era baikorrean esan genezake jende gehiagok dakiela euskaraz. Baina, erronka bat daukagu erabilerarekin. Erronka bat daukagu, bestalde, Euskal Herrira bizitzera etortzen diren milaka pertsonekin. Jakin behar dugu nola helarazi euskara dela elkarbizitzarako elementu bat, gozatzeko eta kultura sakonki ezagutzeko elementu bat.

Hondakinena izan zen 2011-2015 legealdia markatu zuten gaietako bat. Gobernura iritsiz gero, nola helduko diozue?

Trantsizio ekologiko eta energetiko baten aurrean gaude, klima krisiak hala kokatu gaituelako. Politikan antizipazioa garrantzitsua da, baina gai honetan ez gara fin ibili. «Gara» esango dut, nahiz eta guri ez zaigun gobernatzea tokatu. Orain, martxan egin beharreko trantsizio bat daukagu, eta gauza askori begiratu beharko zaio: nola murriztu isuriak, nola birziklatu hobeto eta gehiago, nola sortu energia.

Zaborrak jasotzeko ereduak,diputazioari ez dagozkionak, berriz, finkatuta daude herrietan; batzuetan atez atekoa dute. Europaren onespena ere jaso dute, adibidez, Hernanik eta Usurbilek. Beste batzuetan bosgarren edukiontzia erabiltzen dute, bere garaian EH Bilduk eta PSE-EEk adostutakoa.

Koalizioaren zerrendak direla eta, ETA jarri dute kanpainan erdian, eta EH Bilduk egin du mugimendu bat.

Herri honetako bakearen eta elkarbizitzaren aldeko konpromiso osoa daukat. Osoa nuen EH Bildura etorri baino lehen, eta osoa daukat EH Bildun; eta EH Bilduk ere konpromiso osoa dauka. Asteartean ezagututako gutunaz egindako balorazioak bezala, Aieten [2021eko] urriaren 18an egindako adierazpenak hori adierazten du. Horrek ez dauka atzera-bueltarik.

Inkestek EAJren eta EH Bilduren arteko lehia estua aurreikusten dute. Zuek nola ikusten duzue?

Ikusten dugu oso giro ona dagoela gure inguruan, eta sinistuta gaude gero eta gehiago izango garela. Inkestak inkestak dira, eta lan asko egin behar dugu oraindik. Inguruan esateko gure proiektua dela Gipuzkoako soziologiari hobekien egokitzen zaiona: ezkerretik eta abertzaletasunetik datorren proiektu bat.

Hauteskundeak irabazteak ez dakar beti gobernatzea; akordioak behar izaten dira. EH Bilduk norekin egin nahi ditu?

EH Bilduk daki akordioak egin ditzakeela ezkerretik edo ardatz nazionalari dagozkionak. Eskua luzatuta daukagu edozeinekin akordioak egiteko, eta egin ditugu: Nafarroan, Eibarren eta Irunen, Gasteizko legebiltzarrean... Gauza bat daukagu argi: edukietan oinarritutako akordioak izango dira.

Aukerarik ikusten duzue EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa hautsi eta bestelako gobernu bat osatzeko?

Posible da beste mota bateko akordioak egitea, baldin eta edukiak lurralde honetako herritarren bizitzak hobetzeko badira. Gu hemen gaude prest, ardatz batean eta bestean.

Eider Mendoza edo zu. Ahaldun nagusia emakumea izango da.

Garrantzitsuena ez da emakumea izatea. Garrantzitsuena da nola gobernatzen den. Feminismotik eta emakumeek egindako borrokatik tiraka egin behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.