Iker Serrano. Bidasoako jokalaria

«Ademarri irabazita asko arinduko dugu Europako atsekabea»

Iker Serranok aitortu duenez, «kolpea» izan da Europatik at geratzea, baina argi du ligan bigarren izatea dela helburu nagusia. Asmo horretan, garrantzi handia eman dio gaur Artalekun Ademarri irabazteari (20:00).

OSCAR AZNAR.
Julen Etxeberria.
Irun
2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Seigarren sasoia du Iker Serranok (Urretxu, Gipuzkoa, 1984) Bidasoan; bosgarrena jarraian. Baina hartua du erabakia: sasoi amaieran utziko du taldea. «Kluba asko hazi da, eta uste dut badela garaia atzetik datozenei lekua uzteko», aitortu du kapitainak.«Gozatu» egin nahi du «etxean» egingo duen azken urtean.

Navari irabazi zenioten joan den igandean. Europatik kanpo geratu ondoren, behar zenuten halako emaitza bat?

Bai, batez ere sentsazioak berreskuratzeko, kolpea izan baita Europatik kanpo geratzea. Atsekabea eragin digu. Baina partida ona jokatu genuen Navaren aurka. Defentsan berriz ere sendo aritu nahi genuen, eta lortu genuen.

Eman diozue buelta Europako Ligan gertatutakoari?

Bai, eta horretan mesede egiten digu hiru egunean behin partida bat jokatzeak. Ondo gaude, konfiantza berreskuratu dugu.

Astebete joan da. Zer hausnarketa egin duzue?

Lehenik eta behin, jaurtiketa pila bat huts egin genituen, eta larrutik ordaindu genuen. Sailkapena bizpahiru jokalditan erabaki zen, eta ez ginen ondo aritu. Baina altxatu egin behar gara. Alde ona ere bilatu behar diogu: beste esperientzia bat bizi izan dugu Europan, eta hori baliagarria da gazteak hazten joan daitezen.

Gutxietsi egin zenuten Nexe?

Zertxobait, agian. Guk konfiantza handia geneukan geure buruarengan: joanekoaren azken hamar minutuetan ikusi genuen gure maila emanez gero, min egin geniezaiokeela. Baina han, ez zen halakorik gertatu, nahiz eta oso ondo hasi ginen. Haiek euren partida jokatu zuten: erritmoa moteldu zuten, baloi gutxi galdu zituzten eta sufritu egin genuen.

Aurreko partidetan ez bezala, astebete izan zenuten indarberritu eta lehia prestatzeko. Nekearen aitzakiak ere ez du balio.

Ez, baina joanekoan bai geundennekatuta, eta alde handiagoa lortzeko aukera galdu genuen. Nire ustez, joanekoa izan zen gakoa, ez itzulikoa.

Kontziente zarete Europan gertatutakoak itsustu egin dezakeela denboraldia?

Ez dut uste horrek sasoia itsustuko duenik. Asobal liga eta Espainiako Kopa jokatuko ditugu, eta Asobal koparako sailkatzen saiatuko gara. Helburu eta lan politak dira guztiak. Baina oso argi duguligan bigarren postua lortzen ahalegindu behar dugula. Ikusi dugu alde handia dagoela bigarren edo hirugarren izanda; ez da atarikorik jokatu behar.

Eragin dezake beste lehiaketatan langa gorago egoteak eta presioa handiagoa izateak?

Ez dut uste. Aurreko bi denboraldietan ligan, kopan eta Asobal kopan lehiatu izan gara, eta kopan ez beste, ondo aritu gara guztietan [kopan, Zortziko Finaleko lehen partida galdu dute bietan]. Helburu erakargarriak dira hirurak. Kopako arantza ateratzea gustatuko litzaiguke.

Europan kale egin duzue, baina Asobal ligan bikain ari zarete: jokatu dituzuen lau partidak irabazi dituzue.

Eta hori da garrantzitsuena. Guretzat liga da inportanteena, ez Europa. Ligak erregulartasuna ematen dizu, eta horri eusten ahalegindu behar gara. Sari eder eta potoloa da bigarren izatea: adibidez, ez duzu aurre-kanporaketarik jokatu behar Espainiako Kopan, eta zuzenean sailkatzen zara Europako Ligako multzoen fasera. Bigarren postua lortzen saiatu behar gara. Eta asmo horretan, garrantzi handia du gaur Ademarri irabazteak. Gainera, irabazita asko arinduko genuke Europako atsekabea. Partida oso zaila izango da, baina gogotsu gaude.

COVID-19a dela eta, ezohiko sasoia da hau. Nola ari zarete eramaten?

Oso ondo. Hasieran, kosta egin zitzaigun, makina bat protokolo baititugu. Europako Ligan ari ginela, astero egiten genituen PCR probak eta test serologikoak. Horri normaltasuna ematen ahalegintzen ari gara. Guretzat, jada ohikoa da klinikatik ibiltzea, probak egiten. Baina lasai gaude. Badakigu mediku zerbitzuak oso ondo ari direla lanean, eta haien laguntza dugula edozertarako.

Hainbat partida bertan behera geratu dira jokalari batzuek positibo eman dutelako. Zuen taldean oraindik ez da halakorik izan. Baina barneratua duzue edozein momentutan gerta daitekeela?

Erabat barneratuta daukagu. Probabilitateagatik bada ere, inoiz gertatu behar zaigu guri. Egoera honetara eta protokolo guztietara ondoen egokitzen denak zerbait irabaziko du. Gu oso ondo ari gara alor horretan.

Harmailan gehienez 600 ikusle izatea da penarik handiena?

Pena da, baina nahiz eta gutxiago izan, guk haien babesa eta animoa nabaritzen ditugu. Gurekin daudela sumatzen dugu.

Aurreko sasoiarekin alderatuta, aldatu egin da taldea?

Kilo eta zentimetro gehiagoko taldea dugu, baina jokatzeko era ez da asko aldatu. Espero dugu,pixkanaka-pixkanaka, iritsi direnek euren kalitatea erakustea. Baikor naiz.

Eta zu? Nola ari zara?

Gustura ari naiz. Posizio gehiago irabazi behar ditut, eta erasoan eta defentsan jokatu behar dut. Horretarako, pisua galdu behar izan dut. Lortu dut, eta uste dut orain jokalari osoagoa naizela.

Julen Aginagalde bezalako postukide bat iristeak mesede egin dizu?

Asko. Niretzat Julen ez da lehiakide bat postuan. Aspaldiko lagunak gara. Nahasketa ona osatzen dugu, jokalari zein pertsona gisa ezberdinak baikara. Asko eskertzen da hura bezalako lagun bat izatea taldean. Asko errazten dizkizu gauzak. Gainera, etxekoa da. Sekulako fitxaketa da.

36 urte dituzu, eta esana duzu sasoi hau izango dela zure azkenekoa Bidasoan. Baina Aginagaldek bi urte gehiago ditu, eta Sierrak sei gehiago. Haiek ikusita, ez duzu zalantza egiten hartutako erabakiaz?

Ez. Julen eta Sierra ez dira nolanahiko jokalariak; irabaz daitekeen guztia irabazi dute. Sekulako kalitatea dute. Baina nik ikusten dut horrenbeste igo dela maila eta presioa taldean, ezen hasi behar dudala bazter batera joaten eta atzetik datozenei lekua uzten. Bidasoa hau ez da duela bost urteko Bidasoa. Eta nik oso argi izan dut beti nik utzi nahi dudala eskubaloia, eta ez norbaitek esatea nire garaia iritsi dela. Horregatik, ziurra da hau izango dela nire azken urtea Bidasoan. Baina jokatzen jarraitu nahiko nuke, atzerrian, koska bat beheragoko eskubaloian, esperientzia moduan. Italia eta Grezia ditut begiz jota. Gainera, kluba oso ondo ari da lanean harrobian, eta gero eta gazte gehiago ari dira debutatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.