Aingeru de la Fuente. Aspeko pilotaria

«Ausarta izan behar dudala azpimarratu dit enpresak»

Duela sei urte Asperekin lehen aurrekontratua sinatu eta gero, Eugiko aurrelariak etzi egingo du debuta, Elizondon. Lehen Mailan aritzea eta txapelen bat irabaztea du amets. Baina, orain, «gozatzea» du helburu.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun
«Dei diezadakezu ordu erdi geroago? Eskolako etxeko lanak egiten ari naiz». Aingeru de la Fuente (Eugi, Nafarroa, 2002) gogotsu ari da prestatzen debuteko partida, baina argi du ikasketak dituela lehentasuna. Ahazten bazaio, etxean du akuilua. «Gurasoek etengabe gogorarazten didate».

Etzi jokatuko duzu lehen aldiz profesionaletan. Zer moduz?

Sasoiko eta oso gogotsu nago. Jokoz, ordea, ez nago nahi bezain ondo; hobeto egon naiz. Duela hilabete, mina izan nuen eskuetan, eta osatzen ari naiz.

Aspek duela hiru aste jakinarazi zuen zure debuta. Mesede egin dizu barneratzeko?

Bai. Lehen egunetan, lanak izan nituen sinesteko. Profesionalekin entrenatzen hasteak mesede egin zidan. Orain, prest nago.

Ezustean harrapatu zintuen ala espero zenuen?

Duela sei urte sinatu zuen lehen aurrekontratua Asperekin; beraz, aukera egon bazegoen. Baina ez zegoen nire esku. Ez nekien enpresak zein asmo zituen.

Noiz eta nola jakin zenuen?

Inaxiok deitu zidan [Errandonea, Aspeko zuzendari komertziala]. Ez nuen deia ikusi, klasean nengoelako. Etxera itzultzean deitu nion, eta orduan esan zidan.

Zer pentsatu zenuen?

Zur eta lur geratu nintzen, eta mutu. Ez nekien zer esan. Sekulako emozioa eta poza sentitu nuen: txikitako ametsa beteko nuen.

Segituan kontatu zenien gertukoei?

Deia moztu bezain laster deitu nien gurasoei. Une oso polita izan zen. Oso gertukoei bakarrik esan nien. Lagunek enpresak iragarri zirenean jakin zuten. Bat-batean, sutan hasi zen sakelakoa.

Bi urterako kontratua sinatu duzu. Enpresak zer eskatu dizu?

Ausarta izateko azpimarratu dit.

Nolako pilotaria zara?

Sakearekin moldatzen naiz ondoen; nire dohain nagusia da. Nahiko osoa naiz, eta saiatzen naiz beti pilotari abiadura ematen eta erritmoa nik eramaten. Gustatzen zait errematatzea, baina nahiko ondo moldatzen naiz ere defentsan.

«Oso bizia da, eta hanka bizkorrak ditu». Halaxe definitu zaitu Jokin Etxaniz Aspeko zuzendari teknikoak.

Hori esan du? Pozten naiz. Saiatzen naiz bizi jokatzen.

Egungo pilotarien artean, Asier Agirreren antza duzula esan du.

Inoiz ez zidaten halakorik esan, baina ez da alderaketa txarra. Pilotari sendoa da Agirre: ona defentsan eta errematean, baita oso borrokalaria ere.

Denak ezin dira loreak izan. Fisikoki «falta» zaizula azaldu du.

Hala da; badakit, eta ari naiz hori lantzen. Azkeneko urtean hobetu egin dut, baina oraindik falta zait.

Arlo horretan duzu gehien hobetzeko?

Bai, pilota gehiago mugitzeko eta errazago jokatzeko. Teknikoki ere badut zer hobetua. Jokin asko ari zait laguntzen; nik ikusten ez ditudan gauzak atzematen ditu berak: gantxoa jotzeko postura, eskuinarekin jokatzekoa... horiek hobetzeko lanean ari gara.

Sumatu duzu aldea profesionalekin entrenatuta?


Bai, sekulakoa; zer esanik ez Lehen Mailakoekin entrenatuta. Pilotak biziagoak dira, eta pilotariek askoz abiadura handiagoa ematen diete pilotei. Nabari da onenak direla.

Pilotariren batek harritu zaitu?

Bai: Altunak. Harekin egon nintzen lehen aldian oso jator portatu zen nirekin. Ez dut ahaztuko lehen aldi hura: sparring lanak egin nizkien hari eta Martijari iaz, Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkan ari zirela. Sekulako erakustaldia eman zidan Altunak.

Familia pilotazalea duzu?

Bai. Etxean beti izan dugu zaletasun handia. Anaia bat dut, ni baino zortzi urte helduagoa, eta hark ere pilotan jokatu zuen. Haren partidetara joaten ginen denok. Ni jaioberria nintzen; beraz, bizitza osoa daramat frontoietan.

Nola hasi zinen pilotan?

Zubiriko [Nafarroa] pilota eskolan hasi nintzen; oso gustura ibiltzen ginen. Baina gutxi ginen, eta Ultzamara [Nafarroa] joan nintzen, Buruzgain klubera. Lau urte egin nituen. Azken urte eta erdia Irurtzunen egin dut [Nafarroa].

Pilotari kutunik izan al duzu?

Bai: Barriola. Txikitatik izan da nire idoloa.

Bitxia da, azkenaldian debuta egin duzuen ia denek esan duzue Barriola: Martxel Iztuetak, Arkaitz Eskuzak, Unai Matak eta zuk.

Hara! Niri jada 3 urterekin gustatzen zitzaidan, eta ezagutu egin nahi nuen. Abelzale amorratua izan naiz. Sekulako pena hartu nuen erretiratu zenean.

Sarrera asko eskatu dizkizute?

Bai: 160 gorde ditut, baina gehiago nahi nituen. Askok Internetez erosi dituzte. Nire inguruko jende asko joango da.

350 biztanle eskas ditu Eugik. Ia herri osoa joango da Elizondora.

Hortxe-hortxe [barrez]. Eugi oso herri pilotazalea da. Herriko haurrek ez dute zaletasun handia, baina helduen artean pilotazale asko dago, eta badakit asko poztu direla niregatik. Ilusio handia zuten nirekin.

Enpresak atzelari bikaina jarri dizu: Jose Javier Zabaleta.

Asko poztu nintzen harekin jokatuko nuela esan zidatenean; atzelari onenetakoa da, galaktiko bat.

Zer kontatu dizute debuteko partidari buruz?

Gozatzeko eguna dela, eta saiatu behar naizela hori egiten. Pazientzia izateko ere esan didate, hau bide luzea delako.

Zer helburu duzu etzitik aurrerako?

Ez zait gustatzen luzera begira aritzea; gustuko dut egunez egun joatea. Lehenbizi, debuta polita izatea gustatuko litzaidake. Eta gero, zer? Lehen Mailan jokatu nahiko nuke; zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto. Hori eta txapel bat irabaztea ditut amets. Baina, egun, helburu nagusia gozatzea da.

Norbaiti eskerrak eman nahi dizkiozu?

Bai, jende askori. Gurasoengandik hasita. Sekulako sakrifizioak egin dituzte. Ezin dira zenbatu zenbat kilometro egin dituzten autoan ni batera eta bestera eramaten. Afizionatuetan, askotan, jokatu dut gauez, etxetik urrun. Aitak eramaten ninduen autoan, eta goizaldean iristen ginen etxera. Eta, gero, hark goizeko seietan altxatu behar zuen, lanerajoateko. Etxean erraztasun guztiak eman dizkidate, eta une onetan eta txarretan izan ditut ondoan. Davidi [Dominguez] nireprestatzaile fisikoari ere oso eskertuta nago, baita Irurtzungoklubari ere. Ezin ditut ahaztu ere lagunak.

Lau eta Erdikoa jokatzen ari dira. Egin apustu: nork irabaziko du?

Altuna da faborito nagusia. Koska bat beherago, berriz, Ezkurdia, Peio [Etxeberria] eta Peña daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.