Maria España. IDK Euskotreneko jokalaria

«Jaurtitzaileak buruz indartsua izan behar du, teknika izateaz gain»

IDK Euskotrenek eta Kutxabank Araskik derbia jokatuko dute gaur Donostian (19:30). IDK-n, Maria España da sasoi hasiera honetan nabarmendu diren jokalarietako bat. Bikain ari da hiruko jaurtiketetan.

GOTZON ARANBURU / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Arratsaldean du lan saioa IDK Euskotrenek, eta goizean izan da solasaldia Maria Españarekin (Mallorca, Herrialde Katalanak, 1992). Sasoi honetan iritsi da Donostiara, baina jada taldeko kapitaina da. Nabari zaio ogibidea gustuko duela. «Denbora asko ematen dugu horretan pentsatzen. Hortik kanpo, irakurtzea eta itsasoari begiratzea gustatzen zait. Asko ematen didate bi gauzek».

Zer moduz bi asteko etena? Luze egin zaizue?

Egia esan, gustura. Etxera joateko aprobetxatu dut, senideekin eta lagunekin egoteko, eta pozik eta energiaz bueltatu naiz. Gogotsuentrenatu dugu aste honetan; batez ere intentsitatea landu dugu defentsan, eta bizpahiru gauza erasoan. Lagunarteko bi partida jokatu ditugu, beheko mailetako gizonezkoen bi talderen kontra, lehiaren intentsitatea ez galtzeko.

Zer ematen dizue gizonezkoen taldeen kontra jokatzeak?

Haien jokatzeko erritmoa biziagoa da; gainera, taldeak ez genituen ezagutzen. Horregatik, adiago egon behar duzu.

Araskiren aurkako derbia duzue gaur. Nola zaudete?

Lugon jokatutako partidaren ostean, argi esan genuen: atseden hartu, eta indarrez eta gogotsu itzuli behar genuela Araskiren aurkako partida irabazteko. Aipatu bezala, hala izan da. Uste dut ondo prestatu dugula partida. Intentsitate handiko bi talde gara, ez dugu sekula amore ematen, eta uste dut partida polita izango dela ikusteko. Lehia handia izango da. Defentsan ondoen aritzen denak irabaziko du.

Zer nabarmenduko zenuke Araskiren inguruan?

Barneko joko indartsua dauka, eta bi jokalari erabakigarri: [Tanaya] Atkinson eta [Katarina] Zec. Erasoan asko ematen dute. Batez ere Atkinson ondo ezagutzen dugu, eta arretaz zaindu beharko dugu.

Lehen bost jardunaldietan aurreko sasoiko talderik indartsuenen kontra jokatu zenuten, eta ez zenuten irabazi. Hala ere, taldeak ez zuen amore eman. Horrek indartsuago egin zaituzte?

Zozketa egin zenetik, bagenekien lehen jardunaldietan egutegi oso gogorra izango genuela. Gainera, egokitzen ari ginen, eta Mariam Coulibaly falta zitzaigun. Baina onartu, barneratu eta lan ona egin genuela uste dut. Denboraldi honetan jokatu ditugun partidetatik, arantzarik handiena Zaragozaren kontrakoan geratu zait. Uste dut irabazteko moduko partida zela. Bestela, heldutasun handiko taldea garela erakutsi dugu, eta psikologikoki ondo prestatuta gaudela.

Hortik aurrera, irabazteko modukoak ziren lehietan garaipena lortu duzue. Kopara sailkatzeko moduan ikusten duzu taldea?

Bai, horretarako ari gara lanean. Hori da gure ilusioa. Baikor naiz; izan ere, taldea oso ondo ikusten dut: egokituago, Azuren [Muguruza entrenatzailea] mekanismoak barneratuta... Gainera, jokalari bakoitzak gero eta argiago du taldean zer rol duen, eta hori ere oso inportantea da. Gorantz segituko dugu.

Zergatik erakarri zintuenIDK Euskotrenen eskaintzak?

Betidanik oso gustuko nuen taldea, lehiakorra delako. Azuk deitu ninduen. Etortzea nahi zuela esan zidan, uste zuelako taldeari asko emateko moduan nengoela. Kanarietan bi sasoi eman eta gero, aurrerapauso moduan ikusten nuen. Gainera, talde berri batera joateak eragiten duen ilusioa behar nuen. Euskal Herrian ere jokatua nengoen Ibaizabalen, eta oso gustura. Ez nuen bitan pentsatu.

Bete al dira zure asmoak?

Bai. Oso pozik nago, lasai eta konfiantza handiarekin. Lan ona egiten ari naizela iruditzen zait, eta kantxan islatuz doala gutxinaka.

Iritsi eta kapitain izendatzeak zugan zer-nolako konfiantza dagoen erakusten du, ezta?

Egia esan, oso harro nago. Plazera da talde honen kapitain izatea. Oso multzo ona dugu. Gainera, Azuk ere konfiantza handia ematen digu berarekin hitz egiteko. Berak du azken hitza, noski. Baina denek eman dezakegu iritzia, eta gure ekarpenak egin. Hori oso aberasgarria da. Asko entzuten gaitu. Oso gustuko dut.

Jaurtitzaile petoa zara. Halako jokalariei puntuak eskatzen zaizkizue. Presio handiagoa duzue?

Argi dago fitxatzen zaituztenean hori espero dutela. Baina ni ez naiz jokatzera ateratzen besteek zer espero duten pentsatzen. Nire onena ematea baino ez dut buruan. Bestalde, nire jokatzeko eragatik eta posizioagatik jakitun naiz gertuagotik zaintzen nautela. Hori dela eta, ahalik eta jokatzeko era osoena izan behar dut. Alde horretatik, asko hobetu dudala uste dut. Adibidez, erasoko erreboteari gehiago erreparatzen diot. Izan ere, ohituta nengoen jaurti bezain laster atzera egitera. Defentsan, berriz, oldarkorrago izaten ikasi dut blokeo zuzeneko jokaldietan, baloiren bat lapurtzeko. Azken batean, buruz argiagoa izaten defentsan. Azuk eskarmentu handia du, eta asko laguntzen ari zait horretan: gorputza nola jarri, nora mugitu...

Entrenamenduen aurretik edo ostean jaurtiketa saioak egitera geratzen diren horietakoa zara?

Bai. Duela hiru edo lau urtetik egiten dut. Gogorra da, baina ondo sentitzen naiz, eta konfiantza eta indarra ematen dit. Asko disfrutatzen dut. Ederra da kantxa zuretzat bakarrik izatea. Normalean, entrenamendua hasi baino 45 minutu lehenago joaten naiz pabiloira, eta jaurtiketa saioa egiten dut. Prestatzaile fisikoak laguntzen dit: errebotea jasoz, oztopoak jarriz... Taldeko psikologoarekin [Amaia Ramirez] ere lan asko egiten dut, jaurtiketan konfiantza izateko. Asko laguntzen ari zait. Izan ere, jaurtitzaile batek buruz indartsua izan behar du, teknika izateaz gain.

Zer lantzen duzu batez ere?

Konfiantza eta patxada. Lehen ez nuen hainbeste sinesten neure buruan, eta beldur handiagoa nion huts egiteari. Bestalde, lasaitasun handiagoa dudala iruditzen zait. Lehen antsietate handiagoa izaten nuen jaurtitzeko. Orain, hobeto kontrolatzen dut hori.Gainera, kanpotik jokatzen duten beste taldekideak ere ekarpen handia egiten ari dira. Asmatzen ari dira. Partida guztietan erakusten ari gara edozeinek lor ditzakeela puntuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.