Koronabirusa. Silvia Ganbarte. Lan arloko abokatua

«Beldur egoerak aproposak dira kaleratzeak egiteko»

Ganbartek uste du Espainiako Gobernuaren dekretu berriak lor dezakeela kaleratze zaparrada eragoztea, baina nabarmendu du talde batzuk ahaztu dituela: langabeak eta etxeko langileak.

BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Agerkari ofizialak atzo argitaratu zuen Espainiako Gobernuak bezperan onartutako neurriak biltzen dituen dekretua. Hura aztertzen igaro zuen goiza Silvia Ganbarte Urbiolak (Lerin, Nafarroa, 1979). Deustuko Unibertsitateko lizentziaduna da, eta, 2011z geroztik, lan arloko abokatua da Madrilen. Langile zuzendaritzari buruzko blog didaktiko bat elikatzen du, gaztelaniaz, (www.silviagambarte.com), eta hainbat artikulu idatzi ditu COVID-19aren krisiaren eraginaren inguruan.

Zer iruditu zaizkizu errege dekretuak agindu dituen aldaketak?

Onak iruditzen zaizkit, iragana ezagututa askoz okerragoak izan zitezkeelako, baina oraindik babesik gabe dauden pertsona asko dago. Esaterako, langabezia saririk gabeko langabeak eta etxeko langileak. Azken horiek ez dute langabezia saririk, eta balitekeasko kaleratuak izatea egoera honetan.

Krisi honek aldi baterako erregulazio espedienteen figura ezagun egin du. Dekretuak asko aldatu al ditu jokoaren arauak?

Bai, aldatu egin dira. Neurriak, gainera, ezinbesteko espedienteetan, salbuespen egoeragatik eginikoetan, zein arrazoi ekonomiko eta teknikoengatik eginikoetan aplikatzen direlako. Nabarmenena: langile guztiek jasoko dutela langabezia saria, baita nahikoa kotizatu ez dutenek ere, eta ez zaiela kenduko kotizazio kopuru osotik.

Halako neurriak hartzea merkeagoa da orain enpresentzat.

Enpresari erraztu egiten diote erabakia, baldintza hobeak ezarriz. Aldi baterako espedientea eta lan erregulazio espedientea ezberdinak dira. Kaleratzeak egin ordez bide hori aukeratzen duten enpresak Gizarte Segurantza ordaintzetik salbuesten dituzte. Hori 50 langile baino gutxiago badituzte, eta 50 baino gehiago badituzte, kotizazioen %25 ordaindu beharko dute. Zerga kontuetan ere onurak izango dituzte.

Zein alde dago lan erregulazio espedienteen eta aldi baterako espedienteen artean?

Gaztelaniaz antzeko izena dute [erregulazio espedientea ERE da, eta aldi baterakoa, ERTE], eta horrek jendea nahasten du. Lan erregulazioa aplikatzean, kaleratu egiten dira langileak; behin betiko espediente bat da. Aldi baterakoa, berriz, tarte jakin baterako da, ez dago kaleratzerik; kontratuak ez dira eteten, bertan behera uzten dira, edo lanaldia murriztu egiten da.

Aldi baterako espedientea aplikatzen duen enpresa langile guztiak berriz hartzera behartuta dago?

Bai. Espedientea amaitzen denean, langile guztiak berriz kontratatu behar ditu enpresak. Horrek, halere, ez du esan nahi enpresak gero kaleratuko ez dituenik. Dena den, dekretu berriak zehaztu du salbuespen neurriak onartzen dituzten enpresek sei hilabetean kaleratzerik ez egiteko konpromiso bat hartu behar dutela. Ikusi beharko da konpromiso hori nola arautzen den azkenean, ez baitu zehazten zeintzuk izango diren neurriak sei hilabete horietan kaleratzeak egiten dituzten enpresentzat.

Horrelako egoera batean, krisiak eragindako galerak argudiotzat erabil daitezke kaleratzeak egiteko?

Bai. Arrazoi ekonomikoengatik denean, kaleratze objektiboak, bai. Pertsona baten kaleratzea, baita kaleratze kolektiboak ere, erregulazio txostenak liratekeenak. Alegia, enpresa batek bere salmenta bolumenean jaitsiera handia badu, edo galerak baditu, kaleratzeak egin ahalko lituzke arrazoi objektiboengatik.

Kaleratua den langile batek zer egin dezake? Nola defendatu dezake bere burua?

Hasteko, oso garrantzitsua, langile batek jasotzen duen edozein oharretan argi agertu behar da zein den erabakiaren data. Data bat ager daiteke, eta gerta daiteke agiria jasotzen den eguna baino aurrekoa izatea, eta epeak oso garrantzitsuak dira prozedura horietan. Bigarren pausoa: ados ez dagoela jarri behar du, kaleratua izan den pertsona horrek informazio gehiago biltzeko eskubidea duelako. Zalantzaren aurrean, «ez ados» jarri behar da. Gero, garrantzitsua da edozer gauza sinatu aurretik profesional batekin kontsultatzea. Kasu horietan, onena da sindikatu batengana edo lan arloko abokatu batengana jotzea.

Krisia kaleratzeak egiteko aitzakia perfektua izan daiteke?

Bai, noski. Beldur eta ezegonkortasun egoera batean gaude, eta enpresek pentsa dezakete langile horrek ez diola salaketarik jarriko, gero, agian, berriz ere kontratatua izan daitekeelako. Beldur egoerak aproposak dira kaleratzeak egiteko.

Berrogeialdian eta COVID-19arengatik etxean dagoen langile bat kaleratu al daiteke?

Bai, langile bat gaixo agiriarekin dagoenean kaleratua izan daiteke. Legeak baimentzen du halakorik, baina gero ikusi behar da kaleratze hori eskubide urraketa bat den, edo legez kanpoko kaleratzea.

Langile batek lanera joateari uko egin diezaioke bere osasuna arriskuan dagoela uste duelako?

Ez. Alegia, langileak beti egin diezaioke uko lan egitera joateari, baina ondorioak izango ditu. Legeak ez du halakorik aurreikusten. Aurreikusten du, lan arriskuen prebentziorako legean hain zuzen, langileak bere jarduna eten eta bere lanpostua utz dezakeela arriskua larria eta berehalakoa denean. Kasu horretan bai, baina gauza bat da jarduna uztea, eta beste bat ez joatea. Ez bada joaten, kaleratu edo zigortu egin dezakete lanean ez agertzeagatik.

Telelana asko zabaltzen ari da krisi honekin. Alde horretatik, langileak uko egin al diezaioke hala lan egiteari? Eta exijitu al dezake?

Langilea ezin dute behartu etxetik lan egitera, salbuespenezko egoera jakin batzuk kenduta, eta berak ere ezin dezake exijitu. Kasu honetan, gobernuak aholkatu egin du, baina ez behartu.

Egoera honetan, enpresak behartu al dezake langile bat oporrak hartzera?

Ez. Oporrak adostuak egon behar dira langilearen eta enplegatzailearen artean. Betiere lan hitzarmenean, edo legezko beste testu batean, ez bada arautzen erdi eta erdi egiten dutela. Uste orokorra da, eta oso zabalduta dago, enpresak bi opor aste zehazten dituela eta langileak, beste bi; baina faltsua da. Ez, behintzat, bi aldeen artean aurretik hala adostu ez bada.

Autonomoentzat ere berritasunak daude.

Bai, baina gutxi, oro har. Autonomoek, jarduna eteten denean, diru saria jasotzeko eskubidea dute, eta hura lortzea erraztu dute. Kasu honetan, aldiz, ez da beharrezkoa etetea. Zeintzuk dira baldintzak? Bi nagusiki. Euren jarduna bertan behera gelditzen denean, alarma egoerarengatik negozioa itxi duten tabernariak adibidez; edo azken hilabeteko fakturazioa %75 jaisten denean. Galera txikiagoa dutenak justu ibiliko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.