Manu Pineda. IUko eurodiputatua

«Israel da EBren lehentasunezko aliatua eskualdean»

Pinedak uste du Europako Batasunak adierazpenak soilik egin beharrean Tel Avivekin dituen akordioak eten beharko lituzkeela, Israelek palestinarren giza eskubideak bermatzen dituela ziurtatu arte gutxienez.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
arantxa elizegi egilegor
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Euskal Herrian da egunotan Manu Pineda (1965, Malaga, Espainia), Europako Parlamentuko Palestinarekiko Harremanetarako Batzordeko burua. Jerusalemgo tranbiak ekarri du Bilbora,CAFek haren eraikitze lanetan duen rolak, zehazki.

Zer jarrera du batzordeak Jerusalemgo tranbiari dagokionez?

Aurka gaude, legez kanpokoa delako, besteak beste. NBEk [Nazio Batuen Erakundeak] eta Europako Batasunak lurralde okupatu gisara aitortutako lurretan eraikiko dute. Bestetik, bereziki mingarria da euskal enpresa batek proiektu honetan parte hartzea, batez ere kontuan izanik Alston eta Siemensen gisako enpresek uko egin diotela, legezkotasuna merkataritza interesen aurretik jarriaz. Guretzat ulertezina da enpresa honek legez kanpoko proiektu batean parte hartzea, ziurrenik epe ertainean ondorioak izango dituela jakinda. Zeren jakingo duzuenez, NBEk apartheid erregimenarekin elkarlanean aritzen diren enpresen zerrenda bat osatzen du, eta horrek baditu ondorioak. Guk, gainera, zerrenda hori osatzen jarraitzearen alde egingo dugu, nahiz eta horrek kalte egin CAFen moduko enpresa bati.

Enpresako zuzendaritzarekin hitz egiten saiatu zarete?

Europako Parlamentuko Palestinarekiko Harremanetarako Batzordeko presidente gisa, CAFeko zuzendaritzarekin biltzeko eskaria egin dut, eta ukatu egin didate. Baina guk lanean jarraituko dugu nazioarteko legedia eta Palestinako herriaren eskubideak defendatzen, ulertzen dugulako enpresek ez luketela elkarlanean aritu behar Israelekin haien eskubide urraketan.

Zein da enpresaren jarrera?

Tira, haiek aurrera doaz. Hori dakigu hemengo kideek hala berretsi digutelako, haiek ez baitute gurekin hitz egin nahi izan. Ez da legea urratu gabe ere nolabaiteko etika errespetatzen ez duten negozioen aurrean gauden lehen aldia. Adibidez, Saudi Arabiarentzako gerraontziak egiten dituzten ontziolen kasuan, kontuan hartu behar dugu hango erregimenak ontzi horiek baliatzen dituela Yemen bonbardatzeko. Baina, halakoetan, maiz, enpresak berak eta sindikatuek esaten digute hori egin ezean itxi egin beharko dutela. Hori ez da, ordea, CAFen egoera; hark baditu nahikoa proiektu, ekonomikoki ondo dago, eta lantalde guztiarentzat lana bermatua du Jerusalemgo proiektuari uko egiten badio ere.

Lehen aipatu duzu Europako Batasunak maiz salatu izan duela lurralde okupatuetako egoera. Baina, aldi berean, ez du egin urrats gehiagorik.

Hala da, bai. Batzordeko burua naizenez, ia hilabetero hitz egin behar izaten dut gai honetaz [EBko diplomaziaburu Josep] Borrellekin. Egia da adierazpen akasgabeak egiten dituela legez kanpoko kokagune berri bat iragartzen dutenean edo Israelek Palestinako herriaren aurkako indarkeria handitzen duenean, eta, gehienetan, ez dugu kexarik horien inguruan. Arazoa da adierazpen horien ostean, ez dela urratsik egiten. Europako Batasunak baditu tresnak Israel estu hartu ahal izateko. Harekiko elkarlanerako akordioaren bigarren tituluaren arabera, bi aldeek giza eskubideen errespetua bermatu behar dute, eta Israelek egunero urratzen du hori. Guk eskatzen dugu elkarlanerako akordio hori eteteko Israelek bere zatia betetzen ez duen bitartean. Esaterako, EBren teknologia eta ikerketarako Horizon programan parte hartzen du Israelek, eta hura baliatzen du bere arma industria finantzatzeko, besteak beste. Lurralde okupatuetako produktuak EBn saltzea ere baimentzen zaio. Duela gutxi lortu dugu, Europako Justizia Auzitegiak emandako epai baten bitartez, lurralde okupatuetatik datozen produktuen jatorria etiketetan agertzea, orain arte Israelgo salgaiak balira bezala esportatzen zituztelako. Baina uste dugu gehiago egin beharko litzatekeela, eta horiek legez kanpoko kokaguneetako produktuak badira, EBn ez liratekeela merkaturatu behar.

Beraz, bai, hala da. Batasunak adierazpenak egin egiten ditu, baina ez du gehiago egiten, eta hori salatu izan dugu behin eta berriz, bilera, batzorde eta batzar guztietan. Gaur [atzo], adibidez, Giza Eskubideen Batzordeko bilera bat dugu eguerdian, eta horretaz galdetuko diogu beste behin Borrell jaunari.

EBko estatu kide guztiak ez dira, hala ere, iritzi berekoak izango, ezta?

Denetarik dago, noski. Baina egia da erabaki jakin batzuetarako estatu kide guztien onespena behar dela. Esaterako, lehen aipatu dudan elkarlanerako akordioa eteteko, eta hori ez dugu inoiz lortuko, gobernu erreakzionarioenek, Esloveniakoak, Hungariakoak, Poloniakoak, hau da, eskuin muturreko exekutiboek AEBek NBEko Segurtasun Kontseiluan duten rol bera jokatzen dutelako EBn: beto eskubidea baliatzen dute Israelen aurkako neurririk onar ez dadin. Baina beste neurri batzuetarako, Horizon programako parte hartzea eteteko edo lurralde okupatuetako produktuak debekatzeko, ez litzateke beharrezkoa erabateko adostasuna lortzea.

Zergatik ez dira, orduan, halako neurriak onartzen?

Borondate politikoa da arazoa. Israel da EBren lehentasunezko aliatua eskualdean. Hala, ez zaio gustatzen Israelek horren eraso lotsagabeak egitea, baina ez ditu galdu nahi akordio ekonomikoak eta aliantza geoestrategikoak. Guk uste dugu giza eskubideak errespetatzeak interes horien gainetik egon behar duela.

Ez da gauza bera gertatzen Palestinarekin.

EBk ez du Palestina estatu gisa aitortu ere egiten. Hori da egoera honen beste paradoxetako bat. Osloko akordioetan, EBk eskatu zion Palestinako ordezkaritzari aitor zezala Israelgo Gobernua eta haren menpe utz zezala bere lurralde historikoaren %78, eta esan zuen modu horretan palestinarren agintea onartuko zuketela gainontzeko lurraldeetan. Palestinako ordezkaritzak eskaera onartu eta bete egin zuen. Baina ordutik 28 urte igaro dira, eta ez EBk, ezta estatu kideek ere, ez dute aitortu estatu palestinarra; uste dut Suedia izan dela hura estatu gisa onartu duen bakarra. Beraz, bada hipokrisia puntu bat ere EBren jokabidean, ez baitu bete akordioaren bere zatia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.