Jose Bautista. Ikerketa kazetaria

«Marokok ikasi du horrelako ekintzek dirua ematen diotela»

Ekainaren 24an Melillan gertatutakoa argitu nahian, ikerketa egin du Lighthouse Reportsek. Eta bertan hartu du parte Jose Bautista kazetariak. Pertsona bat Espainiaren kontrolpeko lurraldean hil zela egiaztatu dute.

DAVID FERNANDEZ.
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Marokotik Espainiara gurutzatzeko ahaleginetan, gutxienez 23 pertsona hil ziren ekainaren 24an Melillako mugan. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak adierazi zuenez, ez zen migratzailerik hil Espainiaren kontrolpeko lurraldean. Hala ere, Lighthouse Reports ikerketarako kazetari taldeak argitaratu berri duen ikerketak, ministroaren bertsioa ezeztatu du. Gutxienez, pertsona bat Espainian hil zen. Ikerketan Jose Bautista (Ubeda, Andaluzia, Espainia, 1988) ikerketa kazetariak eta Por Causa fundazioko kazetaritza ikerketen zuzendariak hartu du parte, Europako eta Marokoko hainbat kazetarirekin batera. «Marokoko jendeak euren bizitza jarri du jokoan; talde lanik gabe, ikerketa hau ez zen posible izango».

Zergatik erabaki du Lighthouse Reportsek ikerketa egitea?

Ekainaren 24an marra gorria gurutzatu zelako. Europako Batasuneko (EB) muga batean heriotzak gertatu ziren. Ez da mugetan horrelako zerbait gertatzen den lehenengo aldia, ezta Melillan ere. Baina egun horretan irudi asko zabaldu ziren sare sozialetan, eta horrek tragedia nabarmendu zuen.

Eskura dauden froga bisual guztiak aztertu, eta 40 lekukotik gora elkarrizketatu dituzue. Ez al da hori estatuen eginbeharra?

Nire ustez, bai. Marokoko eta Espainiako agintariek egin beharko lukete. Marokori ezin diogu ezer eskatu, diktadura bat delako. Baina Espainiari, EBko herrialdea eta demokrazia bat izanda, erantzukizuna eska diezaiokegu. Gainera, Espainiak guk baino tresna gehiago ditu informazioa lortzeko. Oraindik, erantzunik gabeko galdera asko daude.

Aurretik atera gabeko bideo batzuk erakutsi dituzue. Zergatik ez zeuden argitaratuta?

Bideo batzuk sekretupean zeuden. Guardia Zibilak drone batekin grabatu zituen irudiak, eta Espainiako Barne Ministerioaren eta Estatuko Fiskaltza Nagusiaren esku zeuden. Beste bideo batzuk, besterik gabe, egileek ez zituzten partekatu. Marokoko indarrek ere bideoak filtratu dituzte;irudi asko grabatu zituzten.

Espainiako Barne Ministerioak bideoak filtratu ditu pixkanaka.

Barne Ministerioak kontrolpeko leherketekin jokatu du. Hau da, irudi zatiak filtratuz joan da, nahi izan duten kontaketa eraikitzeko eta opakutasuna mantentzeko.

Zein izan da zailtasunik handiena ikerketa egitean?

Opakutasuna. Ez da berria mugetan. Opakutasuna da zigorgabetasunaren oinarri nagusia. Zorionez, kazetari askok ahal duten guztia egin dute, hainbat esparrutako iturriekin hitz eginez, gertatutakoa agerian uzteko. Horrela frogatu dugu gutxienez pertsona bat Espainiako lurraldean hil zela eta mugan bertan 470 lagun itzularazi zituztela.

Ikerketa atera ostean, Marlaskak berretsi du Espainian ez zela inor hil. Zertan oinarritzen da?

Egia esan, ez dakit. Eta nahiago dut iritzirik ez eman. Nire lana, kazetari gisa, ebidentziak erakustea eta gertatu dena kontatzea da. Hortik aurrera, joko politikoak haien erantzukizuna dira.

Mugan bertan 470 lagun itzularaztea legezkoa da?

Nolabaiteko lege estalduradute, baina legez kanpoko gauza asko daude horrelako egoeretan. Adibidez, 470 pertsonaren artean, gehienak Sudangoak ziren: gerran dagoen herrialdea. Asiloa eskatzeko eskubidea zuten, baina ez zieten utzi. Horrez gain, asko zaurituta zeuden; horietako batzuk, larri eta kontzientzia galduta. Ez zuten osasun artarik jaso. Gainera, ez da legezkoa mugan bertan itzularaztea, beste aldean euren bizitza arriskuan baldin badago. Eta egin zuten. Horrez gain, gutxienez adingabe bat zegoela egiaztatu dugu. Ekainaren 24an 16 urte zituen gazte bat Marokora bueltatu zuten, Sudanekoa: Sam.

Adingabeak mugan bertan itzularaztea legez kontrakoa da.

Hori da. Espainiak Haurren Eskubideei Buruzko Nazioarteko Konbentzioa berretsi zuen, eta horren lehentasuna haurraren edo adingabearen ongizatea bermatzea da. Adingabe bat mugan bertan itzularazi izana egiaztatu dugu, baina baliteke gehiago itzuli izana. Samek, gainera, ume aurpegia eta gorputza du. Argi zegoen adingabea zela.

77 pertsona desagertuta dago oraindik ere. Ba al dago norbait horretan lan egiten?

Kazetari asko. Guk familia askorekin jarraitzen dugu harremanetan, eta gobernuz kanpoko erakunde batzuk ere ari dira haien lana egiten. Marokon oso jende ausarta dago, euren bizitza arriskuan jartzen ari dira, 77 pertsona horiek aurkitu nahian. Kartzelara ere joan daitezke. Nik ezin dut senideen sufrimendua imajinatu; bost hilabete geroago ez dakite euren familiakoak bizirik edo hilda dauden. Pertsona horiek non dauden argitzeko laguntzen ari ez direnak, Espainiako eta Marokoko agintariak dira.

Zergatik utzi zieten Marokoko indarrek hesiraino ailegatzen?

Egun horretako arrazoiak ez dakizkit. Baina badakit Marokok, Libiak edota Turkiak bezala, ikasi duela migratzaileak erabil ditzakeela arma politiko gisa, Europako gobernuei presio egiteko. Migratzaileak presio tresna gisa erabiltzen dituzten bakoitzean, Europak pozik ematen die diru eta material militar eta errepresibo gehiago. Ekainaren 24az geroztik, Espainiak eta Europako Batasunak handitu egin zituzten Marokoko diktadurari ematen dizkioten diru sailak. Marokok ikasi du horrelako ekintzek dirua ematen diotela eta, gainera, diktadura erregimenaren egonkortasuna indartzen dutela.

Zer harreman dute Marokok eta Espainiak migrazio kontrolari dagokionez?

Espainiako eta Marokoko gobernuak bazkideak dira migrazioaren aurkako lankidetzan. Espainia diru asko oparitzeaz eta era guztietako teknologiak erosteaz arduratzen da: droneak, deiak atzemateko sistemak, gaueko ikusmen kamerak, eta abar. Marokok migratzaileak zapaltzeko erabiltzen du hori guztia, baina aktibistei eta kazetariei jazartzeko ere bai. Harremana ez da aldatzen, nahiz eta Espainiako Gobernua aldatu. Are gehiago, Espainiak eta Europak miopia konplizea eskaintzen diote Marokoko erregimenari: ez dute ahotsa altxatzen Marokoko agintariek funtsezko balioen aurka egiten dutenean edota pertsonen edo beren herriaren aurka egiten dutenean.

Nork irabazten du migrazioaren aurkako harremanekin?

Afrikako herrialde askotako diktadurek eta agintari autoritarioek irabazten dute, baita Latinoamerikakoek ere. Enpresa talde txiki batek ere irabazten du: defentsa zein elikadura kudeatzen duten enpresak. Merkatu nitxo bat aurkitu dute migrazio kontrolean. Melillako eta Ceutako hesia egiteko, eraikitzeko eta mantentzeko diru asko behar da; Espainiako kostaldean paterak detektatzeko radarrak instalatzeko diru asko behar da; Espainia osoan banatuta dauden migratzaileen kartzeletan segurtasun zaintzaileak jartzeko, garbitzeko edo bertakoei jaten emateko diru asko behar da. Jende askok irabazten du negozio horrekin. Migrazio kontroletik etekina ateratzen duen enpresa talde txiki hori Espainiako goi kargudun ohiek hartuak daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.