Zurekin Nafarroa koalizioko lehendakarigaia

Begoña Alfaro: «Zonifikazio sistemak huts egin du; erauzi beharra dago»

Indar aurrerazaleek «arnasa luzeko itunak» behar dituztela uste du Alfaro abokatu, ekintzaile eta Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak. Eskua luzatu die PSNren ezkerrera dauden talde guztiei, politika publikoak sustatzeko.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun

Itxita dago Ahal Dugu-k Iruñeko Arrotxapea auzoan duen egoitzako atea, baina jendea suma daiteke barruan, harat-honat. Lanean. Bilera gelako arbelean, errotuladore lodiz marraztutako egutegi bat: Zizur, Geltoki, Foruen monumentua... Datozen egunetako hitzorduak dira, eta egutegiko laukitxo guztiak betetzen dituzte. «Kanpainako lehen astea mugitua izan da», aitortu du Begoña Alfarok (Zarrakaztelu, Nafarroa, 1982). Hala ere, datorrenari heltzeko «gogotsu» ikusten du bere burua Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi eta Zurekin Nafarroako lehendakarigaiak. Gaztelaniaz mintzatu da elkarrizketan.

«Asmo handiko akordio bat» eskaini diezue gainerako indar aurrerakoiei, osasunaren, enpleguaren eta etxebizitzaren alorrean. Zergatik?

Hiru alor horiek direlako, gaur-gaurkoz, herritarren kezka nagusiak. Azken urteetan, ezohiko egoerak bizi izan ditugu, eta gizarteak eskatzen digu oinarrizko gai horietan anbizio handiagoz jokatzeko; besteak beste, etxebizitza eskubidea bermatuz, lanpostu egonkorragoak eta soldata duinak bultzatuz, eta osasun unibertsala ziurtatuz, jaio garen tokia edo gure errenta edozein direlarik ere, arta egokia jaso dezagun. Begirada luzea beharko dugu horretarako, hauteskunde deialdiez harago.

Pandemiak agerian utzi zituen osasun sistemaren gabeziak. Zer eginen duzue arta egoki hori bermatzeko?

Nafarroako osasun sistema zaharkitua gelditu da, eta Lehen Arreta indartzea ez da nahikoa: goitik behera birformulatu behar dugu. Eskuinak azpimarra egiten du itxaron zerrendetan, eta hiru hilabeteko planak proposatzen ditu, arazoa konpontzeko. Hori ez da posible. Ezinezkoa da osasungintzaren arazoak epe motzean konpontzea. Tira, bai, badago bide bat: pazienteak sare pribatura bideratzea. Hortxe eskuinaren formula. Gainerakoan, ez dago bidezidorrik: beharrezkoak dira, batetik, hamar urterako planifikazio bat; eta, bestetik, lehen arretaren aurrekontua handitzea, familia medikuen, erizainen, administrarien, zeladoreen eta, oro har, osasun langile guztien lan baldintzak hobetzeko.

Ahal Dugu gobernukide izan da. Nola baloratzen duzu legealdia?

Oso lan ona egin dugu, batez ere, kontuan izanda legealdi honetan izan dugun ordezkaritza apala. Gogoan izan behar dugu Ahal Dugu gobernuan sartu zela bi parlamentari izanda, eta, hala ere, egitasmo ugari martxan jarri dituztela bai Justizia eta Migrazio Politiken Departamentuan, bai Berdintasun eta Gazteria alorretan. Justizia Errestauratiboko 4/2023 foru legea, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako 13/2023 foru legea eta Elizako Sexu Abusuen Biktimen Aitortzarako 24/2022 foru legea aitzindariak dira Espainiako Estatuan eta Europan, eta hiru mugarri horiengatik soilik bada ere, merezi izan du gobernuan egotea.

Hizkuntza politikak tirabirak eragin ditu gobernukideen artean. Zurekin Nafarroak ofizialtasunaren alde eginen du?

Euskara ezin da izan gatazka politikorako elementu, nafar guztion ondarea delako. Gure apustua da euskara koofiziala izatea lurralde osoan. Nafar guztiek aukera izan dezatela euskara eta gaztelania askatasunez hitz egiteko. Helburu hori gauzatzeko, baina, ezinbestekoa da Foru Hobekuntza aldatzea, eta, gaur-gaurkoz, ez dago gehiengorik horretarako.

Gehiengo hori lortu arte, zer?

Hizkuntza Politikako foru lege berri bat onartu beharko genuke, egungo zonifikazio sistema erauzteko. Argi dago egungo sistemak huts egin duela, euskarari buruzko erabaki gehienak auzibidean jartzen direlako, eta, gainera, ez direlako hiztunen eskubideak aitortzen. Hori esanda, uste dugu aintzat hartu beharko direla Nafarroako egoera soziolinguistiko ezberdinak. Adibidez, Ablitasen merezimendua dena Elizondon eskakizuna izan dadin.

Besteak beste, barne liskarren ondorioz lortu zituen emaitza txarrak Ahal Dugu-k iragan bozetan. Aurten, batasun irudia eman nahi izan duzue...

Aurreko legealdiko egoera kanpotik ikusi nuen nik, abokatu eta militante soil gisa, baina argi dago desastre hutsa izan zela, eta 2019ko bozetan jendeak zigortu egin zuela ikuskizun tamalgarri hura. Alderdi barruko liskarrez gain, baina, ezkerreko indarrak batu ez izana okerra izan zen. Horri ere erantzuten dio Zurekin Nafarroaren sorrerak. Ardura ariketa bat izan zen koalizioa sortzea.

Zaila izan zen ertzak leuntzea?

Ez. Finean, ñabardurak dira Ahal Dugu, Nafarroako Ezker Batua, Batzarre, Equo-Berdeak eta Aliantza Berdea alderdiak bereizten dituztenak. Auzien %99tan bat gatoz, eta erraza da programa bat adostea.

Espainian, Sumar eta Podemos-en artean ere ikusi dira halako ika-mikak...

Ui, zer ikustekorik ez gurearekin, kar-kar!

Baina eragin dizue, nolabait, ezta?

Espainiako Estatuan asko dute Nafarroaz ikasteko, eta honetan bereziki. Gure eremuan oso erraza izan da ezkerreko sentsibilitate ezberdinak batzea, argi genuelako helburua zein zen. Denborarekin hasi ginen lanean, mantso, bilera ugari egiten, jendea konbentzitzen... Zurekin Nafarroa aurkeztu genuenerako, urtebete generaman lanean. Esperientzia horretatik ikasi behar lukete Madrilen. Badute denbora, Espainiako hauteskundeen aurretik, eta ziur naiz lortuko dutela. Bestela, batzuen eta besteen artean, alfonbra gorria jarriko diogu eskuinari.

Sumar hautagaitzaren aurkezpenean izan zineten, eta ostiralean Yolanda Diaz Iruñerrian izan zen, zuen ekitaldi nagusian. Haren aldeko apustua egiten duzue?

Batasunerako dei bat da, ez alde baten edo bestearen aldeko lerratze bat. Gure apustua da Yolanda Diaz buru izanen duen eta indar aurrerazale guztiak bilduko dituen koalizio bat. Yolandak babesa agertu digu, bai, baina baita Podemoseko Pablo Fernandezek eta Isa Serrak, eta Equoko Juantxo Lopez de Uraldek ere, besteak beste. Batasun eredu hori da guk sustatu nahi duguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.