Iker Casanova. EH Bilduren Bizkaiko ahaldungai nagusia

«Sektore berriak erakartzeko gaitasuna erakusten ari gara»

Casanovak irizten dio Bizkaian instituzioak «EAJren gotorleku» bilakatu direla eta «jokamolde itxia eta iluna» dutela; uste du EH Bilduk gora egingo duela «botoetan, hautetsi kopuruan eta ehunekoetan».

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
Barakaldo
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
«Bizkaia ezagutzen nuela uste nuen, baina, orain, beste sakontasun batekin ari naiz berriro ezagutzen». Eusko Legebiltzarrean ia hamar urteko ibilbidea albo batera utzi du Iker Casanovak (Barakaldo, Bizkaia, 1972) EH Bilduren zerrendaburu izateko Bizkaiko Batzar Nagusietarako bozetan. Legebiltzarrean hartutako eskarmentua zeregin berrirako baliagarri izango zaiolakoan dago.

Duela lau urte, EH Bilduk 10.000 boto irabazi zituen Bizkaian, eta ehunekoetan ere gora egin zuen, baina batzarkide bat galdu zuen. Orain, zein da helburua?

Baikorrak gara, uste baitugu baditugula horretarako arrazoi objektibo eta subjektiboak. Azken urteotako joera goranzkoa da, eta inkesta guztiek detektatzen dute EH Bilduren hazkundea; alor subjektiboan, berriz, ikusten dugu gure oinarriak ilusio handia duela eta gureak ez diren sektoreekin ditugun kontaktuak oso emankorrak direla.

Zer da zuentzat emaitza ona lortzea?

Hiru neurgailu daude: hautetsiak, boto kopuruak eta ehunekoak. Hiru parametro horietan inoiz baino emaitza hobeak lortzea da helburua.

Aurrerapen hori nondik etor daiteke?

Alde askotatik hazteko aukera dugu. Alde batetik, gazteetatik: gaur egun EH Bildu lehenengo indarra da gazteen artean, eta boto emaile berriak erakarriko ditugu. Beste alde batetik, aurreko bozetan abstentziora jo duten sektoreetatik. Eta, azkenik, begien bistakoa da EAJ eta Elkarrekin Podemos mugakide ditugula eta badaudela batera zein bestera joan daitezkeen hautesle batzuk. Gure xedea da horiek gurera erakartzea, betiere bakoitzaren esparru propioa errespetatuta, batez ere EPren kasuan: ez da gure asmoa haiekin oldarkor jokatzea.

Esparru askotatik hazi gaitezke, eta hori normala da: EH Bilduk gehiengo izateko eta erakundeak kudeatzeko bokazioa du, eta horretarako beharrezkoa da heterogeneotasun puntu bat, gizarte heterogeneo eta askotariko batean.

Zein da, zuen ustez, herrialdearen diagnostikoa?

Garai batean Bizkaia Euskal Herriko motor ekonomikoa izan zen, eta, gaur egun, atzean geratzen ari gara, maila ekonomikoan, politikoan eta sozialean. Gobernantza ereduari dagokionez, EAJren ereduaren paradigma da Bizkaia: instituzioak EAJren gotorleku dira, jokamolde itxia eta iluna dute, eta lagunkeria eta ate birakariak ikusten ditugu.

Eta horren harira zer proposatzen duzue?

Lidergo ekonomikoa berreskuratzea, gure izaera industrialari eustea, eta 5.0 industriaren alde egitea, hau da, teknologikoki aurreratua den baina jendearen beharrak eta ingurumena aintzat hartzen dituen industriaren alde; Bizkaiaren sendotasun ekonomikoa berreskuratzea, eta bereziki garai batean industrializatuta zeuden eskualdeak eta orain adierazle ekonomikoetan atzean gelditu direnak sustatzea. Bestalde, uste dugu Bizkaian abangoardiako politika sozialak behar direla: mundua aldatzen ari da, Europan bertan gero eta politika ausartagoak egiten ari dira hirigintzan, eta hemen konformismoan eta inertzian murgilduta gaude.

Osakidetza eraisteko prozesu bat dagoela uste duzue?

Osakidetzan gertatzen ari dena EAJren kudeaketa ereduaren metafora bat da. Kudeaketa horrek eraman du garai batean ikono zena, osasungintza publikoa, arazo izatera. Publikoan ez da behar beste inbertitzen eta pribatua lehenesten da.

Metafora bat dela esan dut, bi arrazoirengatik: EAJren kudeaketa berdina delako beste arlo batzuetan, eta hor dugu Bizkaian zaintzarekin gertatzen ari dena; eta, bestalde, garai batean jendea harro zegoen Osakidetzaz, baina, orain, sumatzen hasi da gauzak ez direla kontatzen ziguten bezain politak, eta uste dut EAJrekin berdin gertatzen ari dela: Bizkaian haren hegemonia eztabaidaezina zela zirudien, baina poliki-poliki herritarrak hasi dira kudeaketa txarraren ondorioak pairatzen eta gauzak bestela ikusten.

Eta hegemonia hori arriskuan ikusten duzu? Inkestek ez dute hori adierazten.

Bizkaia osorik hartzen badugu, ikusiko dugu eremu zabal batean EAJ eta EH Bildu parekatuta daudela, eta, zenbait eskualdetan, EH Bildu aurretik doa. EAJk Bizkaian eta EAEn duen hegemoniak Bilboko hirigunean daukan abantaila du oinarri, hein handi batean. Egia da hor partida desorekatuta dagoela eta EAJk lortu duela alderdi estatalisten espazioa bereganatzea. Guk uste dugu EH Bilduren mezu eta politikek sarbide ona izan dezaketela Bizkaiko hiriguneetan.

EH Bilduk azken bolada honetan hartutako zenbait erabakiren inguruan desadostasunak agertu dira EH Bildutik gertukoak izan daitezkeen sektore batzuetan; Hezkuntza Legea da horren adibide bat. Beldur zarete horrek kosturik ekarriko ote duen bozetan?

Desadostasunak eta kritikak zilegitzat eta normaltzat hartzen ditugu. Normala da eztabaida egotea. Baina ez gaude bereziki kezkatuta. Sektore berriak erakartzeko gaitasuna erakusten ari gara, eta, bestalde, uste dut EH Bilduk erantzukizuna eta estatu zentzua erakutsi dituela; guretzat erosoago litzateke hezkuntzaren gainbeheraren harira beste alde batera begiratu eta kritika hutsean gelditzea. Eta berdin energia berriztagarrien aferan. Baina, gure ustez, gai horietan erabaki estrategikoak hartu behar dira, eta egoerak eskatzen digu gure konfort eremutik atera eta bustitzeko.

Aukerarik ikusten duzu EAJ-PSE itunari beste itun dinamika bat kontrajartzeko?

PSEk sekulako loturak ditu EAJrekin, eta ez bereziki ideologikoak. Harrigarria da EAEn Espainian baino baldintza hobeak egonda politika aurrerakoiak garatzeko PSEk horri galga jartzea EAJrekin duen aliantza edo menpekotasuna lehenesten duelako. Guk PSE mesfidantzaz ikusten dugu arrazoi historikoengatik, baina, denborak aurrera egin ahala, ezin da baztertu aliantza politikak aldatzea. Anomalia bat da Bizkaia ezkertiarra izanik eskuineko alderdi bat boterean betirako egotea; hori aldatzeko oztopo nagusia, gaur egun, batzuen menpekotasuna da.

Zer iruditzen zaizkizu hizkuntza eskakizunak zalantzan jartzen dituzten epaiak?

Ez da kasualitatea Espainiako eskuinak euskara jomugan jartzea, eta epaileek kanpaina horri oihartzuna ematea. Kezkagarria da eskuinak eta harekin bat egin duten zenbait sindikatuk eta alderdik oraindik pentsatzea euskaldunon eskubideak atzera bota daitezkeen kontzesioak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.