Mikel Crespo. Alaveseko entrenatzailea

«Ez nau ezustean harrapatu taldea hain ondo hasteak»

Estreinako sasoia du Alavesek Lehen Mailan. Mikel Cresporentzat «erronka eta ametsa» da taldea gorengo mailan zuzentzea. Gaur liga partida jokatuko dute, Atletico Madrilen zelaian (20:00)

ALAVES.
ainara arratibel gascon
2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Mikel Crespo Alaveseko entrenatzailea ez da helburuak jartzearen zalea, «ez luzera begira, ezta laburrera ere». Eta bere jokalariekin ere hala egiten du. «Partidaz partida baino, entrenamenduz entrenamendu goaz gu». Oraingoz ezin hobeto doakio taldeari.

Igo berriak zarete. Baina jokatutako hiru partidak irabazi dituzue. Ez dago gehiago eskatzerik, ezta?

Oso-oso pozik nago. Argi dago emaitzak, puntuak, direla funtsezkoena. Baina, hortik harago, oso gustura nago taldea egiten ari den jokoarekin.

Ezustea izan da zuretzat taldea hain ondo hastea?

Ez nau ezustean harrapatu. Taldeak ausardia handia erakutsi du. Denboraldiaurrean jada ikusten nion tankera hori. Une oro argi dute merezita gaudela Lehen Mailan, eta gu geu garela gure aurkaririk handiena. Guk mezu horretan egin dugu indarra. Horrek dituzten beldurrak eta kezkak kentzen laguntzen die.

Irabazi dituzuen hiru partidetatik zeinek asebete zaitu gehien?

Denetatik atera ditut ondorio positiboak. Betisen aurkakoak meritu handia izan zuen, lehen partida baitzen kategorian. Rayoren kontra irabaztea ez zen erraza izan, etxetik kanpo jokatzea askoz zailagoa delako. Baina gehien gustatu zaidana Vila-realen aurkakoa izan da, une oro partidaren kontrola izan genuelako. Vila-realek 91. minutuan sortu zuen gol aukera arriskutsu bakarra, eta horrek asko esan nahi du.

Zer ari da egiten ondo taldea?

Jokatzeko era bati esker igo ginen Lehen Mailara, eta denboraldiaurretik garbi genuen indartu egin behar genuela. Betiere gorengo mailari begira egokituta. Uste dut taldeak ondo barneratu duela egokitzapen hori.

Zeintzuk izan dira egin dituzuen aldaketarik esanguratsuenak?

Batez ere defentsako lanari erreparatu diogu. Aurreko denboraldian baloia izatea gustatzen zitzaigun, eta aurkariaren zelaian denbora asko egiten genuen. Jakitun geunden sasoi honetan hori egitea zailagoa izango zela, aurkarien mailagatik eta jokatzeko dagoen erritmoarengatik. Orain, saiatzen ari garena da erasoan gauzak bizkorrago egiten, eta aurkariaren zelaian ematen ditugunminutuei etekin handiagoa ateratzen. Defentsan, berriz, pare bat pauso aurrerago jokatzen ahalegintzen ari gara. Izan ere, defendatzeko modurik onena aurkaria zure areatik ahalik eta urrunen egotea da.

Zer da batez ere hobetu behar duzuena?

Defentsako lanean hobetzen segitu behar dugu, eta baloia dugunean bizkorrago jokatu. Horretan hobetzeko tarte handia dugu. Erritmoan aldaketa handia dago Lehen eta Bigarren Mailaren artean, eta egokitu egin behar dugu. Egunero ari gara lanean horretarako, eta pixkanaka ari gara. Baikor naiz, taldea egunero ikusten baitut hazten eta hobetzen. Oso ona da bilakaera

Gaur Atletico Madrilen aurka jokatuko duzue, eta larunbatean, Bartzelonaren aurka. Biak liga irabazteko faboritoak dira. Nahiago zenuke aurkari samurragoak izan, bolada onari segida emateko?

Ez dut horretan pentsatzen. Egutegia horrela da, eta horrela heldu behar diogu. Buruan dugun bakarra etziko [gaurko] partida da. Gero etorriko da Bartzelona. Ilusio handiz goaz Madrilera,eta orain arte bezala lehiatzeko erronkarekin.

Zer egin behar duzue punturen bat lortzeko?

Ez diegu korrika egiten utzi behar. Oso zelai erdi indartsua eta teknikoa dute; pase luze zein motzen bidez espaziora bikain jokatzen dute, aurrean duten abiadura baliatuz. Bestalde, baloia pazientziaz mugitu beharko dugu. Izan ere, haiek presioan bikain moldatzen dira, eta ez da erraza baloiaateratzea.

Aurreko denboraldian, Atletico Madril ez zen ohi bezain ondo aritu. Baina sasoi honetan oso ondo indartu da. Zertan egin du hobera?

Aurreko denboraldian, bakarkako jokaldietan nabarmentzen ziren jokalariak zituen. Denboraldi honetan, berriz, uste dut talde izaera handiagoa duela, eta jokalari guztiek konpromiso handia erakusten dutela presioan.

Eibar aurreko sasoian ondo hasi zen, eta gero sufritu egin zuen mailari eusteko. Denboraldia luze egingo zaizuela uste duzu?

Argi dugu iritsiko dela bolada txarren bat. Ondo hasi gara, eta hori positiboa da. Baina hau hasi besterik ez da egin. Hiru partida irabazteagatik ez gara onenak, ezta hiru galtzeagatik txarrenak ere. Oinak lurrean ditugu, eta taldea psikologikoki indartsu ikusten dut halako egoerei aurre egiteko, batuta. Aurreko sasoian hemen zeuden jokalari asko. Lan asko egin zuten gorengo mailara igotzeko. Ametsa egia bihurtu zuten, eta hor segitu nahi dute. Etorri direnek ere lehiakortasuna eta haize freskoa ekarri diote taldeari, eta nahasketa hori oso ona da. Uste dut hasiera on honen gakoetako bat ere badela fitxaketak egiterakoan bulegoetatik egin den lan ona. Lehen Mailan lehiatzeko falta zitzaiguna ekarri dute: sendotasuna atzean, indarra zelai erdian, eta abiadura aurrean.

Zure eguneroko lana asko aldatu da?

Ez. Lan egiteko modu berarekin jarraitzen dugu. Desberdintasun bakarra da sasoi honetan entrenatzaile multzoa gehiago elkartzen garela, COVID-19ari lotutako neurriak arindu direlako. Oso garrantzitsua da hori, hitz egindakoa zelaian gehiago lantzeko eta partekatzeko aukera ematen digulako. Gainerakoan, esparru bakoitza indartu dugu, aurreko sasoian egiten genuena ikusi eta Lehen Mailak eskatzen dizuna kontuan hartuta. Adibidez, fisikoa gehiago lantzen ari gara. Denboraldiaurreak ez du zerikusirik aurrekoarekin. Karga fisikoa handiagoa izan da, eta gimnasioan lan gehiago egin dugu. Jokalari askok gure jokatzeko era barneratuta izateak aukera gehiago ematen digu hori lantzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.