Mertxe Aizpurua. EH Bilduko diputatua Espainiako Kongresuan

«Herri gisa jokatu behar da une hau; aldaketa historikoarena»

Igandeko bozetan EH Bilduk lortutako emaitzekin «pozik» dago Mertxe Aizpurua. EH Bilduren lau diputatuetako bat izango da aurrerantzean, Madrilen. «Esan genuen erabakigarriak izango ginela, eta hala izan da».

Maider Galardi
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuko hauteskundeetarako Gipuzkoako zerrendaburu izan da Mertxe Aizpurua (Usurbil, Gipuzkoa, 1960). Igandeko hauteskundeen ostean, diputatu hautatu dute, eta bigarren aulkia ere lortu du koalizioak kongresuan, Gipuzkoako zerrendako bigarrenak, Jon Iñarritu senatari ohiak ere lortu baitu aulkia. EH Bilduk igandean lortutako emaitzekin gustura dago Aizpurua, «kanpainan jarritako erronkak beteta» daude, haren esanetan. Orain, udal eta foru hauteskundeetara begira jarri da koalizioa, baina ez diote begirik kendu Espainiako Gorteetan egingo duten lanari.

Espainiako Kongresuan bi diputatu zenituzten, eta, igandeko bozen ostean, lau dituzue. Zein balorazio egiten duzue?

Oso pozik gaude lortutako emaitzekin. ERCrekin egindako akordioak jokoaren erdian jarri gintuen, eta horren emaitzak jaso ditugu, eta hauteskunde hauetan markatuak genituen erronka guztian sobera gainditu ditugu. Kanpainan esan genuen erabakigarriak izango ginela, eta hala izan da.

Gipuzkoan bigarren aulkia lortu duzue, eta Araban, berriz, Javier Maroto PPko hautagaiarekin lehian aritu ostean lortu duzue ordezkaritza. Nafarroan, ordea, ez duzue ordezkaririk azkenean.

Pena apur bat ematen digu, boto eskas batzuengatik izan baita. Baten batek pentsatu beharko du herri gisa erantzun behar genuela, eta ederra litzateke Bel Pozueta ere Madrilera eramatea. Eskura zegoen, datuek agertu moduan. Edozein kasutan, Maroto eserlekurik gabe uztea garaipena da guretzat, baita beste lurraldeetan lortutako emaitzak ere.

Parte hartzeak gora egin du, baina abstentziorako deia egin zuten batzuek. Horrek zuen kalterako eragina izan al du?

Bai. Pentsa dezatela zertarako balio izan duen abstentziorako dei horrek eta zein nolako eragina izan duen. Ez dut gehiago aipatuko gaia. Adibide garbia da Nafarroakoa. Pentsatzen dut hurrengo baterako ardura gehiagorekin jokatuko dutela, eta sentimendu ezkertiar hori mahai gainean jartzea espero dut.

Gainera, joan den hauteskundeetatik 70.000 boto gehiago irabazi dituzue. «Erabakigarriak» izango zinetela aldarrikatu duzue kanpainan. Diskurtso aldaketak izan du eragina?

Lorpen izugarria izan da, ERCrekin 19 diputatu izango baikara. Jendeak oso ongi ulertu du zein den gure mezua. Ulertu dute estatuko beste indar politikoekin joateak zer suposatzen zuen. Esan dugu aldaketa historiko baten aurrean gaudela eta herri gisa jokatu behar dugula partida. Horregatik bultzatu dugu jendea bozkatzera.

PSOEk 123 diputatu lortu ditu, eta hiru aukera posiblez hitz egiten dute: Ciudadanosekin akordioa egitea gehiengo absolutua izateko, Unidas Podemosekin batzea, ala bakarrik gobernatzea. Zein aukera duzue indar subiranistek?

Ikusiko dugu Pedro Sanchezek zer egiten duen. Badirudi presioa jasotzen ari dela Ciudadanosekin batzeko, baina ikusiko dugu zein Sanchez dugun aurrean.

Eta babesa, zein kasutan emango diozue?

Kongresuan euskal agenda badagoela ulertzen badu, aurkituko gaitu bidean. Elkarrizketarako bidea irekitzeko prest baldin badago, hor egongo gara. Hauteskunde hauek frogatu dute Euskal Herria, Katalunia eta baita Galizia ere desberdinak direla, eta uste dugu hori dela etorkizunari begira bai PSOEk eta baita beste alderdi batzuek egin beharreko kalkulua. Edonola ere, Sanchezengan dago fokua; segun eta zein jarrera hartzen duen, arazo politikoei konponbidea emango diogu. Baita auzi sozialei dagokienez ere. Feminismoaren arloan nahi dituzten aldaketak egin nahi badituzte, hor izango gaituzte. Hala ez bada, ez du gure babesik izango.

Bestelakoak izango dira maiatzaren 26ko hauteskundeak. EAJ nagusi izan da azken boz hauetan, zein toki har dezake EH Bilduk?

Guretzat indarraldia eta palanka izan dira hauteskunde hauek. Jada hasi gara udal eta foru bozetarako lanean. 260.000 boto lortu genituen igandean. Hori sekulako emaitza da, eta nahi dugu olatu horrek udal eta foru hauteskundeetan eragina izatea. Oso leku onean jartzen gaituzte emaitza hauek. Olatua handitu egingo dela uste dut. Orain lortutako emaitzen arabera, alkatetza asko izango dira EH Bildurentzat.

Udal eta foru hauteskundeak bai, baina Madrilgo jardunari begira jarri zarete dagoeneko. Zein izango da EH Bilduren lana Espainiako Kongresuan?

Arduraz jokatuko dugu etengabe, baina tinkotasunez ere helduko diogu gureari. Gure eskaintza argia da, eta konponbide politikoak behar ditu herri honek. Horien artean, beharrezkoa da preso politikoei dagokien auzia lehenbailehen konpontzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.