Carlos Fernandez Liria. Filosofoa

«Ikerketa libre eta desinteresatua prostituitu egin da»

Bolognako Itunak ekarritako aldaketen aurka ozenen ari direnetako bat da Fernandez Liria; enpresa handien mende ikusten du unibertsitatea orain. Eta atzera-buelta, zail: otzan hartu du gizarteak eredu berria.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Carlos Fernandez Liria (Zaragoza, Espainia, 1959) filosofoa da, erreferentea Espainiako ezkerreko hainbat mugimendurentzat, eta lehen lerroko eragilea Bolognako Itunak —1999an Europako eremuan itundua— unibertsitate egiturara urteotan ekarri dituen erreformen aurka. Apirilean Donostian izan zen, Unibertsitate Kritikoa sarea taldeak antolatutako Hamaika ahots. Unibertsitate kritikoa eta eraldatzailea eraikitzen jardunaldian.

Bolognako Itunak unibertsitatera ekarri dituen ondorioen analisi ezin negatiboagoa da zurea. Zer aldaketa nagusi ekarri ditu?

Feudalismoaren eta nepotismoaren kontrako aldaketa bat zela adierazi zen; egitura akademikoen zurruntasunaren aurka egitea zela asmoa. Finean, ordea, aldaketak ekarri duena izan da sistema neoliberal bat ezartzea unibertsitatean. Malgutu egin da, bai; baina neoliberalismoaren zentzurik okerrenean. Egia da egitura feudal batzuk bazirela unibertsitatean, baina erreformarekin ez dira amaitu horiek, baizik eta Ilustraziotik ondare gisara jasotako unibertsitate eredua. Ondorioa izan da Erdi Aro berri bat, eta aro berri horretako jauntxoak korporazio ekonomiko handiak dira. Unibertsitatean inbertitu nahi dute, helburu jakin batekin: etekinak lortzea.

Ikerkuntzan horrek duen eragina aski larritzat daukazu. Ikerketa alor batzuk alboratzea dakar?

Irakaskuntzarako eta ikerkuntzarako unitate oso bat zen lehen katedra. Katedradunek, egia da, botere handia zuten. Funtzionarioetan oinarritutako sistema batek arriskuak dituela? Bada, bai. Baina orain katedrek unibertsitate kudeaketarako botere osoa galdu dute. Nork kudeatzen dute gaur egun unibertsitatea? Ikerketa taldeek. Oso erraz agertu eta desagertzen diren taldeak izaten dira, eta malguak: oso malguak. Epe jakin batzuen barruan baliotu egin behar dute beren jarduna, eta burokrazia infernuzko batean jardun behar dute: ebaluazio ia etengabean. Ikerketa proiektuak lortu behar dituzte, eta, horretarako, merkatuan saldu behar dute beren burua: gizarteko behar merkantilistak asetzeko gai direla erakutsi behar dute. Ildo horretan, ikerketak egiteko eskabide guztietan zehaztu behar izaten da kanpoko finantzaketa iturririk baduen proiektu horrek, eta, horrelakorik ez badago, zure ikerketa proiektuak ez du jasoko sostengurik; apurrak emango dizkizute, deus gutxi. Horrek berekin ekarri du katedra askatasuna eta ikerketa askatasuna desagertzea: eredu berriak prostituitu egin du guztiz ikerketa libre eta desinteresatua.

Lan munduaren eta unibertsitatearen arteko harremana sendotzera egiteak zentzua badu...

Bai, baina gizartea ez da jabetzen zer dagoen jokoan benetan. Zeren eta bai, eredu horrekin lau bekadunek lana lortuko dute, baina lan zaborra izango da, eta enpresa batentzat ariko dira, baina diru publikoa kobratuta. Enpresek asmatutako trikimailu bikaina da hori; izan ere, era horretan enpresek langileak pagatu beharrean, finantzaketa publikoaren bidez lortuko dituzte. Horrek, gainera, guztiz desmobilizatu ditu langile berri horiek; izan ere, ja ez dira langileak, trebatzen ari dira.

Aurrera egin du erreformak. Zail da orain hor atzera egitea, ezta?

Oso zaila. Hain handia izan da sistema honen aldeko propaganda! Espainian, behintzat, estatu mailan horretan egin zen ahalegina izugarria izan zen: beste hainbat herrialdetan ere bai. Ikaragarria izan zen, eta orain horren kontra egotea ez da batere erraza. Jendeak aise barneratzen dituen leloak erabili zituzten. Adibidez: Unibertsitatea gizartearen zerbitzuan jarri behar da... Printzipioz, erraz onartzeko moduko mezua da hori, ezta? Eta horixe gertatu zen. Hain zuzen ere, Filosofiako adarrean bakarrik esan genuen mezu hori izugarrikeria bat zela: unibertsitateak ez du egon behar gizartearen zerbitzuan. Unibertsitateak egiaren zerbitzuan egon behar du, eta soilik horrela beteko du dagokion funtzio soziala. Baina asmatu egin zuten: oso lelo eraginkorrak izan ziren.

Ekintzailetasunaren aldeko mezuak ere erruz zabaldu dira urteotan. Lotuta daude unibertsitatea ulertzeko era berri horrekin?

Pedagogo askok hartu zuten hitza garai hartan; hezkuntza erreforma bat zela zioten. Bada, ez: birmoldatze ekonomiko bat zegoen guztiaren muinean... Hezkuntzari zurruntasuna kenduko ziotela esaten zuten, dena izango zela malgua, eta bakoitzak bere erara ikasteko era izango zuela. Are gehiago: defendatzen zen pertsona bakoitza langile banan-banako bat izango zela... Horren atzean zera dago, ordea: «Zeuk bakarrik moldatu beharko duzu lan merkatuan; lan itunik gabe, babesik gabe. Biluzik egongo zara lan merkatuaren oihanean». Hori dago eztabaidaren muinean pertsona bati esaten zaionean: «Orain ja ez zara langile bat izango; enpresa txiki bat izango zara: ekintzaile bat». Baina horren atzean dagoen musika ez da txarra: jendeari gustatu egiten zaio.

Baina ukaezina da unibertsitatean keria ugari bazirela erreformaren aurretik ere. Ez al zen beharrezkoa horiei aurre egitea?

Bai. Baziren akats feudalak unibertsitatean. Baina horiek konpon zitezkeen. Unibertsitateko endogamiaren harira, esaterako, kritika handiak egin dira. Baina hori konpontzeko, adibidez, oposizioetako epaimahaietan, departamentuko bi ordezkari eta zozketaz hautatutako bi jarri beharrean, jar zitezkeen denak zozketa bidez aukeratuak. Baina ez zen hori egin. Oposizioak kentzera egin zen, eta orain endogamia handiagoa da; izan ere, ateak itxita egiten diren batzordeetako endogamia sekretua da. Bologna sustatze aldera, unibertsitatea kontrolatu behar zela ere esaten zen, eta jendeak aski gogo onez hartu zuen mezu hori ere. Ez dute pentsatzen, ordea, zer izan behar duen unibertsitate batek: ikerketa libre eta desinteresatua izan behar duen instituzio bat.

Baina instituzioa bolizko dorre bat izatea ere ez da ona. Hori saihestea guztiz zentzuzkoa da.

Bolognaren aldeko propaganda zabaldu zenean, tonaka mezu hedatu ziren esateko bolizko dorre bat zela unibertsitatea: oro zela nepotismoa. Baina propaganda hutsa zen hori; egoera ez zen esaten zuten bezain txarra, inondik inora ere. Ez dakit, akaso ni egongo naiz burbuila batean sartuta, baina nik beren ogibidea biziki maite duten lankideak ditut ondoan, eta lan asko egiten dute: etenik gabe. Nik hori ikusten dut nire alorrean. Beste toki batzuetan ez dela horrela? Bada, zuzendu dadila oker dagoena. Baina irudikatzen ditugu, adibidez, Albert Einstein eta Max Planck etengabe egiten zutenaren berri ematen? Haiek ere paperak bete eta bete jardun behar izan balute, nekez egingo zuten aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.