Albistea entzun

Arrauna. Jon Larrañaga. Getariako entrenatzailea

«Arraunlariek egin dute dena; nire eragina txikia da»

Eskerrak «erreboteko entrenatzailea» izan zen. Duela lau urte «ezer jakin gabe» baiezkoa eman izana, gaitz erdi. Orduan hamabi arraunlariz hasi zen taldea gogoangarri aritu da uda honetan. Eta arnasa eman dio arraunari.
AITOR ARRIZABALAGA / TRAINERUEN KLUBEN ELKARTEA Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola Garate -

2022ko irailak 15 - Getaria

Laneko eguna Ibardin inguruan pasatu ondoren heldu da iluntzean herriko arraun elkartera Jon Larrañaga (Getaria, Gipuzkoa, 1979), traineruko entrenatzailea. Furgoneta aparkatu, jaitsi, arraunerako arropak han bertan jantzi, eta elkarrizketa eman dio BERRIAri. «Egunero izaten da horrela». Elkarrizketarena izan ezik, beste guztia.

Arrauna profesionalizatzen ari dela-eta hartu dira Kontxako Banderan arraunlariak eta zaleak bereizteko neurriak. Zure ibilera hauek ikusita, profesionalizazioa urrun ez ote dagoen...

Batzuk ariko dira profesionalizatzen. Kontxakoa aurtengoa gehiegizkoa iruditu zait, arrapala itxita edo erdi itxita edukitzea horrek kentzen dion guztiarekin. Gauza bat da mugak jartzea, arraunlariek lekua behar dutelako, baina hartutako neurri horiek atzerapauso latza iruditzen zaizkit. Guk Kontxan sartu nahi izan dugu zaleengatik ere bai, arrapalatik pasatzea jende artetik. Aurten, ezin. Gure semeari-eta pasatzen ez zieten utzi eta.

Gazte zinela sailkatu zinen zu lehen aldiz Kontxarako, 2001ean, Zumaia-Getaria taldean. Zuk bizi izandakoa ikusi diezue orain zure arraunlariei aurpegietan?

Bai. Betirako gogoratuko naiz lehen harekin, eta hauek ere aurtengoarekin. Baita ni ere. Orain dela hiru urte, Pedreñan irabazi genuen aurreneko bandera KAE 1 ligan, eta hura ere ez dut ahazteko. Bi egun handi horiek hor geratuko dira.

Zure bitartez lortu dute arraunlariek hori guztia. Zer sentitzen duzu horregatik?

Dena. Ez dut banderarik behar hauen poza ikusita. Arraunlariek egin dute dena. Bide bat irekita zegoen hemen, eta hor segitzea izan da. Nire eragina txikia da.

Zer dauka zurea talde honek?

Ez dut behin ere pentsatu. Arraun egiteko era izan daiteke, baina umetatik oso zehaztua ekartzen dute. Garbi neukan nola nahi nuen taldeak arraun egitea, eta hemengo bidetik ez naiz asko aldendu.

Eskola ona izan duzu entrenatzaileekin. Haien eragina ere baduzu?

Luxiak [Luis Mari Olasagasti] asko markatu ninduen, bederatzi urte egin nituen harekin. Eta Orbañanosek ere asko.

2018ko azaroaren 13an baieztatu zuen klubak zu zinela Getariako entrenatzaile berria. Hor bada zer kontatua.

Bezperan gauzatu zen. Erreboteko aukera nintzen. Beste batek ezezkoa eman zuen, eta hemen arraunlari gutxi zeuden. Zuzendaritza zertan ari zen banekien, eta esan nien sekula ez zitzaidala burutik pasatu entrenatzaile izatea; beste bide batzuk hartzeko. Baina bide horretan ezezkoa jaso, eta bueltan-bueltan, ni entrenatzaile. Gauzak nola zeuden ikusita, bihotzak esan zidan onartzeko.

Orduan ez zen oraingo kontu politik, ordea.

Ez horixe. Bilera egin genuenean, hamabi arraunlari zeuden. Kolpea latza izan zen. Baiezkoa emana neukan, eta zegoenari heldu behar. Beldurtu ere egin nintzen, zer egin nuen pentsatzen hasi ere bai. Azkenean, moldatu genuen taldea hamabost arraunlarirekin. Hirugarren izan ginen KAE 1 ligan, eta hiru bandera irabazi. Ustekabeko urtea izan zen.

2019ko udazkena lasaiagoa izan zenuten?

Bai. Arraunlari gehiago gerturatu ziren, eta bidea eta arraun egiteko era nahiko garbi zeuzkan jendeak. Txarrena izan zen buruko min gehiago izan nituela, zein jarri eta zein kendu. Urte oso ona izan zen, nahiz eta banderarik atera ez.

Zure hirugarren denboraldia iazkoa izan zen, eta, hara non, igoera lortu zenuten. Hala lortu nahi izan zenuten?

Bai zera! Gure lehen helburua beti mailari eustea izan da. Eta hurrengo urtean trainerua uretan izatea. Emaitza onek ere ez dute bermatzen hemen traineruak uretan segitzea. Igotzea ez zen helburua, eta ez dut uste oso aldekoa nintzenik ere.

Ez?

Jauzi handi samarra iruditzen zitzaidan taldearentzat eta klubarentzat, zer eragin izango ote zuen gero balizko jaitsierak.

Jaitsi? Tokitan geratu zarete: liga nagusian bosgarren.

Muga ukitzen denean, joera behera egitekoa izaten da. Goia jo, urtebete egin, eta agian, utzi gero. Klubarekiko beldur hori neukan, lehengo oinarrira heldu ezinda geratzea. Baina ondo atera da.

Kezka bera duzu orain?

Beti. Ni neu, adibidez, azkeneko 21 urtean urtero ari naiz esaten utzi egingo dudala.

Aurten utziko duzu?

Arraunlari, bai. Oso ziur.

Goia jo al du talde honek?

Ez. Gazteak dira, eta badaukate hobetzen segitzeko tartea.

Datorren urtean hobeto, baina arrauna ez da matematika, ezta?

Hori da. Begira aurten Ondarroari. Neguan oso ondo ibili zen, baina ligan larri ibili da bolada batzuetan.

Iaztik aurtengora, arraunlariak gehiago estutu dituzu?

Pixka bat, exijentzia handiagoa delako Eusko Label ligan.

Soinua ala zarata dabil taldean datorren urterako?

Galdetu ere ez dut egiten, badaezpada. Etorriko dira pentsatzeko garaiak.

Zein da talde honen sekretua?

Oso talde fidagarria izan gara. Egun txarrik ez dugu eduki. Gose handia dute arraunlariek, eta esandako dena egiten dute. Eta mentalitate ona dute. Nik helburua jarri, eta hauek gehiago nahi. Neu izango naiz ezkorra, akaso. Edo errealista. Nahi duten helburua lortzen ez bada, kolpea biguntzeko nago ni.

Talde batek ondo ibiltzeko ezinbestean behar ditu arraunlari onak. Hemen, oraindik izenik ez dute izango, baina egon badaude?

Bai. Baliteke bana-banako arraunlariak izatea etorkizunean, baina oraindik ez daude beste taldeetako handi-handi horien pare ez. Bilakaera onean doaz.

Zein izan da zurea lau urte hauetan entrenatzaile arituta?

Ni ere ikasten ari naiz. Lehen egunean esan nien ez nekiela ezer.

Orain zer dakizu orduan ez zenekiena?

Gauza gutxi gehiago. Traineru barruan joan eta sentitzea gauza bat da, eta kanpotik hori bera sentitzea oraindik ez dakit. Joango naiz ikasten.

Zer da txarrena entrenatzaile ofizioan?

Erabakiak hartzea, eta baten bat kanpoan lagatzea. Azkenean, zuk bezala lan egin duen bati aukera ez ematea oso gogorra da. Aurten, Kontxan garbi neukan denok egin behar genuela arraunean bi igandetan, baina, eguna heltzean, dudetan hasi nintzen: burua edo bihotza. Hor pasatu nituen urteko unerik txarrenak. Bihotzari segi nion, eta denok egin genuen arraun.

Ikusten duzu zeure burua entrenatzaile urte luzez?

Ikusten dudana da han behean dagoen laneko furgoneta. Bihar lanera joan behar dut. Ordu asko kendu dizkit arraunak, familiari eman ez dizkiodanak, adibidez. Iritsiko da egun bat, eta nahikoa dela esango dut. Hurrengo urtean zer egingo dudan ez dut pentsatu, Gustatuko litzaidake hauei laguntzea, baina urtero esan diet zuzendaritzakoei baten bat bilatuz gero, ekartzeko, gustura asko apartatuko naizela. Iaz esan nuen kito, baina segitu egin nuen. Aurten burua lasaiago daukat, baina pentsatu egin behar dut.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©ICON SPORT

«Ezin da esan etxetik kanpoko partidetan ondo aritu ez garenik»

Iñaki Berastegi

Baionan lehen sasoia du Facundo Boschek. Uste du taldeak «espero baino hobeki» hasi duela denboraldia. Lyonen aurka jokatuko dute etzi (17:00), Jean Daugerren. Aurkari indartsua da Frantziako taldea.
Stephanie Frappart epailea. ©Juanjo Martin / Efe

Hiru emakumek zuzenduko dute gaur Alemania-Costa Rica partida

Ainara Arratibel Gascon

Stephanie Frappart izango da epaile nagusia, eta Neuza Back eta Karen Diaz marrazainak. Lehen aldia da emakumezko batek gizonezkoen Munduko Kopako partida bat zuzentzen duela.

<em>Crypto.com</em> eta Budweiser enpresen publizitatea, Ingalaterraren eta Galesen arteko partidan. ©GEORGI LICOVSK / EFE

Babestua dago Munduko Kopa

Ainara Arratibel Gascon

Qatarren, debekatua dute edari alkoholdunak saltzea eta kriptodirua erabiltzea, baina Munduko Koparen babesle dira, besteak beste, sektore horretan ari diren hainbat enpresa eta marka.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...