Mariasun Quiñones. Athleticeko jokalaria

«Eguneroko ilusioa eta grina berreskuratu ditut hona etorrita»

Kirol ibilbide guztia Realean egin eta gero, udan Athleticek fitxatu zuen Mariasun Quiñones. «Hazten eta ikasten» segitzea du helburu, eta erregularrak izanez gero taldeak sasoi polita egin dezakeela uste du.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Egindako denboraldiaurrearekin asebeteta, sasoiri ekiteko gogoz dago Mariasun Quiñones Athleticeko atezaina (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). Bihar izango da. Zuri-gorriek Madrilen zelaian jokatuko dute, 19:00etan.

Sasoiaurre ona egin duzue, Euskal Herria kopa eta Carranzako finalak irabazita. Konfiantzaz ekingo diozue ligari, ezta?

Dudarik gabe. Sasoi aurreko lehen partida, Osasunaren aurkakoa, ez zen onena izan. Baina pixkanaka Iraiaren [Iturregi entrenatzailea] ideiak barneratuz joan gara, eta zelaian erakusten. Neurketa politak jokatu ditugu. Atletico Madrilen aurkako Carranzako finala gogorra izan zen, baina defentsako lan on bati esker irabazi genuen. Euskal Herria kopako finalean ere, gai izan ginen Alavesen aurkako partidari buelta emateko bigarren zati ona eginez. Beraz, konfiantzaz helduko diogu denboraldiari. Ilusio eta gogo handiz gaude. Oso multzo polita dugu, eta klubak baliabide onenak jartzen ditu gure esku.

Zein indargune ikusi dizkiozu taldeari?

Talde osoa eta orekatua dugu, eta denek oso garbi ditugu zeintzuk diren Athleticen ideiak, filosofia eta ilusioa. Horrek indarra ematen digu, eta denek batera lan eginez gauza politak lor ditzakegu.

Aurreko sasoitik taldekide gehienek teknikariaren ideiak barneratuta izatea abantaila izango da, ezta?

Noski. Iraiak hasieratik utzi digu garbi oso presente izan behar dugula zeintzuk diren talde moduan dituguneta kide bakoitzak dituen indarguneak, eta horiei ahalik eta etekin handiena atera behar diegula. Oso jokalari bizkorrak ditugu aurrean, eta oro har buruz nahiz estrategia jokaldietan ondo moldatzen direnak, eta hori baliatu behar dugu.

Goiko postuetan egotera ohituta, Athleticek sufritu egin zuen aurreko sasoian. Zein izan behar da helburua denboraldi honetan?

Uste dut lortu behar duguna erregularrak izatea dela, bai emaitzari dagokionez, bai joko aldetik. Horrek modua emango digu puntuak lortzeko, eta goiko postuetan egoteko. Bestalde, izango dira partidak gauzak aterako ez zaizkigunak. Bada, horietan ere gai izan behar dugu lehiakor izateko,batuta egoteko eta taldeak duen grina eta indarra erakusteko.

Helburu horiek lortzeko bidean, lehen aurkaria Madril izango duzue. Haien zelaian jokatuko duzue bihar. Zein traza hartzen diozu neurketari?

Madrilek erakutsi zuen aurreko sasoian nolako maila duen. Aurkari zaila eta deserosoa da, are gehiago etxean jokatzen duenean. Argi ditu bere indarguneak, eta horiei etekin handia ateratzen die. Irabazi nahi badiegu, guk ere hala egin beharko dugu, eta ondo kudeatzen jakin behar dugu partidako une erabakigarriak.

Realarekin alderatuz, lan egiteko modua oso desberdina da?

Normala denez, talde bakoitzak bere lan egiteko modua du, eta aldaketak badaude. Gehiena, beharbada, lan fisikoarena da. Karga handiagoa da. Baina, ziurrenik, Athleticek duen jokatzeko eragatik da. Joko zuzena egiten dugu, eta zelaian kilometro asko. Beraz, ondo prestatuta egon behar dugu, eta denboraldiaurrean horretarako egin dugu lan.

Eta jokoan atezainari ematen zaion garrantzia handiagoa da?

Nik uste dut oro har talde guztien jokoan hartzen ari dela garrantzi gehiago atezaina, batez ere baloia ateratzeko orduan. Eta hemen ere hala da. Fisikoki ez ezik, mentalki ere oso ondo egon behar dugu prestatuta, eta hor ere lan handia egiten da. 90 minutuetan oso adi egon behar dugu.

Denboraldiaurrean Andrea de la Nava eta zu txandakatu zarete atean. Hamaikakoan ikusten duzu zeure burua? Hala ez balitz, kolpea litzateke?

Iraiak du azken hitza, eta garbi dut hartzen duen erabakia edozein dela ere taldearen mesederako egingo duela. Andreak denbora gehiago darama hemen, eta ondo ezagutzen du taldearen jokatzeko era. Abantaila hori berak du. Baina nik esan dezakedana da oso gustura nagoela egindako lanarekin, ondo ikusi dudala neure burua, eta asko disfrutatu dudala denboraldi aurrean. Hori zen nire helburuetako bat: zelaian, entrenamendu eta partida bakoitzean, ilusio eta grina hori berreskuratzea. Lehen egunetik oso baloratuta sentitu naiz. Horri eutsi nahi diot, eta egunero gehiago eman. Izan ere, iritsi berriok ilusio eta grina hori transmititu behar dugu.

Aurreko sasoian, Realean zinela, Natalia Arroyok txandakatze dezente egin zituen atean. Hain postu zehatza izanda, atezaina ohitzen da horretara?

Aipatu dudan bezala, atezain postua oso mentala da. Baina ez bakarrik zelaian, baita zelaitik kanpo ere. Alde horretatik, aurreko denboraldian bizi izan nuenak arlo horretan asko ikasteko balio izan zidan, eta prestatuago nago halako egoera bati heltzeko.

Ilusioa eta grina berreskuratu dituzula aipatu duzu. Galdu egin zenituen aurreko denboraldian?

Bai. Urte eta erdi hau denentzat izan da gogorra, eta nik aldaketa bat behar nuen, haize freskoa. Aurreko denboraldian nabaritzen nuen ohi baino tentsio gehiagorekin joaten nintzela entrenatzera, eta ez nuela beti bezala eguneroko gauza txikiez disfrutatzen. Ez nengoen eroso.

Horrek eraman zintuen Reala utzi eta Athleticen hastera?

Bai, baina ez horrek bakarrik. Adibidez, taldekide berriak dituzunean edo klub berri batean zaudenean, egoera eta lan egiteko modu berri batzuetara egokitu behar duzu, eta asko ikasten da. Egoera berri hauetan nire onena ateratzeko aukera aurkitu dut, eta, esan bezala, gehiago eman nahi dut. Uste dut lekurik onenean nagoela horretarako. Hazten eta ikasten jarraitu nahi dut.

Aldi berean gogorra izan zen erabakia?

Oso. Txikitatik bizi izan nuen nik Reala: etxean, lagunekin... Realarekin irabazi nuen nire lehen titulua, eta denbora asko generaman etxeko jokalari multzo batek elkarrekin jokatzen. Taldekideak ez ezik, lagunak ginen, familia bat. Eta egunerokotasun hori uztea ez da erraza.

Realeko zale batzuek oraindik ez dute ulertu nola aldi berean hamar jokalarik, horietako gehienak etxekoak, taldea utzi zenuten. Zer esango zenieke?

Aipatu bezala, bakoitzak bere erabakiak hartzen ditu, eta aldi berean klub batek ere erabaki asko hartu behar ditu. Argi dago zaleei kosta egiten zaiela halako egoerak ulertzea eta onartzea. Baina futbolak halako gauzak ditu, eta jendeak naturaltasunez bizi behar ditu halako aldaketak. Ni gauza batekin geratuko naiz: elkarrekin asko disfrutatu genuela, eta oso polita izan zela.

Taldea utzi zenuenean egin zenituen adierazpenek harrabots handia izan zuten. Nola bizi izan zenuen hura?

Batzuei min egingo zien, baina beste batzuei begiak irekiko zizkien apur bat. Lasai nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.