Luis Lira. Venezuelako Informazio ministrordea

«Migrazioari buruzko informazioa 'fake news' handi bat da»

Liaren ustez, venezuelarren emigrazioarena AEBek, EBk, Kanadak eta Venezuelako nahiz nazioarteko eskuinak sustatutako auzia da, krisi ekonomikoaren aitzakian esku hartzea bultzatzeko beste estrategia bat.

BERRIA.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Luis Lira Euskal Herrian izan da Venezuelatik iristen diren albisteei buruz gobernuak duen iritzia ematen; haren ustez, gezurrak baitira herrialde hartaz esaten direnak. Europako hainbat herrialdetan egiten ari da bira.

Nazio Batuen Erakundeak emandako datua da: 2,3 milioi venezuelarrek emigratu dute 2014tik. Kopuru hori darabil gobernuak ere?

2,3 milioi venezuelar bizi dira Venezuelatik kanpo, baina ez dira2014tik alde egindakoak. Guk, NBEren datuak erabiltzen ditugu, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak darabiltzanak. Kolonbiara 460.000 joan dira, eta orokorrean 800.000 pertsona direla uste dugu, baina inolaz ere ez 2,3 milioi.

Agerikoa da azkenaldian jende askoz gehiago doala. Kolonbia, Brasil, Ekuador, Peru, Panamak... hainbat neurri hartu dituzte emigrazioa geldiarazteko. Zer iruditzen zaizkizu neurriok?

Gobernuari presioa egiteko modua dira, venezuelarren kontra mezu xenofobikoak zabalduz. Venezuelarren mugikortasuna handitu da herri horien mugetara, hori ukaezina da, baina ez dira errefuxiatuak, Limako Taldeak sinetsarazi nahi duen bezala. Ez dira gerra bateko desplazatuak, Venezuelara Kolonbiatik datozenak bezala. Venezuelan 6.500.000 kolonbiar bizi dira, 300.000 espainiar, 550.000 portugaldar, 500.000 ekuadortar, 400.000 perutar... Venezuelako herritarren %30 inguru dira, 30 milioi biztanletik ia hamar milioi, hainbat garaitan etorritakoak. Venezuelak ez du sekula baliabiderik eskatu immigrante horiek babesteko, eta ez ditu baztertu. NBEren txosten baten arabera, Kolonbiatik Venezuelara etorri direnen %90 ezer gabe etorri ziren, eta, aldiz, Venezuelatik Kolonbiara doazenen %70ek paperak dituzte. Venezuelara etorri ziren kolonbiarren %70 alfabetatu gabeak ziren, eta, aldiz, kanpora doazen venezuelarrek, %60 inguruk, tituluak dituzte, unibertsitarioak, edo erdi mailako tituluak. Kolonbiarren %90ek ez zuten lanik; aldiz, Venezuelatik doazenak lana utzita, jabetzak salduta joaten dira, gutxi edo gehiagorekin, baina baliabideekin.

Nolabaiteko maila ekonomikoa dutela esaten ari zara.

Bai, gehienek estatus jakin bat dute, langile profesionalak dira. Gerra psikologikoak jota daude, etengabeko albisteen erruz desesperantzan erorita. Pentsatzen dute beren herrian ez dutela garatzeko aukerarik izango, baina beste herrietan egoera okerragoatopatzen dute.

Ezin uka etorkizun beltza dagoela Venezuelan.

Herrialdea erresistitzen ari da. Arlo sozialean inbertitzen jarraitu dugu, zailtasun ekonomikoak zailtasun. Etxebizitzak ematen jarraitzen dugu, 2.194.000 etxebizitza eman ditugu La Gran Mision Vivienda programaren bidez. Gure zahar guztiek dute gutxiengo soldatari dagokion pentsioa, baina bahimendu ekonomikoaren ondorioz, venezuelarren eroste gaitasunak behera egin du.

Alfred de Zayas NBEko aditu independenteak aurkeztu berri du txosten bat, eta, ondorioztatu duenez, krisi ekonomikoa erabilita, giza eskubideen instrumentalizazio bat dago esku hartze militarra sustatzeko. Kritika asko izan ditu. Zer diozu?

Guretzat, De Fayas adituak Venezuelan gutxieneko inpartzialtasuna duen edozein behatzailerentzat agerikoa dena ondorioztatu du: migrazioen inguruan dagoen informazio guztia fake news handi bat da. AEBetako Estatu departamentuak agindua eman, eta osatuz eta puztuz joan dena. AEBek erabaki dute krisi humanitarioa dagoela, eta esku hartu beharra dagoela. Eta diskurtso hori errepikatzen ari da Venezuelako eta nazioarteko eskuina. Etengabe diote krisi humanitario bat dugula, esan gabebenetan zein diren arrazoiak.

Eta zein dira arrazoiak, zure ustez?

Nazioarteko komunikabideek ez dute esaten bahimendu ekonomiko bat dagoela Venezuelaren kontra. Iraultza bolivartarrak lortu du ekarpen sozialak sendotzea. Atzean utzi genituen milioi bat alfabetatugabe; sendotuz joan da doako osasun sistema, oinarrizko, bigarren hezkuntza, eta unibertsitatea. Baina garai ekonomiko zailak bizitzen ari gara, eta oso konplexua egiten ari zaie herritarrei hainbat elikagai eskuratzea.

Maduroren gobernuak Europako Batasuna, Kanada eta batez ere AEBak egiten ditu egoeraren erantzule.

Baieztatuta dago EBren, Kanadaren edota AEBen zigorrak pertsonen kontrakoak direla. Venezuelari eragozten diote transakzioak ordaintzea, elikagai edo botikentzat. Zenbat bankuk blokeatu dituzte Venezuelako kontuak? Baina herria erresumintzen denean Venezuelako Gobernuaren errua dela diote. Ez da gerra bat tankeekin, baina tantaka-tantaka ekonomia suntsitzen ari dira.

Hobetu da neurri ekonomiko berriekin?

Jakina. Madurok moneta berria martxan jarri, eta bolibarrak petrora egokitzearekin, jendeak berehala ikusi du aldea, eta produktuak eskuratzen hasi da berehala. Orain, ezinezkoa da esatea, krisi ekonomikoaren ondorioz jendea goseak dagoela.

Petroliora mugatutako neurriez, eta zigorren ondorioz, noiz arte iraun dezake gobernuak?

Latinoamerikako hainbat herriren laguntza izan genuen elikagai kutxarako, eta, gaur egun, Turkia ari zaigu laguntzen. Beti dago herriren bat elikagaiak prezio on batean ematen diguna. Eta AEBetatik kanpo, mundu bat dago Asian negozioetarako prest.

Politikoki, ez dauka egoerak aldatzeko itxurarik. Negoziazio prozesuek abiatu orduko huts egiten dute.

Oposizioak ez du hitz egin nahi. Hauteskunde prozesuak baztertuz gobernua eskuratu nahi du, eta guk espero dugu nazioarteko babesari esker, eta modu baketsuan, herritarrek erabakitzen jarrai dezatela. Ez dadin indarkeria erabiliz izan. Oposizioak bere abagunea izan zuen legebiltzarreko bozak irabazi zituenean, baina uste izan zuten legebiltzarretik gobernatu ahal izango zutela. Gaur egun, ez dute adostasunik lortzen men egiten ez duen parlamentu horrek onartu dituen legeen gainean ere, eta ez dute beren diskurtsoa saltzea lortu. Ez ziren hauteskunde konstituziogilera aurkeztu. Eskualdeetako hauteskundeetara, berriz, oposizioko batzuek aurkeztea erabaki zuten, eta 23 gobernazioetatik lautan irabazi zuten. Gobernadore horiek beren eskualdeetan gobernatzen dute, behar den bezala. Chavezek zioen, eta Madurok ere badio, oposizio serio baten falta dugula, gobernabideari buruzko eztabaidak bideratzeko.

Herritar askoren deskontentuak, ordea, ez al dio zeresanik ematen gobernuari?

Vuelta a la Patria planarekin, adibidez, 3.000 pertsona itzuli dira, eta horietako gehienak oposiziokoak dira, baina esan diegu denen beharra dagoela, herriak eraikitzen baitira herritar ororekin, eta herriaren barruan parte hartuz eta eraikiz. Oposiziokoei esaten ari gara berreraiki dezatela beren ideario politikoa, ezkerreko jarrera iraultzaileari aurre egingo diona, baina demokratikoki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.