Joseba Villareal. ELAko ekintza, sindikaleko arduraduna

«Nafarroan ere lehen sindikatua izatea da gure helburua»

Hego Euskal Herrian ordezkari gehien duen sindikatua da ELA, eta posizio hori sendotu nahi du hauteskunde sindikaletan. Villarealek uste du ez diela kalterik egingo sektore mailako itun batzuk ez sinatu izanak.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Urritik ekainera bitarte, hauteskunde sindikalak egingo dira Hego Euskal Herriko lantoki handi gehienetan. Epe trinkoa delakoan, ordezkarien %47 berrituko dira. Joseba Villareal (Legazpi, Gipuzkoa, 1970) da ELAren hautagaitzak dinamizatzeko arduradunetako bat, eta azken urtean autoari egin dizkion 40.000 kilometroek argi uzten dute lan nekeza dela berea. Ez du ezkutatu gustura hartu duela elkarrizketa egiteko eskaera: «Hauteskundeei buruz hitz egiteko deitzen nauten lehen aldia da. Merezi baino oihartzun txikiagoa dute».

Zuk esana da: «Gero eta zailagoa da hauteskunde sindikalak askatasunez egitea». Esaldi potoloa da. Zergatik?

Potoloa, gogorra eta tristea, baina bizi dugun errealitatea islatzen du. Lantoki askotan, tentu handiz mugitu behar dugu aurkezten den jendearen zerrenda. Batzuetan, gure jende batek enpresaren errepresaliak jasotzen ditu aurkezte hutsagatik. Kasuen %99an ez da hori gertatzen, zorionez, baina halakoak ez dira salbuespena. Ez da berdina sindikatu bateko hautagaitzan egotea edo beste baten hautagaitzan. Gaur egun, ELAren zerrendetan egotea ez da aukera erraza leku batzuetan.

Zaila al da zerrendak betetzea?

Kostatzen zaigu. Ordezkari izatea konpromiso handia da.Eskatzendu ideologia zehatz batekin bat egitea, plangintza batekin aurrera egiteko prest egotea, eta, nolabait, lankideen artean lidergo bat edukitzea. Aurrerapauso bat ematea da, eta gaur egun ez da ohikoa patronalaren aurrean aurrerapauso bat ematea.

Zerrenda beltzetan sartzeko arriskua ere hor dago. Kaleratze kolektiboetako zerrendetan ordezkari ohi asko egoten dira.

Zerrenda beltzak izaten dira leku batzuetan, eta jasan izan ditugu egoera aldrebesak. Duela urte batzuk Nafarroako Koxka enpresaren kasuan, adibidez. Ordezkariak, dena den, konpromisoaz gain, berme batzuk ere badauzka: ordezkari dena ezin da kaleratua izan.

Ordezkari sindikalek badituzte estigma batzuk.

Sindikalismoari egozten zaizkionak, eta, nire ustez, ospea kentzeko asmoa dago atzean. Baina esango nuke ordezkari sindikal gehienek lankideen estima dutela, baita sindikatu gehienek ere. Sindikalismoa ez da bizitzeko modu erraza. Hori ez du aukeratzen enpresa batean ondo bizi nahi duenak, ez behintzat ELAn.

Garai zailak datoz, bai behintzat epe motzean. Egoera honetan are garrantzitsuagoak al dira hauteskunde sindikalak?

Guretzat, oso garrantzitsuak dira. Emaitza onak eskuratzea da jende gehiagorekin lan egiteko aukera izatea, antolatzekoa eta borrokatzekoa. Eta uste dugu langileriarentzat ona dela horretarako prest dagoen sindikatu bati boza ematea. Guk argi duzu zeren alde borrokatuko garen: soldaten defentsa, pentsioak, lan kontratu duinak, erreforma fiskala, soldata arrakala ezabatzea...

Sindikatuarentzat azterketa bat al dira hauteskundeak?

Zalantzarik gabe. Zilegitasun elementu oso garrantzitsuak dira. Sindikalismotik kanpo badago ELAri esaten dionik hauteskundeetara aurkeztu behar dela, eta hemen inork ez ditu ELAk baino hauteskunde gehiago deitzen. Egunero aukeratzen diren hamar ordezkaritik lau ELAk ordezkatzen ditu. Egunero-egunero lan zentroetara iristen gara, eta guk ez dugu inoren beharrik ziurtagiri demokratikoa jasotzeko.

Zer helburu ditu aurten ELAk? Nafarroan oso baikorrak zarete.

Eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere bai. Gu %40tik gorako sindikatua gara EAEn, eta hori gehiengo zabala da, sindikatu asko baitaude. Gure helburua dahori sendotzea eta handitzea. Eta zer esan Nafarroan; egun hirugarren sindikatua gara, baina bihar edo etzi lehen sindikatu izatea da gure helburua. Ez dugu hilabete batzuetan lortuko, baina norabide bat da. Ordezkarien %23 ditugu Nafarroan, eta hori handitzea da gure eginkizun nagusia.

«Patronalaren xantaiari aurre egiteko alternatiba bakarra da ELA». Hori ere zuk esana. Benetan bakarra al da?

Hortik entzuten diren gauzak entzutea baino ez dago. Beste ezeren gainetik, mehatxua dago. Badirudi KPIa aldarrikatzen dugunean enpresaren aurka goazela, eta haren etorkizuna gure bizkar gainean jartzen dute. Hori xantaia da, badakigulako enpresek dirua irabazten dutela, eta KPIaren araberako igoerak sinatzen ditugu haiekin. Borrokarekin, konfrontazioarekin... Langileoi egiten diguten xantaia izugarria da. Nola dei dakioke bestela Mercedesen bueltan Jaurlaritzak, Gasteizko Udalak, patronalak eta ia eragile politiko guztiek eskatu digutena inbertsioaren kontuarekin? «Gurea babesten badugu, horrek ospa egingo du, eta zu zara erantzulea». Hori xantaia da.

Azken hilabetean, hainbat sektore hitzarmen handi sinatu dira: metalgintza Araban, bulegoen garbiketa Bizkaian… ELAk ez ditu batzuk sinatu. Eragina izan al dezakete hauteskundeetan?

Ez dut uste. Beste batzuen aldeko botoa eman aurretik, jendeak ikusi beharko luke sinatu den horrek benetako eragina duen haien bizitzan. Araban sinatu den hitzarmenak tauletan eragina izango du, baina kontua da langileen gehiengoa taula horietatik gora dagoela. Bakarren batek agian bozkatuko du gure aurka horregatik. Gu mobilizazio gehiagorako prest gaude, eta horrek balio du Arabarako eta gainontzeko itunetarako. Bere eskubideak babestu nahi dituenak sindikatu indartsu bat behar du. Eta indartsua da garbi duena negoziazioa garrantzitsua dela, baina konfrontaziorik gabe ez dagoela negoziaziorik. Beste guztia da ematen didatena hartzea.

ELA eta LAB elkarrengandik aldentzeak izango al du eragina?

Hauteskundeetan? Ez. Pisua izango du beste gai batzuetan, baina hauteskundeetan ez. Ziur nago ELAk emaitza ona lortuko duela ditugun milaka militanteen lanari esker, eta seguru nago, eta gainera horrela nahi dut, LABek ere emaitzak hobetuko dituela.

Hauteskundeak lantoki berrietara eramatea erraza al da? Arropa dendak, supermerkatuetara… Eta zabalkunde horrek ba al du estrategiatik zerbait?

Konplikatua da, baina egiten dugu, egunero. Egun sektore feminizatuetan deitzen ditugu hauteskunde gehien. Sektore atomizatuak dira, lan zentro askokoak: jantokietan, garbikuntzan, merkataritzan... Eta oso pozik gaude hortik ateratzen dugunarekin. Gure lehentasuna da prekaritatea dagoen lantokietara iristea, eta hauteskunde sindikalak egitea enpresa bat antolatzeko lehen pausoa da. Ahalduntze prozesua hor hasten da. Hazteko modu bat ere bada, badakigu. Lehiakortasun handia dago, eta estrategiatik asko dago hauteskundeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.