Jonathan Rousselle. Surne Bilbo Basketeko jokalaria

«Presio handia geneukan, baina gure onena eman genuen»

Aurreko sasoiko lesioa osatzen ari zaio oraindik Rousselleri, eta badaki pazientzia izan behar duela lehen bezala aritzeko. Liga makal hasi zuten, baina, kapitain gisa, «konfiantza» helarazi zien taldekideei.

AITOR ARRIZABALAGA.
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Aldapan gora jardun da Surne Bilbo Basket azken hilabetean. Lehen bost jardunaldietan galdu besterik ez zuen egin Alex Mumbruren taldeak, baina azkeneko bi jardunaldietan eguzkia atera da. Fuenlabradari eta Burgosi irabazi diote bizkaitarrek Miribillan, eta horrek taldea indarberritu du etzi Manresaren (Herrialde Katalanak) aurka jokatu beharreko lehiari begira (20:00). Katalanek garaipen bat gehiago daukate patrikan. Jonathan Rousselle (Seclin, Frantzia, 1990) Bilbo Basketeko kapitainaren iritziz, «defentsan ondo aritzea» izango da sasoiko hirugarren garaipena eskuratzeko gakoa: «Manresak taldeko oso joko ona du».

Ez duzue izan denboraldi hasiera erraza: lehen bost partidak galdu zenituzten. Zer deritzozu?

Egutegiak ez digu asko lagundu. Gainera, ligan ia esperientziarik ez duten jokalariak ditugu taldean, eta horrek dena zailtzen du. Galdu arren, partida guztietan izan gara lehiakorrak, Zaragozaren aurka izan ezik. Gauza positiboak atera ditugu galdu ditugun partidetatik.

Espero al zenuten horren pattal hastea?

Ez. Partida jokatu aurretik inoiz ez dugu pentsatzen galdu egin behar dugula. Ondo lehiatu gara beti, baina lehen esan dizudan bezala, Zaragozaren aurkako porrota izan da gure puntu gorria. Denboraldiaurrean baieztatu genuen edozeinen aurka lehiatu gintezkeela.

Kapitain gisa, nola kudeatu duzu egoera? Taldeko psikologoa izan al zara?

Gakoa positiboa izatea zen, eta gauzak hobera egingo zutela pentsatzea. Partidak ez genituen galdu 30 punturen aldearekin; beti gertu geunden. Taldekideei konfiantza helarazi nien.

Azken bi jardunaldietan irabazi egin duzue, ordea. Zer aldatu da?

Ia ezer ez. Denboraldi hasierako berak gara, eta jokatzeko moduari eutsi diogu. Lanean jarraitu dugu, nahiz eta hasierako emaitzek ez diguten lagundu. Presio handia geneukan, baina Fuenlabrada eta Burgosen aurka gure onena eman genuen.

Gainera, garaipen horiek balio handiagoa dute, biak Miribillan lortu dituzuelako.

Bai, noski. Beti nahiago dugu gure zaleen babesarekin jokatu. Asko gustatzen zaigu Miribillan jokatzea; zaleek energia handia ematen digute. Etxeko partida bakoitza egun handia da guretzat.

Igandean Manresaren kantxan arituko zarete. Zer itxura hartzen diozu partidari?

Oso aurkari zaila da. Nahiz eta taldean izarrik ez izan, entrenatzaileak egin nahi duen jokamoldea oso ona da. Ez da izango erraza, baina aukera bat izango dugu.

Zein izango da, zure ustez, garaipena lortzeko gakoa?

Defentsan ondo aritzea, taldeko oso joko ona daukatelako. Etxetik kanpo, defentsako lanak erasokoak baino garrantzi handiagoa dauka. Puntuak sartu arren, Manresa geldiarazi behar dugu, irabazteko aukerak izateko.

Hirugarren denboraldia duzu Bilbo Basketen. Zer bilakaera izan duzu iritsi zinenetik?

Hasieran, asko kostatu zitzaidan egokitzea. Hala ere, lehen denboraldian partida asko irabazi genituen, eta horrek taldean sartzen lagundu zidan. Urtetik urtera erosoago sentitzen ari naiz klubean, hirian, eta, batez ere, ligan. Orain, aurkariak, entrenatzaileak eta pabiloiak hobeto ezagutzen ditut, eta horrek lagundu egiten dit partidak prestatzeko orduan. Adibidez, Manresan gerta daitekeen ezerk ez nau harrituko; oso ondo ezagutzen dut taldea.

Estatistikei dagokienez, zure bigarren denboraldia lehenengoa baino hobea izan zen. Hobetzea espero duzu, ala ez diezu asko erreparatzen halakoei?

Benetan uste dut taldea dela garrantzitsuena. Baina nire estatistikak onak badira, gehiago lagundu dezaket. Orduan, taldeari garrantzi handiagoa ematen diot, baina nirea alde batera utzi gabe. Taldeko jokalaria naiz.

Joan den denboraldiko azken zatian ez zenuen jokatu, orpazurdan izandako lesio baten ondorioz. Partida guztietan jokatzen ari zara denboraldi honetan, baina zer moduz zaude?

Aurreko sasoia lortu nahi dut. Nire lehen lesio handia izan zen, eta ebakuntza egin behar izan zidaten. Badakit ez naizela egun batetik bestera itzuliko nire maila onenera; beraz, pazientzia izan behar dut, eta buruarekin lan egin. Duela hilabete baino hobeto nago, baina sentsazioak hobetzea falta zait.

Nolakoak izan ziren lesioaren ondorengo hilabeteak?

Ohiko osaketa bat izan zen. Ebakuntza apirilaren 23an egin zidaten, eta lau eta sei hilabete arteko epea jarri zidaten. Udan lan egin nuen nire onera etortzeko. Dena ondo atera zen, eta, orain, ez dut minik.

Aurreko denboraldian taldeko kapitain izendatu zintuzten. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Harrotasun handia da Bilbo Basket bezalako klub bateko kapitaina izatea. Gainera, ez da kapitaina naizen lehen aldia, baina oraingoari garrantzi handiagoa ematen diot, atzerritarra naizelako.

Erantzukizun handiagoa sentitzen duzu kantxan eta hartatik kanpo?

Kapitain ona izateko gaitasunak ditudalako aukeratu naute. Ezin dut nigan pentsatu soilik; guztiengan egin behar dut. Taldea beti dago norberaren aurretik.

Zure aurretik Rafa Martinez izan zen kapitaina. Zer ikasi zenuen harengandik?

Ohore bat izan zen harekin jokatzea; asko ikasi nuen harengandik. Aldagelan ez zuen asko hitz egiten, baina taldea bikain kudeatzen zuen.

Sasoi amaieran bukatuko zaizu kontratua. Non ikusten duzu zure burua datorren sasoian?

Kirolean etorkizuna biharko eguna da. Manresaren aurkako partidan pentsatzen ari naiz. Dena den, oso gustura nago Bilbon. Ikusiko dut zer egiten dudan, baina ez dut denbora galtzen horretan pentsatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.