Hidroituango megaproiektua. Raquel Celis. Zehar Errefuxiatuekin erakundeko kidea

«Lekualdatzeak ez dira soilik ondorio bat, baizik estrategia bat»

Erauzketa proiektu handien eta lekualdatze behartuen arteko lotura berretsi du Zeharrek, Kolonbiako Hidroituango zentralaren ingurura egin berri duen bidaian. Harrera politiketan islatu nahi du ikuspegi hori.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Kolonbiako Antioquia departamentuan izan da urrian Zehar Errefuxiatuekin erakundea, Hidroituango zentral hidroelektrikoaren gizarte eta ingurumen eraginen berri jasotzen —han izan da BERRIA ere—. Megaproiektuen, lekualdatze behartuen eta harrera politiken arteko lotura jorratu nahi dute Deserrotuak egitasmoan, Raquel Celis koordinatzaile eta Zeharreko teknikariak azaldu duenez (Bilbo, 1976).

Analisi politikoei ekin aurretik, zer sentsazio utzi dizu Hidroituangoren inguruetan ikusitakoak? Zerk harritu zaitu?

Joan aurretik ere, informazio asko genuen Hidroituangoren inguruan, eta han berretsi egin dugu, tokiko eragileek egindako lanari esker. Eta, hala ere, oso gogorrak iruditu zaizkit jendearen bizi baldintza materialak; zaila egiten zaigu irudikatzea, eta latza da ohartzea. Jendeak oso bizimodu xumea zuen, baina inguruak eta naturak aukera ematen zioten gutxieneko bizi baldintza batzuk bermatzeko, familia elikatzeko... eta hori galtzen ari dira. Oso muturrekoa da: seme-alabei jaten eman ezinda dauden pertsonak dira, etxea galdu dutenak, osasun eta hezkuntza zerbitzuetara iritsi ezin direnak... Eta, egoera horretan, asko kezkatzen gaitu emakumeek jasaten duten indarkeria gehigarriak, oraindik oso zaila baita ikusgai jartzea.

Zer lotura du Hidroituangok Euskal Herriarekin?

Batetik, garai batean BBVA eta Santander bankuen baliabideak jaso zituela; horrek aukera ematen digu Euskal Herrian, Espainiako Estatuan eta Europan dugun ardurari erreparatzeko, bertatik ateratzen baitira hainbeste hondamen eragiten duten egitasmo asko. Bestetik, Kolonbia da lekualdatu gehien igortzen duten herrialdeetan bigarrena, eta Espainiako Estatuak ia sistematikoki ukatzen die nazioarteko babesa kolonbiarrei. Sarritan oso zaila da erauzketa proiektuen eta babes bila datozenen arteko lotura egitea —oso lider sozial gutxik baitute babes programen bidez etortzeko aukera—, baina aldi berean, agerikoa da kausa bat dagoela.

Zer lotura du Hidroituangok lekualdatze behartuekin?

Lehenik, desplazamenduaz aprobetxatzen da: lekualdatzeak ez dira soilik egitasmoaren ondorio bat, baizik eta estrategia bat lurraldeak bereganatzeko. Ezin da espresuki frogatu EPMren [Hidroituango eraikitzen ari den enpresa] eta indarkeriaren arteko lotura, baina agerikoa da aurrez zegoen bortizkeria baliatu duela proiektua ezartzeko, baita zentralaren aurka dauden lider sozialen kontrako jazarpena ere. Lurraldeen defendatzaileek ere askotan salatu dute: megaproiektuak egin daiteke aurrez izandako lekualdatzeek hutsik eta merke utzi dituztelako lurrak, eta egiten direnean ere lekualdatzeak gertatzen dira, ez soilik lur eremuak okupatzen dituztelako, baizik eta bizibideak desagerrarazten dituztelako eta ingurumena hondatzen dutelako; prozesu geldoagoa eta ezkutuagoa da, baina argi ikusi dugu meatzari artisauekin, adibidez.

Bizibideak aldatzearen edo desagertzearen ondoriozko lekualdatzeak maiz klima larrialdiarekin lotzen dira. Kontzeptua zabaldu behar al da, erauzketa egitasmoekin ere lotzeko?

Zabaldu baino gehiago, kontzeptua birformulatu egin behar dela esango nuke: zergatik hitz egiten dugu migrazio klimatikoez? Katearen azken begian jartzen ari gara fokua: klima aldaketen ondorioz migratzen dutenei baino gehiago, aurretik gertatutakoari begiratu behar diogu. Sistema ekonomikoari: indarrean den erauzketa eredua ezinbestekoa da aberastutako herrietan dugun bizimodua iraunarazteko, eta eredu horrek lekualdatze behartu ugari eragiten ditu, indarkeriaren bidez lurraldeak hustuz, egitura ekonomikoak eta lurraren erabilerak eraldatuz, eta klima aldatuz. Eta korporazioek erantzukizun handia dute hor.

Zertan?

1988an IPCC sortu zenetik [Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldea], mundu osoan industriarekin lotutako gas isurketen erdiak baino gehiago 25 enpresak eta estatu entitatek egin dituzte. Eta iaz eraildako 358 lider sozialen %60 lurraren eta ingurumenaren defendatzaileak ziren. Hau da, eredu horrek korporazio handien zerbitzuan jarri ditu pertsonen bizitzak, eta, gainera, gobernantza galtzea ekarri du, enpresek sekulako boterea lortu baitute, eta haien neurrira eraiki baitituzte euren interesak babesteko zuzenbide mekanismoak. Botere korporatibo hori dago munduko biztanleriaren parte batek bizi baldintza materialak galdu izanaren atzean, eta hor jarri nahi dugu arreta, ez baita kasualitatea migrazio klimatikoaz aritzea baina ez lekualdatze behartuez.

Aldiz, Kolonbian behintzat zaila da lekualdatzeez hitz egitea gatazka armatuaren testuingurutik kanpo, legez ez baitago aitortua armadak edo enpresa batek halakorik egin dezakeenik.

Errefuxiatuez hitz egiten dugunean, bi eremu daude: estatu batetik bestera lekualdatzea —Genevako konbentzioak 1951n arautu zuena—, eta estatu barruko mugimenduak; azken arlo horretan, lekualdatzeen definizioa askoz zabalagoa da, eta gure planteamenduak tokia du. Gainera, Kampalako konbentzioak —derrigorrez bete beharrekoa— jada aipatzen ditu megaproiektuak, hau da, estatuek eta NBEk berak aitortu dute halako egitasmoek lekualdatze behartuak eragiten dituztela. Baina horrek, bestalde, ez du ekarri berariazko babes tresnarik Europan. Jatorrizko herrialdean onartzen bada pertsona baten lekualdatzea behartua izan dela, zergatik hartzen dugu Europan migrazio gutxi gorabehera boluntariotzat? Ez dugulako erantzukizunik hartu nahi haien harreran, nahiz eta badugun ardura egoztean. Eta gai hori ez dira jorratzen ari ez klima aldaketari buruzko goi bileretan, ez 2030 agendetan, ez asiloari buruzko itunetan.

Hortaz, babes tresna berriak behar dira?

Bai, baina babes tresnak berez ez dira arazo handiena: beti salatu dugu horiek betearazteko borondate politikoa falta dela, baina Kolonbiako kideek jakinduria handiz esan digute badagoela borondate politikoa, hain justu, horiek ez betetzeko, jendea bere lurretatik botatzeko, haien baliabide naturalak eskuratzeko, eta nekropolitika hau sendotzeko.

Nola ekarriko duzue hori guztia Zeharren jardunera?

Bi lan ildo ditugu. Batetik, ez dezagun inor lekualdatu: nola berma dezakegu enpresen nazioartekotze politiken bidez ez izatea halakoen konplize? Eta, bestetik, eraiki dezagun Euskal Herrian lekualdatzeei buruzko ikuspegi eta kontakizun propioa, eta osa dezagun harrera sistema hortik. Horretarako ez baitugu eskumen propiorik behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.