Albistea entzun

Virginia Cobos. Leioa Waterpoloko jokalari ohia

«Atzetik datozenei lekua uzteko garaia iritsi zaidala uste dut»

Cobosek waterpoloa utziko du, 12 denboraldiz jarraian Leioan aritu eta gero. Taldekide gazteen eredu eta akuilu izan da. «Lasai eta pozik noa».
LEIOA WATERPOLOA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2021eko ekainak 16

Virginia Cobosek (Bilbo, 1992) txanoa zintzilikatu du, bere kirol ibilbide osoa Leioako Waterpolo taldean egin eta gero. Hamabi denboraldietan, igoerak eta jaitsierak bizi izan ditu; azkena, aurten, Ohorezko Mailatik Lehen Mailara jaistea. Kapitain ohia, ordea, ziur dago taldea maila gorenera itzuliko dela. «Laster, gainera».

Zergatik utzi duzu?

Alde batetik, asko kostatu zait waterpoloa lanarekin uztartzea, ardura handiagoa baitut aurten, eta horrek, nolabait, zaildu egin dit; bestetik, eta garrantzitsuena, zikloz aldatzeko garaia iritsi dela uste dut. Bide horretan, nik taldeari eman ahal nion guztia eman diot; eta, alderantziz, waterpoloak dena eman dit. Bazter batera alboratzeko momentua iritsi zait, atzetik datozenei lekua uzteko.

Erabakia aspalditik zenuen hartua?

Aurreko urtean, denboraldia hasteko zalantzak nituen. Banekien izurriagatik urte zaila izango zela, bai lanean, baita waterpoloan ere. Jonekin [Lopez entrenatzailea] hitz egin nuen, eta garbi esan nion ezingo nuela nire %100 eman. Horrek amorrua ematen zidan, uretan dena ematea gustatzen baitzait. Bestalde, iaz, Ohorezko Mailara igotzea lortu genuenez, Jonek esan zidan gorengo mailan aritzea bizi behar nuela. Beldurra nuen ea gai izango nintzen denboraldia egiteko eta ez itotzeko. Emandako hitza bete dut, eta, orain, uzteko erabakia hartu dut.

Zaila izan da?

Buruari buelta asko eman dizkiot, eta negar asko egin dut. Waterpoloa uzteaz ez nengoen erabat ziur, horrelako erabaki handia hartzea ez baita erraza, eta ohikoa da zalantzak izatea. 16 urte nituenetik Leioan egon naizenez, zaila izango zait neure burua taldetik kanpo ikustea. Dena den, nire erabakia izan da; lasai eta pozik noa.

Agurra berezia izan zen, ezta?

Eskuko hatzean nuen lesioagatik, hilabetez egon naiz partidarik jokatu gabe, baina, zorionez, azken bi norgehiagoketan lehiatu ahal izan nintzen. Azkena, gainera, denboraldi honetan aurrenekoz zaleekin jokatu genuen, Zaragozan [Espainia]. Amaiera berezia eta hunkigarria izan da, buruan ondo gordeko dudana.

Kezkatzen zaitu egunerokoan hainbeste leku hartu dizun kirola utzi ondoren egon daitekeen hutsuneak?

Bai, erabat. Orain arte ez dut ezagutu kirol diziplinarik gabeko egunerokorik. Alde horretatik, beldurra ematen dit. Halere, nire asmoa ahal dudanean entrenamenduetara joatea izango da, haiek uzten badidate. Nire betiko taldeari lotuta jarraituko dut.

Nolatan hasi zinen waterpoloan?

Txikitatik, urarekiko lotura handia izan dut. Igeriketan hasi nintzen Eva ahizparekin, Bilboko Maristasen, baina lehiaketetan ez nuen gozatzen; urduri jartzen nintzen. Entrenatzen ginen lekuaren ondoko kaleetan waterpoloan aritzen ziren; gehienak ezagunak ziren. Handik gutxira, ahizpa waterpolora joan zen, eta taldeko kirola izateak guztiz konbentzitu ninduen; beste mundu bat aurkitu nuen, guztiz ezberdina.

Maristas taldean bi urte egin ostean, 2009-2010eko denboraldian Leioa taldetik deitu zizueten ahizpari eta bioi. Zer-nolako errealitatearekin egin zenuen topo?

Egia esan, ahizpagatik joan nintzen Leioara. Jonek betidanik esan izan dit errebotean heldu nintzela [barrez]. Niretzat, erronka bikoitza izan zen. Batetik, talde berri batekin egin nuen topo, baina hasieratik oso gustura sentitu nintzen. Oso ondo hartu ninduten. Bestetik, kirol arloan, aurreneko aldia zen taldea Lehen Mailan lehiatzen zela, eta, alde horretatik, denboraldi gogorra izan zen guztiontzat; Euskal Herria Ligara jaitsi baikinen. Hurrengo denboraldian, ordea, Lehen Mailara itzultzea erdietsi genuen. Lorpen hori handia izan zen.

Ordurako, Jon Lopez Leioako entrenatzailea zen, orain arte. Hark ere taldea utzi du. Nolako harremana izan duzu?

Urte asko egon gara elkarrekin. Entrenatzailea izateaz gain, pertsona eredugarria da. Oso zaila izango da Leioako emakumezkoen taldeari eman dion guztia hari itzultzea. Asko borrokatu eta lan egin du, eta, bide horretan, zortea dut horrelako entrenatzaile handi bat eduki izanaz. Zorionekoa sentitzen naiz.

Hamabi denboraldiz jarraian Leioan aritu zara. Denetarik bizi izan duzu, ezta?

Hainbeste denboralditan Leioan egon banaiz, zerbaitegatik egon naiz: Leioaren filosofian sinetsi eta harekin identifikatuta sentitu naizelako. Taldeko kirola ezberdina da, itzela, eta horrek asko betetzen nau. Gainera, nire bizitzako epe ezberdinak Leioan bizi izan ditut: Batxilergoan, unibertsitatean eta lanean.

Bide horretan, beste talde batera joateko aukera izan duzu?

Ez dut aukerarik izan, eta beste talde batera joatea ez zait burutik pasatu ere egin. Leioan urtez urte sortu eta sendotu dugun taldea gure indargunea da, eta horri izugarrizko balioa ematen diot. Taldekideok urte asko daramagu elkarrekin, eta konplizitate handia dugu. Azken batean, horrek eraman gaitu heldu garen lekuraino. Harrobian sinesten dugu.

Erretiroa hartu aurretik, kosta ahala kosta, Ohorezko Mailan egotea zer zen jakin nahi zenuen, ezta?

Banekien noizbait Leioa gorengo mailan ariko zela, eta, zorionez, hori bizitzeko aukera izan dut. Aurtengoa denboraldi oso zaila izan da; esperientzia eta konfiantza falta sumatu dugu, eta asteburuero punturik ez batzea oso gogorra egin zaigu. Halere, taldea, zatitu beharrean, lehen baino batuago dago, eta hori garrantzitsua da datozen urteetarako. Nahiz eta salbazioa ez lortu, argi dut laster itzuliko garela.

Waterpoloa kirol ez-profesionaltzat dago hartuta. Horrek zenbaterainoko zama eragiten dio jokalariari?

Waterpoloa afiziotzat hartzen dugu guk. Jokalariak izateaz gain, ikasleak edota langileak gara, eta, beraz, ez dugu diruagatik jokatzen. Ohorezko Mailako talde batzuetako jokalariek kobratu egiten dute; guk, aldiz, urteroko kuota ordaintzen dugu. Hori da dugun egoera, eta aspalditik daukagu barneratuta. Baina hori ez da waterpoloan bakarrik gertatzen, baita beste kirol askotan ere.

Nolakoa da emakumezkoen waterpoloaren geroa Euskal Herrian?

Azken urteetan, emakumezkoen waterpoloak urrats garrantzitsuak egin ditu; hobekuntza nabarmena izan duela uste dut. Pentsa, ni waterpoloan hasi nintzenean, taldeko emakume bakarra nintzen. Egun, klub askotan gero eta emakume gehiago hasten dira, eta maila guztietan lehiatzen dira. Lehen pentsaezina zen hori. Berri pozgarria da.

Eta orain zer asmo duzu?

Bi asteburutik behin zita bat daukat: Leioaren etxeko partidetara joatea. Denbora librean, berriz, bizitzaz gozatu nahi dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Saunders, atzo, podiumean, keinua egiten ©FRANCK ROBICHON / EFE

Saundersen keinua aztertzen ari da NOB

Igor Susaeta

Pisu jaurtiketako zilarrezko domina jasotzeko podiumean, besoak gurutzatu zituen buruaren gainean, «zapaldu guztiekin elkartasunez». NOBen arautegiaren arabera, Olinpiar Jokoetan debekatuta dago podiumean aldarrikapen keinuak egitea.

Camacho-Quinn, gaur, helmugan sartzen ©CRISTIAN BRUNA / EFE

Camacho-Quinn garaile 100 metroko hesidunean

Igor Susaeta

Olinpiar Joko batzuetan Puerto Ricok atletismoan lortutako aurreneko domina da.

Munarriz uztail hasieran, Benu Kopan Kroaziaren aurka jokatutako partidan. ©Tamas Kovacs / Efe

Munarrizek final-laurdenak jokatuko ditu

Igor Susaeta

Espainiako selekzioak 8-4 irabazi dio gaur Kroaziari, eta AEBak izango ditu aurkari kanporaketan.

Pena eta Hernandez, Olinpiar Jokoetako beste partida batean. ©EFE

Pena eta Hernandez, final-laurdenetatik kanpo

Igor Susaeta

Espainiako selekzioak 31-34 galdu du Errusiaren aurka

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna