Albistea entzun

Patxi Frances. Orioko entrenatzailea

«Nik nahi nuen garaian iritsi zait Orio zuzentzeko aukera»

Tolosaldean hiru urte «zoragarri» eman ostean, ez da nahiko zukeen moduan agurtu. Halere, «gogoz» hartu du erronka berria. Aitortu duenez, «ordu gutxi» behar izan zituen Orioren eskaintza onartzeko.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2021eko urriak 13

Urteen zama nozitzen duen arren, begirada zorrotza ez zaio kamustu Patxi Francesi (Donostia, 1958). Itsaso zabalari begirik kentzen ez diola hartu du telefonoa, hori kolorea duen traineru bat ortzi muga zeharkatzen ikusten duen bitartean.

Denboraldia amaituta, arraun mundutik denbora batez aldentzeko gogoa izango zenuen, ezta?

Azken estropadek eragin didaten presioagatik, apur bat saturatuta amaitu dut denboraldia; besteak beste, Kontxako Banderako sailkatze estropadagatik edota igoerako kanporaketagatik. Azken hilabetea estresagarria izaten da; are gehiago, helburuak lortzeko aukera handiak dituzunean, guri [Tolosaldeari] tokatu zaigun moduan. Hortik kanpo, ordea, nahiko ondo eraman dut denboraldi osoa.

Esan zenuen taldeko gehienek jarraitzen bazuten zeuek ere Tolosaldean jarraituko zenuela. Segidarik ez da egon, ala?

Titularra izan den eskifaiatik bi arraunlarik ez zutela jarraituko jakin nuen, ezta patroiak ere. Ez dugu ahaztu behar soilik lau talde lehiatzen diren gorengo mailara igo dela Tolosaldea. Euskotren ligan maila oso altuko hiru talde daude. Onenekin lehiatu ahal izateko, aurreko sasoiko taldea mantendu eta indartu beharra zegoen, eta ez da lortu. Horregatik, taldea uzteko erabakia hartu nuen.

Euskotren ligara igotzea lortuta, beldurrik bazenuen arraunlari batzuen bila etorriko zitzaizkizuela agian?

Ez! Tolosaldean ez jarraitzeko erabakia hartu dutenek, oraingoz, datorren urtean ez dute arraunean jarraituko. Haiek hartutako erabakia guztiz errespetatu nuen.

Arraunlariak agurtzeko aukerarik izan zenuen?

Beste era batera agurtzea gustatuko litzaidake, baina egoerak dena baldintzatu du. Guztia oso azkar joan da, eta badakizu sare sozialak nolakoak diren; mundu guztiak zuk baino lehenago jakiten du albistea. Hori dela eta, agurra ez zen gustukoa izan.

Ez dizu penarik ematen azken hiru urte hauetan entrenatzaile gisa jardun zaren taldearekin gorengo mailan ez debutatzea?

Azken batean, hiru urte hauetan taldeari nuen guztia eman diot, eta Tolosaldearekin Euskotren ligan ez debutatzeagatik arantzatxoren bat sartuta geratu zait. Halere, bizitzan etapaz etapa goaz; ni beste talde batetik etorri nintzen Tolosaldeara, eta orain beste etapa bati hasiera eman diot.

2018. urte amaieran heldu zinen Tolosaldeara. Emakumezkoen talde bat zuzentzen zenuen lehen aldia zen, Orio B-n, Zierbenan, Zumaian eta Getarian aritu eta gero. Nolako trantsizioa izan zen?

Hasieratik gizonezkoen taldeetan egin ohi nuen lana emakumezkoenean islatu nuen, eta Tolosaldeako arraunlarien erantzuna oso ona izan da, batez ere, ikasteko, hobetzeko eta estropadetan guztia emateko gogoa erakutsi dutelako. Lan egiteko erraztasun handiak eman dizkidate, eta eskertua nago alde horretatik. Uste dut hiru urte hauetan hasieratik nahi nuena lortu dudala.

Zer eman dizu emakumezkoen talde bat zuzentzeak?

Asko gozatu dut. Hori da hitza. Entrenamenduetara gustura joaten nintzen, eta asko bizitzen nituen. Aste bat igarotzen zen bakoitzean, hurrengo egunean uretako entrenamendua iristeko irrikaz nengoen. Esaten nizkien aholkuak berehala jartzen zituzten praktikan.

Talde oso gaztea zenuela kontuan hartuta, arraunlariek hiru urteotan sekulako saltoa eman dute. Hainbat bandera eta bi ETE liga irabazi dituzue, besteak beste. Zein izan da sekretua?

Neskek egin duten lan handia. Lehen egunetik helburu bat genuen markatuta; eta hori lortzeko, bai entrenamenduetan, baita estropadetan ere, seriotasunez jardun dute. Talde apala izan dut eskuartean, batasun handikoa eta etxekoa. Horrek guztiak eraman gaitu talde lehiakorra izatera.

Eta orain Oriora itzuli zara berriz ere: baina ez arraunlari gisa, entrenatzaile moduan baizik. Zer sentitzen duzu?

Pozik sentitzen naiz. Orioren deiak ezustean harrapatu ninduen; arratsaldea zen, eta Realaren partida ikusten ari nintzen Xantik [Zabaleta Orioko entrenatzaile ohia] taldean jarraitu behar ez zuela ohartu nintzenean. Gauean klubeko zuzendaritzarekin elkartu, eta ordu gutxi behar izan nituen baiezkoa emateko.

Nolatan hain azkar?

Orio betidanik egon da nire bihotzean. Arraunlari eta Orio B-n entrenatzaile gisa egin nituen urteen oroitzapen oso onak ditut. Horrek pisu handia izan du hartutako erabakian. Bestalde, lagun zahar batekin elkartuko naiz berriz: Rafa Gonzalez de Txabarri prestatzaile fisikoarekin. Konfiantza handia transmititu dit, eta horrek ere asko erraztu dit eskaintza onartzea.

Talde handi batera saltoa emateko momentua garairik onenean heldu zaizu?

Bizitza marra baten gainean joan ohi da, baina batzuetan une onak iristen dira, aurretik bizi izan nituen moduan. Nik nahi nuen garaian iritsi zait Orio zuzentzeko aukera. Buruz lasai eta indartsu sentitzen naiz, eta prest nago erronka handi honi aurre egiteko.

Zein da zure indargunea?

Jendeak nitaz pentsatzen duena esan diezazuket. Ontzia azkar ibiltzeko nahia arraunlariei ahalik eta ondoen transmititzen saiatzen naiz. Trainerua ez izatea gabarra baten modukoa; wattioengatik bakarrik irabazi behar izatea. Arraunlariak arrauna ondo gobernatu behar du, traineruak uretan irrist egin dezan.

Taldean aldaketak egongo dira? Tolosaldeatik joandako arraunlariren bat batuko da? Zer aurreratu dezakezu?

Azken denboralditik aldaketaren bat edo beste egongo da. Haien hutsuneak betetzeko beste taldeetako zenbait arraunlarirekin hitz egiten ari gara. Halere, ez dugu erotu behar; orain arte landu eta indartu den oinarriari garrantzi handia ematen diot.

Orion bederatzi urtez aritu zinen arraunlari gisa, eta lau Kontxako Bandera irabazi, 1992an, 1996an, 1997an eta 1998an. Garai haietan, gainera, Xanti Zabaleta Orioko prestatzaile ohiarekin aritu zinen Kanpa ontziaren tostartean. Harekin hitz egiteko aukera izan duzu?

Harreman ona dut; arraunlari gisa, taldekideak ginen, eta entrenatzaile moduan, berriz, aurkariak. Egoeraren arabera, deitu behar badiot, deituko diot.

Oriok Xanti Zabaletarekin emaitza onak lortu ditu; besteak beste, bi Euskotren Liga eta bi Kontxako Bandera irabazi ditu. Zabaleta gainditzea zaila izango al da?

Oso zaila izango da, baina saiatuko naiz. Xantik Orioren emakumezkoen taldearekin egin duena ikaragarria izan da. Hau Orio da, eta oriotarrek banderak nahi dituzte. Baina egindako lan ona ere badakite eskertzen. Urteak joan eta urteak etorri, Oriok helburu bat eta bakarra du: irabaztea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aritz Elustondo, Imanol Alguacil eta Mikel Merino, Zubietan egindako azken entrenamenduan. ©MANIX DIAZ DE RADA / REALA

Irabazteko garaia du

Jon Ander De la Hoz

Realak hiru puntuak behar ditu Sturm Grazen aurkako partidan, Europan ondo kokatzeko. Ustez, multzoko kontrariorik ahulena da

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Azken urte eta erdian asko sufritu dut; burumakur nengoen»

Mikel O. Iribar

Azken hamasei hilabeteak ez dira garairik samurrenak izan Zaratamokoarentzat, hainbat arrazoirengatik. Pixkanaka, sentipen «hobeagoak» ditu. Bihar, Lasoren aurkako partida erabakigarria jokatuko du, Zallan.
Tinara Moore Gernikako jokalaria, atzo, Malosten. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Gernikak ezin izan dio irabazi Roche Vendeeri, Eurokopan

Berria

Bizkaitarrek 78-90 galdu dute Frantziako taldearen aurka, Eurokopako bigarren jardunaldian, Malosten

Natalia Arroyo Realeko teknikaria, Levanteren aurkako neurketan. ©Gorka Rubio / FOKU

Arroyo: «Talde ona dugu, ilusioa pizten duena»

Jone Bastida Alzuru

Natalia Arroyo Realeko entrenatzaileak adierazi du Realaren proiektuan sinesten duela, eta azpimarratu horren parte izaten jarraitu nahi duela. Goiko postuetan egon nahi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.