Peio Etxeberria. Aspeko pilotaria

«Dario animalia bat da, baina, nirea eginez gero, aukera izango dut»

Peio Etxeberriak gaur ekingo dio Lau eta Erdiko Txapelketari. Final-laurdenetako ligaxkako lehen partida jokatuko du Darioren aurka, Sorian. Iaz, finalerdietara iritsi zen. «Pozik» legoke berriro hori lortuta.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Hainbat pilotariri gertatu bezala, Peio Etxeberriak ere (Zenotz, Nafarroa, 1998) ez ditu jokatu udako torneo nagusiak. Halere, «konforme» dago egindako lanarekin. «Behetik gora» egin duela dio.

Gaur ekingo diozu Lau eta Erdiko Txapelketari. Nola zaude?

Ondo nago. Gustura nabil azkenaldian, konfiantzaz. Gainera, denbora izan dut lau eta erdikoa prestatzeko. Zaila izan ohi da lehen partida jokatzea, baina uste dut prest nagoela.

Udan ez dituzu torneo nagusiak jokatu. Horrek balio izan dizu lau eta erdikoa prestatzeko?

Irailean gutxiago jokatu dut, baina ez dut kexarik. Jokatu ez dudanean, entrenatzeko baliatu dut.

Konforme zaude udan egin duzun lanarekin?

Behetik gora egin dut. Hasieran, ez nuen nahi bezala jokatu. Baina, jokatu ahala, gusturago aritu naiz. Ondo bukatu dut uda.

Iaz, sanferminetako binakako torneoa irabazi zenuen Jose Javier Zabaletarekin. Aurten, ordea, kanpoan geratu zinen. Kolpea izan zen?

Kolpea ez, baina pena bai. Hala ere, argi dugu halako erabakiak ez daudela gure esku. Denok jokatu nahi dugu, eta ez dago guztiontzako tokirik. Enpresako pilotari nagusiek bakarrik dute ziurtatua postua: gurean, Jokinek [Altunak] eta Josebak [Ezkurdiak].

Sanferminetako lau eta erdikoan oso ondo aritu zinen: lehenbizi, Iker Irribarriari irabazi zenion; jarraian, Jokin Altunari; eta, gero, finalerdietan, lanak eman zenizkion Joseba Ezkurdiari.

Gustura aritu nintzen, baina aurretik ez nintzen nahi bezain ondo aritu. Eta balorazioa egiteko, biak hartu behar dira kontuan.

Argi dagoena da ondo moldatzen zarela lau eta erdian.

Nire dohainetara ondoen egokitzen den modalitatea da: bizi jokatzen da, oldarkor, eta ez da pilota horren gora bota behar frontisean. Horrek mesede egiten dit.

Dario Gomezen aurka jokatuko duzu gaur final-laurdenetako lehen partida. Nolako neurketa espero duzu?

Dario oso indartsu dabil: zezen bat da, eta jokoz ere oso ondo dago. Denbora darama horrela. Buruz buru, bikain aritu zen azken txapelketan [final-laurdenetako ligaxka jokatu zuen]; eta binaka ere oso ondo ari da. Partida oso zaila izango da: hura oso ondo ari da, eta nik ere oso ondo aritu beharko dut hari irabazi nahi badiot. Baina baikorra naiz. Nirea ematen badut, aukera izango dut.

Non egiten du min Dariok?

Batetik, sake zitala du; aurrekoan erakutsi zuen [zazpi tanto egin zizkion Asier Agirreri]. Eta, bestetik, sasoi ikaragarria du: pilota askotara iristen da; uste duzu tantoa amaitu duzula, eta hortxe azaltzen da. Animalia hutsa da.

Nola egin diezaiokezu aurre horri?

Nik konfiantza dut nire jokoan: nire jokoa egiten badut, aukera izango dut irabazteko.

Zein izango dira gakoak?

Bata, nik nire jokoa egitea. Bestea, berriz, hasi eta buka adi egotea.

Bitan jokatu duzue elkarren aurka lau eta erdian, 2018an, Promozio Mailako Txapelketan: lehenbizi, 22-5 irabazi zenion finalerdietako ligaxkan, eta, gero, berak 22-11 irabazi zizun hirugarren eta laugarren posturako partidan. Gogoratzen zara neurketa horietaz?

Ez oso ongi, baina badakit, agian, emaitzek kontrakoa dioten arren, biak partida gogorrak izan zirela. Dariok beti ematen du berea, eta hari irabazteko beti dago sufritu beharra.

Buruz buru jokatu duzue azkenekoz, eta 22-2 irabazi zizun atarikoan. Halakoak kontuan hartzen dituzu motibatzeko?

Ez, dena baita ezberdina: beste txapelketa bat da, beste modalitate bat, eta bakoitzaren sasoia ere ez da orduko bera izango.

Sorian jokatuko duzue. Inoiz jokatu duzu bertan?

Behin, binaka, afizionatuetan. Oroitzapen ona dut, baina ez naiz gogoratzen nolako frontoia den.

Darioz gain, Altuna eta Jon Ander Peña izango dituzu arerio ligaxkan. Zer itxura hartzen diozu?

Ez naiz horretan pentsatzen ari. Nahikoa dut Dariori irabazten saiatuta.

Iaz, finalerdietan jokatu zenuen. Konforme zinateke beste horrenbeste eginda?

Helburuak beti izan behar du hobetzea. Baina polita litzateke berriro finalerdietan aritzea.

Lehen aldiz binakakoa jokatzeko merituak egitea da beste helburua?

Gustatuko litzaidake binakakoan jokatzea, baina, orain, ez naiz horretan pentsatzen ari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.