Joseba Fernandez. Urdaibaiko entrenatzailea

«Oso garesti egongo dira puntuak aurtengo Eusko Label ligan»

Gutxi lehiatu da neguan 'Bou Bizkaia', eta ikusmina dago zertarako gai izango den lehiaketan. Joseba Fernandez lasai dago; uste du ondo ari direla lanean, baina nabarmendu du zaila izango dela irabaztea.

Aitor Manterola Garate.
2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Hirugarren denboraldia du Joseba Fernandezek (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1974) Urdaibaiko entrenatzaile lanetan, eta udararako prestakuntzaren azken txanpan sartuta dabil, bihar Mutrikun eta etzi Ondarroan izango dituzten estropadak prestatzen. Arraunlariei emango zien bizipoza asteburuari so jartzeak, aurrekoan kolpea hartu baitzuten Ondarroan, trainerilletako Euskadiko Txapelketan, finalera sailkatu gabe geratu zelako Bermeoko taldea, faboritoen artean egonda.

Euskadiko trainerilla txapelketa jokatu zenuten asteburuan, eta, Bizkaikoa irabazi berritan heldu zineten arren, Urdaibai ez zen finalerako sailkatu. Zer gertatu zen?

Guk egindako akats baten eraginez geratu ginen igandeko finaletik kanpo. Lan ona egiteko ilusioarekin gindoazen, eta itxaropena geneukan finalean sartu eta txapelketa irabazteko lehian egoteko, baina kirolean horrelako akatsak gertatzen dira tarteka.

Bihar eta etzi, traineru estropadak dituzue, Mutrikun eta Ondarroan. Denboraldi-aurreko azkenak dira zuentzat; badator uda.

Gainean daukagu lehiaketa ofiziala, eta azken lanak lotzeko garaian gaude, prestakuntzaren azkeneko koskan. Ez gaituzte gonbidatzen Lekeitioko estropadara [ekaineko bigarren asteburuan]; beraz, bi estropada hauek izango dira guretzat azkenekoak lehia hasi aurretik, eta, gero, bi aste izango ditugu gauzak hobeto fintzeko, entrenamenduetan osatuko dugun lanaren bidez.

Zer moduz doa Urdaibairen prestakuntza?

Ustez, ondo. Gustura ari gara. Traineru berria erosi dugu, eta ari gara probak egiten, zaharra eta berria alderatuz. Taldea gero eta hobeto ikusten dut, arraunlariak oso jakitun daude aurten talde asko doazela aurrerapausoa ematera. Prest egongo gara liga hasierako erronkarako. Horrela ikusten ditut, behintzat, arraunlariak.

Nolakoa da traineru berria?

Amilibia eraikitzailea orain egiten ari dena, modulu sistemarekin egina. Kroskoari dagokionez, ez dago aldaketarik; bai, ordea, barruan, zuakerrak eta saihetsak kenduta dituelako, popatik brankara, tubular sistemarekin. Gogortasuna ematen dio traineruari, eta ari gara probak egiten: ea hainbesteko gogortasuna beharrezkoa den edo ez, itsasoan zer ematen digun gogortasun horrek, arraunlarien indarra nola helarazten zaion ontziari, eta abar. Orain da probak egiteko garaia.

Traineru jaitsieretan gutxi lehiatu zarete aurten. Zergatik?

Beste aurrerapauso bat eman nahi nien bigarren taldeko arraunlariei eta taldeari, eta, horren atzetik nenbilenez, lehen bi taldeetako arraunlariekin egin nuen lan prestakuntzaren aurreneko zatian. Arraunlari gehienak oso gazteak dira. Nahasian ibili ginenez, hiru jaitsieretara joan ginen: Castro Urdialesera, Astillerora eta Pasai San Pedrora. Urtarrilean eta otsailean ez lehiatzea erabaki nuen hasieratik, goizegi izango zelako ongi aritzeko. Garai horretan, oso berde egoten gara beste taldeen aldean. Horregatik azaldu gara gutxi neguan. Urdaibairen moduko talde bati ez zaio gustatzen minutu erdiko atzerapena izatea horrelako estropada batean. Beste taldeekin alderatuta, hiruzpalau asteko atzerapena izaten dugu neguko prestakuntza garai horretan, eta arriskua izaten dugu sekulako egurra jasotzeko emaitzetan. Iaz, adibidez, Orioko jaitsieran izan ginen, eta uste dut Hondarribiak 27 segundo sartu zizkigula. Gero, udan, ondo ibili ginen, ez zigun kalterik egin emaitza horrek, baina ez du graziarik egiten egurra jasotzeak.

Gustura geratu zinen Castron, Astilleron eta Pasai San Pedron egindakoarekin?

Bai, oso gustura. Castron, nahasi egin genituen bi taldeak, eta bigarren eta laugarren izan ginen. Astilleron ere berdin atera ginen, eta bigarren eta hirugarren izan ginen. Pasai San Pedron ez ginen hain nahasita atera; Santurtzik erakustaldia eman zuen, baina oso gustura geratu nintzen gure lanarekin. Hantxe estreinatu genuen traineru berria, eta oso pozik geratu nintzen arraun egiteko moduarekin eta.

Bigarren taldeak onerako antzemango du udan prestakuntza nahasian ibili izana?

Baiezkoan nago. Baikor izateko zantzuak ematen ari zait bigarren taldea, eta ilusio handia dugu uda ona egiteko.

Iaz bezala, aurten ere bigarren taldeko arraunlariren bat sartuko duzu lehenengo traineruan?

Aurreneko taldean, zortzi dira etxekoak, aspaldiko partez. Horretarako ere fitxatu ninduen Urdaibaik duela hiru urte, etxekoak eta ingurukoak indartzeko. Klubaren filosofiarekin zaila izango da hori erabat lortzea, baina aurten ere beste aurrerapauso bat emango dugu, pixkanaka bermeotarrek leku gehiago izan dezaten traineruan.

Zerk eman dizu atentzioa aurkariek prestakuntzako estropadetan egindakotik?

Harritu, ez dakit... Ez nuke esango Oriok eta Zierbenak egindakoek harritu egin nautenik. Esate baterako, Zierbenak sekulakoa egin zuen distantzia luzeko Euskadiko Txapelketan. Ez nengoen han, baina, telebistan ikusita, ikaragarria izan zen nola egin zituen azken metroak. Iazko taldeko arraunlariak falta zaizkio, oso onak, baina ondo bete ditu zuloak arraunlari onekin. Oriorengandik beti espero dut onena, baliabideak dauzkalako. Etxeko estropadan, neguan, lan bikaina egin zuen, eta trainerilletan ere oso ondo dabil.

Aurten azkenaldian baino askoz zailagoa izango al da banderak irabaztea?

Urtero izaten da zailagoa. Iaz, ondo asmatu genuen arlo guztietan, eta, Kontxakoa gertatu ez balitz, bete-betean asmatuko genuen emaitzei dagokienez. Prestakuntza oso ona izan zen, ondo zehaztua aurretik, eta ikusi zen Kontxako garaian asko irabazi genuela, uztailean liga bideratua utzi ondoren Euskadiko Txapelketa sakrifikatuz. Aurtengo datu eta parametro guztiak hartuta, ordea, puntuak garesti egongo dira ligan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.