Mikel Urrutikoetxea. Baikoko pilotaria

«Ez dago ezer galdua; aukera dugu, eta baliatu behar dugu»

Urrutikoetxea-Arangurenek ez dute nahikoa Ezkurdia-Tolosari irabaztea sailkatzeko. Beste emaitzen mende daude. «Gure lehia irabazita hasiko gara besteenari begira», dio aurrelariak.

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Ez du samurra izan behar sei astez jarraian asteko lanari ekitea galdu eta gero. Bere burua ondo ikusteak laguntzen dio Mikel Urrutikoetxeari egoera eramaten (Zaratamo, Bizkaia, 1989): «Gustura ari naiz». «Gustura» dabil Aitor Arangurenekin ere, baina, aurrelariaren arabera, azken asteetan ez dute lortu egiten ari diren «lan ona» emaitzetan islatzea. Azken aukera aprobetxatu nahi dute: kanporaketa jokatu nahi dute.

Argi dituzue azken jardunaldiko kontuak?

Egia esan, ez. Guk derrigorrez irabazi beharra dugula; hori badakit, eta horrek axola dit bakarrik. Irabaziz gero, hasiko gara aurkariek egiten dutenari begira. Gu buru-belarri aritu behar gara gure partidan. Lehia zaila da, gogorra, guk dugun bezala, haiek ere [Joseba Ezkurdiak eta Xabi Tolosak] dena baitute jokoan.

Azkeneko partidaren amaieran, Arangurenek esan zuen «agian» txapelketaren hasieran sinatuko zuela orain zaudeten egoeran egotea. Zuk ere sinatuko zenuen?

Niri sailkapenean egoera samurrago batean egotea gustatuko litzaidake, baina txarrenean, aukera dugu oraindik sailkatzeko. Ea aprobetxatzen dugun.

Zuk esan duzu: «Partida zaila eta gogorra izango da».

Ziur, bi bikoteok asko baitugu jokoan. Haiek bolada ona harrapatu dute, ondo ari dira, eta horrek konfiantza emango die.

Haiek behetik gora egin dute, eta zuek, goitik behera. Halakoetan abantaila izan ohi du behetik gora ari denak?

Bai, konfiantza handiz iristen baita. Asko eskertzen da irabazi ondoren jokatzea. Batez ere, buruari egiten dio mesede. Haiek irabazi egin dute azken partida. Guk, aldiz, ez dugu irabazi azken jardunaldietan, eta, halakoetan, dudak azaldu ohi dira. Gustura ari gara entrenatzen, baina falta zaiguna da lan on hori emaitzetan islatzea. Ea larunbatean lor dezakegun.

Animoz ondo zaudete?

Bai, eta hala egon behar dugu, zalantza egin gabe, oso garrantzitsua baita larunbateko partida, hil ala bizikoa. Ez dago ezer galdua; aukera dugu, eta aprobetxatu beharra dugu.

22-18 irabazi zenieten lehen itzulian. Horrek zerbaiterako balio du?

Ezertarako ez. Ordukoarekin alderatuta, oso bestelakoa da egoera orain. Hilabete eta erdi pasatu da, beste frontoi batean jokatuko dugu [Tolosan (Gipuzkoa) jokatu zuten orduan, eta Zallan (Bizkaia) ariko dira larunbatean], eta, seguruenik, ezberdina izango da bakoitzak izango duen eguna. Aurreneko partida horrek ez du balio erreferentzia moduan.

Non egongo da gakoa?

Ondo hasi beharko da, bete-betean. Lehen tantoetan gauzak ondo ateratzeak konfiantza eman ohi du. Oso partida gogorra izango da, eta, horregatik, barruan dugun guztia eman beharko dugu tanto guztietan. Adi-adi egon beharko dugu lehia osoan.

Asko duzue jokoan. Beraz, nerbio eta tentsio askoko neurketa izango da?

Bai, baina hala da beti txapelketako partida denetan. Gauzak ondo egin nahi dituzu, eta horrek tentsioa eragiten dizu lehia hasi aurreko orduetan. Normala da.

Aranguren bigarrenez ari da binakakoan, eta Tolosa, aurrenekoz. Zuk eta Ezkurdiak eraman beharko duzue zamarik handiena? Zuek izango duzue ardura gehiago nerbioei eusteko?

Beteranoak izan arren, gu ere urduri egoten gara, baina egia da ere gure aldean, haiek gutxiago jokatu dutela binakakoan. Ni saiatuko naiz Aitor une oro animatzen, lasai eta gustura egon dadin. Ea elkar animatuz ondo aritzen garen.

Derrigorrez irabazi beharra duzue, baina irabazita ere kanpoan gera zaitezkete, bezperan Jaka-Mariezkurrena II.ak Elezkano II.a-Zabaletari irabazi, eta larunbatean Peña II.a-Albisuk Irribarria-Rezustaren aurka beste horrenbeste eginez gero. Enpresakideek galtzea komeni zaizue.

Hala da, baina ez nago horri begira. Guk argi dugu gure partida irabazi behar dugula. Hori lortzen badugu, hasiko gara beste emaitzei begira, baina ez lehenago.

Lehen itzulian lau partida irabazi zenituzten, baina bigarrengoan ez duzue bakar bat ere irabazi. Zer gertatu da halako txakalaldia izateko?

Ez dakit. Ez daude bi partida berdin. Lehen itzulian, gauzak oso ondo egin genituen, eta horri esker, emaitzak lagun izan genituen. Bigarren itzulian, ordea, ez nuke esango gauzak gaizki egin ditugunik, baina ez dugu lortu garrantzitsuena: irabaztea. Partidaren batean izan dugu aukera, baina ez dugu lortu.

Kolpea litzateke ez sailkatzea?

Bai. Beti da kolpea txapelketa batetik kanpo geratzea. Ez dizut gezurrik esango, pena ematen du aurrera egin ezinik geratzeak. Hala balitz, aurrera egin beharko genuke. Txarrenari onena bilatuta, gustura ari naiz, eta uste dut hau dela bidea.

Behin baino gehiagotan esan duzu gustura ari zarela.

Hala baita. Gustura nabil azken urtebetean: ilusioz entrenatzen naiz, eta konfiantzarekin jokatzen dut. Baina zaila da partida guztietan ondo aritzea. Pertsonak gara, eta egunero ez dira gauzak modu berean irteten. Pozik nago, ondo ari naizelako. Gustura sentitzen naiz.

Zer moduz ari zara Arangurenekin?

Aitor bigarrenez ari da binakakoan, eta oso kontuan hartu behar da oso pilotari gaztea dela; 21 urte besterik ez ditu. Oso ondo ari da, eta halako txapelketa gogorrak jokatzeak mesede handia egingo dio etorkizunari begira. Pilotari zailduen aurka ari da, eta atzelari oso indartsuen kontra, txapeldun izandakoak eta asko jotzen dutenak. Ez da erraza harentzat, lehen esan dudan bezala, 21 urte besterik ez baititu, eta bigarrenez ari baita binakakoan. Ilusio eta gogo handiarekin ari da, eta partida guztietan saiatzen da berea ematen. Ni ahalegintzen naiz hari laguntzen. Zaila da beti ondo aritzea, are gehiago kontuan hartuta zein atzelari indartsuak dauden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.