Imanol Lopez. Puntista

«Hau da denok nahi genuena; kostata, baina iritsi da»

Irabaz daitekeen ia guztia irabazi du Lopezek, baina gehiago nahi du: Winter Seriesen txapela. Beaskoetxearekin ariko da finalean igandean, haren agurrean. «Gogor» saiatuko da eguna «biribila» izan dadin.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Gernikarren festan burua sartu du Imanol Lopezek (Zumaia, Gipuzkoa, 1984). Baina hura «etxean bezala» aritzen da Gernika-Lumoko (Bizkaia) Jai Alai frontoian. «Oso kutuna dut; han debutatu nuen, 2003an; ehun ikusle eskas zeuden. Zorionez, orduko egoerak ez du antzik egungoarekin».

Lehen aldiz jokatuko duzu Winter Series txapelketaren finala. Diego Beaskoetxearekin ariko zara Xabi Barandikaren eta Unai Lekerikaren aurka, igandean, Gernikan. Pozik?

Bai. Oso berri ona da zestak eta txapelketak oihartzun handia lortu izana. Hau da denok nahi genuena. Kostata, baina iritsi da. Orain, denok egon nahi dugu barruan.

Finala jokatzea zen helburua?

Nire helburua beti da finalak jokatzea eta irabaztea. Baina, horretarako, lehen partidak irabazi behar dira; zailenak dira, bikotekidearekin kimika lortu beharra baitago. Lehenik, hori prestatzen dut buru-belarri, eta, gero, horri eusten saiatzen naiz.

Finalera iritsi zarete Beaskoetxea eta zu. Elkarrekin oso ondo moldatu zareten seinale da hori.

Ondo moldatu gara. Ni beti izan naiz abila lantaldeak sortzen; indar guztia bideratzen dut bikotekidearekin harremana egitera;horri esker, emaitza onak lor ditzakezu. Nik oso argi dut ez nagoela bakarrik kantxan. Bi behar dira txapela irabazteko. Ardurak alda daitezke egunaren arabera, baina nik oso argi dut lantalde batek irabazten duela txapela.

Nola egiten duzu lan hori?

Pertsona guztiak ez dira berdinak: batzuekin, gehiago hitz egin behar duzu; beste batzuekin, aldiz, nahikoa da begirada bat; eta beste batzuekin, guzti-guztia eman behar duzu emaitzak lortzeko. Ni moldatu egiten naiz beti bikotekidearengana. Hura aztertzen dut, eta, hori egin ondoren, plan zehatza pentsatzen dut, eta aurrera eramaten ahalegintzen naiz.

Hori egin duzu Beaskoetxearekin?

Diegok eta biok daukagun abantailarik handiena da aspaldi ezagutzen dugula elkar; elkarrekin bizi izan ginen AEBetan, Danian. Horri esker, naturaltasunez aritu gara. Zerbaiti garrantzia eman badiogu, gauzak argi izateari eman diogu; gauzak argi badaude, errazago egiten eta gauzatzen dira.

Zer-nolako lana egin duzue?

Behetik gora egin dugu. Estu samar hasi ginen, eta Goikoetxeak eta Etxetok astindua eman ziguten. Argi geratu zitzaigun gehiago egin behar genuela lan. Bigarren partida, berriz, nagusitasunez irabazi genuen [Urko Lekerikari eta Minvielleri]. Hirugarrena, ordea, asko sufrituta irabazi genuen. 4-2 ari ginen galtzen hirugarren setean gazteen kontra [Johan eta Del Rio], eta gai izan ginen emaitza iraultzeko. Horrek konfiantza handia eman zigun. Zera pentsatu genuen: «Gaur irabazi badugu, finala joka dezakegu». Hala izan da.

Beaskoetxeak esana zuen txapelketa amaituta erretiratuko zela. Horrek eragin dizue?

Ardura handiagoa izan dugu. Ni ez naiz gehiegi arduratzen diren horietakoa, baina ardura handiagoahartu nahi izan dut Diegori presioa kentzeko. Nik banekien zaila izango zela Diegorentzat halako presioarekin jokatzea finalerdia. Ez diot hori Diego delako; edonorentzat litzateke zaila. Hauxe esan nion Diegori: «Egin ditzagun gauzak ondo, baina erraz, eta utzi presio guztia nire bizkarrean: nik eramango ditut gaurko lanak aurrera, eta zu lasai egon, eta gozatu». Bikain atera zen: biok oso gustura aritu ginen, eta aurkariak, deseroso [Olharan eta Basque].

Handia litzateke Beaskoetxeak txapela irabazita agur esatea?

Bai, noski. Niri lehiak betetzen nau, eta niretzat erronka polita da gurearen gisako bikote beterano batek gazte sasoiko batzuen aurka jokatzea finala. Irabaziko bagenu, sekulakoa litzateke Diegorentzat. Izugarri poztuko nintzateke harengatik. Nik ere poz handia hartuko nuke, eta nire egoari jateko pixka bat emango nioke. Baina ordu batzuetako kontua litzateke; bizitzak aurrera segituko du gero.

Finalerdietan izandako pentsaera berarekin ariko zarete?

Beste bikote baten aurka jokatuko dugu, eta hark beste baliabide batzuk ditu. Pentsatzen ari gara nola heldu finalari. Ideia bat badugu, baina ez dugu erabat zehaztua. Aukeraketan ez zen egon ezusterik: Xabik eta Unaik gureak baino pilota biziagoak hartu dituzte, bizi jokatu nahi duten seinale.

Zer itxura hartzen diozu finalari?

Xabik eta Unaik gauza asko dituzte alde: bertakoak dira, aspaldiko lagunak, elkarrekin bizi izan ziren AEBetan, eta gu baino hamarkada bat lehenago jaio ziren. Euren garairik onenean daude: oso indartsu daude sasoiz eta buruz, eta eskarmentua ere badute. Hil edo biziko partida izango da, baita oso landua ere. Funtsezkoa izango da indarrari eta sasoiari eustea. Ea zaleek gozatzen duten. Osagai denak ditu sekulakoa izateko.

Etxekoak dira zu ez beste hiru finalistak.

Bai, baina nik oso harreman estua izan dut beti Gernikarekin. Han debutatu nuen nik, 2003an. Ehun ikusle eskas zeuden harmailan; ez du batere antzik egungoarekin. Ni etxean sentitzen naiz Gernikan.

Baita bikain moldatu ere: hirutan irabazi duzu hango Grand Slam torneoa.

Gernikako frontoiak biluztu egiten zaitu; oso exijentea da: pilota astindu behar da, kantxa defenditu, kokapenari eutsi, bikotekidearekin ondo moldatu, zesta ondo izan... Baldintza gehien eskatzen dituen frontoia da. Itxura izugarria ere badu. Sekulakoa da halako eszenatoki batean jokatzea, are gehiago gainezka badago. Nahiz eta gure ibilbidearen bukaeran izan, ederra da hau dena bizitzea.

Amorrua ematen dizu hau zure ibilbidearen bukaeran bizitzeak?

Ez. Bizi izan dudana zerbaitengatik bizi izan dut. Egungo gazteek hau bizi izango dute, baina ez AEBetako esperientzia. Bizitzan ezin da dena eduki. Halere, nik bizitza ederra izan dut: 11 urtez bizi izan naiz Miamin; mundu guztiak bizi nahi du Miamin! Gero, lau urte eta erdiz bizi izan naiz Mexiko Hirian; zestari esker, ikasi egin dut, eta hiru pasaporte ditut. Ez dago gehiago eskatzerik. Uzten dudanean, lasai asko utziko dut, eta lasaiago, ikusita gazteek hemen bide bitxi samar bat egin dezaketela.

Berezia da urte hau? Hogei urte egingo dituzu profesionaletan.

Berezia da, bai. Ni beti saiatu naiz nire mailari eusten, eta hogei urte asko dira; zeure burua dudan jartzen hasten zara. Baina, orain, ahalik eta gehien gozatu nahi dut garai honetaz. Ea Gernikako olatua beste tokietara iristen den, eta plaza batzuk berreskuratzen ditugun, kirol hau handiagoa izan dadin.

Soka luzea duzu oraindik?

Bai. Orain hiruzpalau urte baino hobeto ari naiz. Gainera, asko motibatzen nau bizitzen ari garen garai polit honek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.