Albistea entzun

Victor Esteban. Aspeko pilotaria

«Ez dut inoiz ahaztuko guztion mesederako batu gineneko unea»

Hiru hilabete joan dira Victor profesionaletara itzuli zenetik. Argi du: «Opari honi, bigarren aukera honi, ahal dudan probetxu handiena atera nahi diot». Bihar Urrutikoetxearen aurka jokatuko du Lau eta Erdikoan.
ABEL ALONSO Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2021eko urriak 2

Aste bete-betea izan du Victor Estebanek (Ezkarai, Espainia, 1993): Lau eta Erdiko Txapelketaren aurkezpena lehenbizi; pilota aukeraketa gero; eta entrenamendu tekniko zein fisikoak bukatzeko. Baina gustuko tokian, aldaparik ez. «Gozatzen ari naiz. Izugarri sumatu dut pilotaren egunerokoaren falta».

Bueltan dago Victor Esteban?

Bai, bueltan naiz [barrez]. Sekulako ilusioa dut berriz txapelketa bat jokatzeagatik. Pasatu zena pasatu eta gero, pilota profesionalera itzultzea oparia izan bazen, zer esanik ez berriz ere txapelketak jokatzea. Izugarri pozik nago.

Berezia da?

Oso, eta aitortu behar dut: tximeletak ditut sabelean. Izugarri gustatzen zait lehiatzea, eta bai profesionaletatik kanpo geratu nintzelako, baita koronabirusak eragindako egoeragatik ere, denbora luzez egon naiz nahi adina jokatu gabe. Horregatik, gauza handia da lau eta erdikoa jokatzea. Oso motibatuta nago.

Hori gutxi balitz bezala, sanmateoetako txapela irabazi berri duzu etxean, Jose Javier Zabaletarekin.

Izugarria izan da, eta zinez ederra. Etxean jokatzeko aukera izan dut, eta norekin, eta Joserekin; ikusgarri dabil, eta plazera da harekin jokatzea. Jende asko egon da pilotalekuan, eta giro oso polita egon da. Gozamena izan da horretaz guztiaz disfrutatzea.

Uste zenuen berriro halako zerbait bizi izango zenuela?

Ez. Baikon esan zidatenean ez nuela jarraituko, pentsatu nuen amaitu zela pilota niretzat, eta jarraituz gero afizionatuetan izan beharko zuela. Baina, zorionez, itzuli egin naiz, eta gozamena da berriro halako partidak jokatzea. Atzera begiratu, eta ez naiz damu hilabete askoan egindakoaz: une gogorrak izan arren, ez nuen inoiz etsi, eta indarra izan nuen ohetik altxatu eta gogor entrenatzeko. Azkenean, lan horrek saria izan du.

Zuk jantzi duzu txapela, baina haren atzean jende asko dago?

Dudarik gabe. Gurasoak, anai-arrebak, bikotekidea, lagunak... beti izan ditut ondoan, babesa emanez. Izugarri eskertzen diet. Baita nire entrenatzaileari ere. Hark motibatu nau une oro gogor lan egiteko. Haientzat ere oso egun polita izan zen sanmateoetako finalekoa. Zirraragarria izan zen elkarrekin hori bizitzea.

Gogorra egin zaizu profesionaletatik kanpo egoteak?

Bai, baina orain, gauza onei bakarrik erreparatu nahi diet. Bizitzan, amorrua bazter batean utzi behar da, eta gauza onak aintzat hartu. Horixe egin dut nik: balio handia ematen diot une oso gogorrak bizi izan arren gai izan nintzelako aurrera egiteko.

Zuk esana da pilotan jokatzeko duzun «pasioari» esker egin zenuela aurrera.

Eta halaxe da. Nik pasioz bizi dut pilota. Nik ez dut pilotan jokatzen profesionala izateko edo telebistan ateratzeko. Izugarri gustatzen zaidalako jokatzen dut. Gertukoek askotan esan behar didate ez joateko horrenbeste pilotalekura. Baina ezin dut. Gozatu egin dut pilotan, palan edo frontenisean jokatzen; zoriontsua naiz frontoian. Eta, nire ustez, pasio horrek asko lagundu zidan aurrera egiteko.

Gustatzen zaizuna kentzen dizutenean konturatzen zara zenbat betetzen zaituen egiten duzun horrek. Hala da?

Bai. Nik profesionaletan jokatzen jarraitu nahi nuen, eta uste nuen egin nezakeela. Baina enpresak ez zuen hala pentsatu. Gogorra izan zen hori barneratzea, baina bizitzan batzuetan nahi izateak ez du esan nahi lortuko duzunik. Zorionez, bigarren aukera bat dut; askok ez dute. Aukera hau ahal dudan gehien aprobetxatu nahi dut. Lan ona egin nahi dut, baina ez bakarrik niregatik, baita nire ingurukoengatik ere. Merezi dute.

Aldatu egin zara?

Pertsona gisa ez. Pilotari gisa, ordea, bai, dezente. Lehen, gauzak serioegi hartzen nituen; adibidez, irabaztea edo galtzea. Kostatzen zitzaidan gauza batzuk barneratzea. Baina, orain, gauzak beste era batean ikusten ditut. Oso lehiakorra naiz oraindik ere, izugarri gustatzen zait irabaztea, eta ez dut gustuko galtzea, baina ikasi dut gauzei behar duten garrantzia ematen. Heldutasunak eta kolpeek laguntzen dute horretan. Niri beti galdetzen didate zergatik garen kirolariok helduagoak, eta beti esaten diet arrazoia dela gaztetatik jasotzen ditugula kolpeak, eta horiek barneratzen ikasten dugula.

Hamar hilabete egin dituzu profesionaletatik kanpo. Erresuminik duzu?

Beti geratuko da zerbait, baina neure buruak gertatutakoa ahaztu nahi du, eta, nire ustez, hori da egin behar dudana, ahaztu. Ez du ezertan laguntzen erresuminarekin edo amorruarekin bizitzeak. Hau guztia bigarren aukera bat izanda esaten dizut; izan ez banu, agian, bestelakoa izango zen dena. Zorionez, beste enpresa batean nago orain, beste lankide batzuk ditut, eta iritsi naizenetik oso ondo hartu naute. Gertatutakoa ahaztu nahi dut, eta hutsetik hasi.

Enpresakide ohiak asko borrokatu ziren Baikotik kanpo geratu zinetenok bigarren aukera bat izan zenezaten.

Inoiz ez naiz aspertuko hau esateaz: haiei esker itzuli naiz ni pilotara. Haientzat oso zaila izan zen, eta asko arriskatu ziren. Beti eskertuko diet. Niretzat, beti egongo dira goi-goian. Oso une politak bizi izan ditut pilotan, baina politena beti izango da guztion mesederako batu ginenekoa. Inoiz ez dut ahaztuko.

Aspek eman dizu aukera itzultzeko. Gustura zaude?

Oso. Izugarri eskertzen diot aukera hau eman izana. Sekulako oparia izan da. Baikon egin nuen bezala, profesionala eta lankide ona izanda eskertuko diet aukera. Beti izango naute laguntzeko prest.

Herenegun bukatu zitzaizun kontratua, baina konpromisoa dago luzatzeko. Nola dago gaia?

Ez dugu hitz egin, baina ez diot bueltarik ematen. Hemen egotea oparia da niretzat. Deitzen didatenean hitz egingo dugu, eta ea ados geratzen garen.

Bihar Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatuko duzu final-zortzirenetan. Azken lau aldietan gutxienez final-laurdenetara iritsi zara. Hori da asmoa?

Bai. Handia litzateke ligaxkarako sailkatzea. Baina aurkari gogorra izango dut: oso ondo moldatzen da lau eta erdikoan, eta ziur naiz oso ondo prestatu duela. Hark du presio handien, Baikon lehia handia baitago aurrelarien artean. Nik barruan dudan guztia emango dut. Opari ederra da berriz hemen egotea, eta aukera honi ahal den probetxu handiena atera nahi diot.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Denboraldi hau niretzat azkena balitz bezala gozatuko dut»

Pettan Uralde

Hamalaugarren denboraldia du De Marcosek Athleticen, eta egunez egun gozatzeko ideiarekin ekin dio sasoi berriari. Guardiako jokalariak Europan kokatu du taldearen helburua, eta lortuko dutelakoan dago.
Hondarribia garaipen bat ospatzen, artxiboko irudi batean. ©Oskar Matxin Edesa / Foku

Hondarribiak irabazi du Castro Urdialesen, eta sailkapena estutu du

Berria

Pasa den asteburuko kolpeari buelta eman dio Ama Guadalupekoa-k. Urdaibaik bigarren amaitu du, eta ondo eutsi dio lidergoari.

<b>Mikel Larrañaga, iaz, Urrezko Kopa irabazi berritan.</b> ©IÑIGO URIZ / FOKU

Sei aizkolari ariko dira bihar Donostian, Urrezko Kopa xede

Berria

Aurrez kanporaketa gainditutako kirolariek udako garaikur nagusia izango dute jokoan, 19:30ean

Realeko jokalariak Take Kuboren gola ospatzen, gaur, Cadizen (Espainia). ©Roman Rios / EFE

Realak Kuboren gol bati esker irabazi du Cadizen

Paulo Ostolaza

Txuri-urdinek gogor lan egin behar izan dute, baina japoniarrak 24. minutuan sartutako golak balio izan die. Debuta egin dute Brais Mendezek eta Momo Chok.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...