Albistea entzun

Maddi Torre. Realeko jokalaria

«Oraingoz ez dugu Bayernez hitz egin; arreta ligan daukagu»

Talde txuri-urdinak denboraldi biribila egin zuen iaz, eta orduko zutarriei eutsi nahi die: joko landua, eguneroko lana eta talde giroa. Torrek uste du hori lortuz gero beste denboraldi on bat egin dezaketela.
ANDONI CANELLAD / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2022ko irailak 10 - Zubieta

Zaleekin bezala, kazetariekin ere gertukoa da Maddi Torre Realeko jokalaria. Gustuko du hitz egitea, eta nabari zaio. Entrenamendua amaitu berritan, patxadaz egin du. Talde txuri-urdinak gaur jokatuko du Atletico Madrilen zelaian (12:00 DAZN), epaileen grebaren auzia bideratzen bada.

Nola zaudete?

Nik sekula bizi izan dudan denboraldiaurrerik arraroena izan da, jokalari asko falta izan ditugulako selekzio arteko txapelketengatik. Pentsa, ostegunetik [herenegun] baino ez gaude multzo guztia batera. Baina taldea ondo dago, eta animoz garai oso onean. Denboraldiaurrean, taldea martxa hartuz joan da, haziz, hobetuz. Ondo amaitu genuen denboraldiaurrea, Euskal Herria Kopa irabaziz.

Jade Le Guily iritsi berri da. Baina nola ikusi dituzu denboraldi honetako beste hiru fitxaketak: Andreia Jacinto, Alejandra Bernabe eta Michaela Specht?

Andreia eta Alejandra oso gazteak dira. Andreia berriki sartu da taldean, min hartuta egon baita. Alejandra, berriz, oso bizkorra da. Ezkerra da, gainera, eta ezkerrek beti dute kalitate puntu hori. Azken bi partidetan bereziki oso ausart ikusi nuen, eta pixkanaka badoa gure jokoa barneratzen. Michaelak, berriz, eskarmentua du, eta pixkanaka badoa egokitzen. Talde ona eta osoa daukagu, aukera askorekin. Uste dut taldea ondo indartu dugula.

Synne Jensen abenduan iritsi zen, eta sekulako denboraldiaurrea egin du.

Synne oso sasoiko dago. Fisikoki oso indartsua da, bizkorra, abila eta teknikoki ona. Sekulako gogoarekin ari da lanean, eta jada egokituta dago. Bere denboraldia izan daiteke hau. Cecilia ere ari da pixkanaka konfiantza hartzen lesio luzetik osatuta, eta uste dut hark ere asko eman diezagukeela.

Sasoiaurrea hain arraroa izateak eduki du alde on bat ere: bigarren taldeko jokalari askok izan dute zuekin jokatzeko eta entrenatzeko aukera. Zein hausnarketa egingo zenuke haien lanaz?

Sekulako maila erakutsi dute. Esango nuke intentsitate aldetik gure gainetik egon direla. Zahartzen ari garen seinale [barrez]. Futbolistikoki ere asko erakutsi dute. Esango nuke berdin jarraitzen badute lanean horietako batzuk lehen taldearen egunerokoan egongo direla, eta jokatzeko aukera ere izango dutela.

Zuri erreparatuz, ematen du jada Natalia Arroyo entrenatzaileak euskarritzat zaituela, eta ez erdiko atzelaritzat. Jada hor ikusten duzu zeure burua?

Hala nahiko nuke. Uste dut nire ezaugarri fisikoak kontuan hartuta posturik aproposena dela. Gainera, disfrutatu egiten dut hor jokatzen, ondo pasatzen dut. Taldeari gehien eman diezaiokedan lekua dela uste dut.

Aurreko denboraldi biribilaren ondoren, zer eskatzen diozue zeuen buruari? Eta zer uste duzu eskatuko dizuetela zaleek?

Nahiz eta talde barruan gure helburuak ditugun, uste dut abiapuntua aurreko denboraldian arrakasta eman zigunak izan behar duela: eguneroko lanak eta soilik hurrengo partidan pentsatzeak. Ziur nago hala eginda posible dela aurreko denboraldiko helburuetatik gertu egotea. Nahiz eta jakitun garen ez dela erraza izango. Zaleei dagokienez, eskatzen dieguna da exijentziaren bidez gu bultzatzea. Oso itxaropentsu ikusten ditut. Zale onenak ditugu.

Langa hain goian jarrita, presiorik ez duzue antzematen? Nola lantzen duzue hori?

Aurreko denboraldietan bezala. Argi izanda zein garrantzitsua den ondo hastea, eta talde giro on bat izatea: taldekideak ondo zainduz, eta une oro batak bestearekiko konfiantza erakutsiz. Aurreko sasoian hori izan zen hain denboraldi ona egiteko sekretuetako bat, eta segida eman nahi diogu horri. Horrek egiten gaitu indartsu. Sekulako multzoa gara.

Eta joko aldetik zein izan daitezke gakoak aurreko sasoikoa errepikatzeko?

Nik uste dut iazko denboraldiaren ostean aurkariak gu ezustean harrapatzen saiatuko direla tekniko-taktikoki: adibidez, sistema aldatuz. Guk baliabideak izan behar ditugu horri erantzuteko. Hori ari gara lantzen denboraldiaurre honetan. Aurreko sasoian atzean erakutsitako sendotasunari eusten badiogu, gauza handiak egin ditzakegu, zelai erditik aurrera taldean jokalari erabakigarriak baititugu.

Atletico Madrilen aurka jokatzekoak zarete lehen partida. Zer espero duzu taldeaz eta partidaz?

Gure aldetik, talde sendoa, indartsua izatea, lehiakorra eta anbizio handikoa izatea. Haien aldetik, berriz, argi dago fitxaketa asko egin dituztela. Beste Atletico Madril bat ikusiko da. Uste dut aurreko denboraldian baino joko zuzenagoa egingo dutela, eta ez horrenbeste baloia edukitzean oinarritua. Uste dut horrek mesede egiten digula guri. Izan ere, guri baloia edukitzea gustatzen zaigu. Gure estiloa ezartzeko gai bagara, irabazteko aukera izan dezakegu. Hori lortzen saiatu behar dugu, eta ondo zaindu behar dugu haien espazioetarako jokoa. Aurrelarien abiadura baliatuz, gure erdiko atzelariei bizkarra hartzen ahaleginduko dira.

Liga nola ikusten duzu bestela?

Hain ondo ikusten dut nire taldea, aurkariek ez didate beldurrik ematen.Ondo ariko gara.

Gertu dago Bayern Munichen aurkako Txapeldunen Ligaren atariko kanporaketa. Zer pentsatu zenuen haien aurka jokatu beharko zenutela jakitean?

Aurkari ezin hobea dela txapelketa honetan estreinatzeko. Haiek talde fisikoagoa izango direla uste dut, eta gu teknikoagoa. Baina ilusioan ez gaituzte irabaziko, ziur nago. Ez diot beldurrik, eta konbentzituta nago talde hau multzoen fasera sailka daitekeela.

Asko hitz egiten duzue Bayern Munichez?

Ez dugu hitz egin. Iritsiko da momentua hura aztertzeko. Oraintxe bertan buruan Atletico Madril daukagu, eta behin hau pasatuta Vila-real.

Taldea prest dago halako txapelketa batek eskatzen duen ahalegin fisikoari erantzuteko?

Bai. Ziur nago erantzungo dugula. Batetik, sufritzen dakigun talde bat garelako, eta, bestetik, egin behar dugulako. Txapeldunen Liga jokatu nahi genuen, eta iritsi da horretarako aukera. Lan handia egin genuen aurreko sasoian aukera hau izateko, eta ez dugu lehenengoan galdu nahi.

Zer eskatzen diozu sasoi honi?

Aukera dudan heinean taldeari nire ekarpena egitea bai zelai barruan, bai kanpoan: zelaian oreka eta patxada ematea, eta gazteei erakustea zein garrantzitsua den partidaren erritmoa ezartzea; eta, kanpoan, multzoa egiten laguntzea. Hori nirekin daramat.

Denbora gehiago jokatzeko aukera ikusten duzu? Edo horrek ez zaitu kezkatzen.

Ez nau kezkatzen. Badakit Nataliak konfiantza osoa duela nigan, eta nik ere argi adierazi diot beti nagoelako taldeari laguntzeko prest.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Realeko jokalariak bost goletako bat ospatzen, gaur, Gironan (Herrialde Katalanak). ©David Borrat / EFE

Realak badaki olatu artean ere igeri egiten

Paulo Ostolaza

Neurketa ikusgarria jokatu dute Gironak eta txuri-urdinek. Sorloth (x2), Brais, Zubimendi eta Kubo izan dira golegileak.

 ©JON URBE / FOKU

«Soilik izozmendiaren punta ikusten da garaipenarekin»

Beñat Mujika Telleria

Lehenengoz hartu zuen parte Helene Alberdik nazioarteko triatloi batean, joan den asteburuan. Europako Txapelketa Bilbon jokatu zen, eta urrea kolkoratu zuen.
Juan Cruz Osasunako atzelaria eta Alexander Sorloth Realeko aurrelaria, lehian, aurreko denboraldian Anoetan jokatutako partidan. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Komeni indarberritu izana

Iñigo Lasa Fresneda

Realak eta Osasunak gaur ekingo diete norgehiagokaz betetako bost aste gogorri. Talde txuri-urdinak Gironan jokatuko du, eta gorritxoak Real Madrili egingo dio bisita

Masterseko finalerdiak jokatu zituzten herenegun gauean Nafarroa Arenan. 1.500 ikusle izan ziren harmailetan. Gehiago izango dira gaur finalean. ©JESUS DIGES / EFE

Udari txapela jarri nahi diote

Julen Etxeberria

Ezkurdia-Mariezkurrena eta Altuna-Imaz ariko dira gaur Masterseko finalean, Nafarroa Arenan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...