Ludvig Hakanson. Retabet Bilbo Basketeko jokalaria

«Astean bi partida jokatzeko prest ikusten dut taldea»

Aurreko sasoian ACB ligako ezustea izan eta gero, larunbatean ekingo dio denboraldi berriari Bilbo Basketek. Kanaria Handian izango da. Taldean sartu berri diren seietako bat da Ludvig Hakanson joko antolatzailea.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
24 urte besterik ez duen arren, esperientzia duen jokalari baten patxadarekin mintzatu da Ludvig Hakanson Bilbo Basketeko jokalaria (Stockholm, 1996). Kantxan ere lasaitasun hori eman nahi dio taldeari. Suediarra Poloniako Stelmet Zielona taldetik iritsi da Bilbora. Baina, aurretik, ACBko hainbat taldetan jokatu zuen: Bartzelonan, Sevillan, Fuenlabradan eta Estudiantesen.

Zer moduz joan da denboraldi-aurrea?

Ondo. Ez dugu koronabirus kasurik izan taldean, eta, horri esker, nahiko normal egin dugu lan, betiere protokolo eta segurtasun neurriak hartuta. Egungo egoeran, ez da gutxi hori. Baina liga hasteko gogo biziz gaude. Izan ere, garaipenek benetako balioa dutenean, motibazioa beste bat da. Nik, gainera, sei hilabete daramatzat partida ofizialik jokatu gabe, eta irrika handiz nago.

Aurreko sasoian, ezustea izan zen Bilbo Basket. ACBra itzuli, eta Espainiako Koparako eta titulurako kanporaketetarako sailkatu zen. Hori berritzea izango da helburua?

Nik beti esaten dut kirolak ez duela memoriarik eta, horregatik, alferrik dela atzera begiratzea. Argi dago oso denboraldi ona egin zutela. Baina talde guztiak hutsetik hasiko gara. Ahalik eta garaipen gehiena bilduz joan behar dugu, eta, sasoia aurrera joan ahala, ikusiko dugu non gauden, eta zein helburu lortzeko borrokatuko garen.

Defentsa sendoa eta kontraeraso bizkorra izan ziren taldearen aurreko sasoiko ezaugarriak. Halako jokoa egin asmo duzue sasoi honetan ere?

Horretan ahaleginduko gara. Defentsan sendo egoteak, erasoan bizkor atera ahal izateko bidea ematen digu. Alexek [Mumbru entrenatzaileak] oso argi ditu gauzak, eta horrek gauzak azkarrago barneratzeko modua ematen digu berrioi. Baina egongo dira ñabardurak, sei jokalari berri gaudelako, eta geure ezaugarriak ditugu. Dena den, bada aldatuko ez den gauza bat: izaera lehiakorra. Hori izan zen taldearen arrakastaren gako nagusietako bat aurreko denboraldian, eta eutsi egin behar diogu. Edozein aurkari aurrean izanda ere, irabaz dezakegula sinetsi behar dugu, eta azkenera arte horretarako lan egin.

Beste gakoetako bat Miribillako zaleen babesa izan zen. Antzemango duzue haien falta, ezta?

Arraroa izango da. Talde guztiek antzemango dute euren zaleen babesa ez izatea. Baina gurea bezalako talde batek, are gehiago. Nik lauzpabost aldiz jokatu dut hemen kontrario moduan, eta ez dut sekula irabaztea lortu. Beti erreparatzen nion zein giro ona zegoen, eta zaleek nola laguntzen eta babesten zuten taldea partida osoan zehar. Deseatzen nago hori bertako jokalari gisa bizi izateko.

Hala ere, Eexetik kanpo hasiko duzue liga, etzi, Kanaria Handian. Non egongo da sasoiko lehen garaipena lortzeko gakoa?

Kanaria Handiak apur bat behera egin du azken bi sasoietan, baina aurkari zaila da. Oso joko antolatzaile bizkorrak ditu, eta gertutik zaindu beharko ditugu. Baloi galera inozoak eragoztea lortu behar dugu. Izan ere, haiek min handia egiten dute kontraerasoan. Baloi galerena izan da denboraldi-aurrean izan dugun arazoetako bat, eta ahalik eta bizkorrena konpondu behar dugu. Partida guztietan gugan jarri behar dugu arreta, ez aurkariarengan. Gure gauzak ondo egiteari erreparatu behar diogu. Hala eginez gero, ia gehienetan egongo gara garaipena lortzeko lehian. Hori egitea are garrantzitsuagoa da sasoi hasiera honetan, oraindik egokitzen ari baikara, eta entrenatzaileak nahi duena barneratzen.

Europan ere jokatuko duzue. Taldea prest ikusten duzu bi lehiaketetan aritzeko?

Talde gaztea dugu, energia handikoa, eta prest gaudela uste dut. Jokalarioi gustatzen zaiguna jokatzea da, eta ez dut uste arazoa izango denik astean bi partida jokatzea. Aurreko sasoian, Polonian jokatzen nuen, eta maiz joan behar izaten genuen Errusiara. Haiek bai bidaia luzeak. Hemen ez dut aparteko arazorik ikusten.

Eta zu nola zaude liga hasteko? Izan ere, bi aste egon zinen geldirik. Baina azken lagunarteko partidan hemeretzi puntu lortu zenituen.

Hala da. Baina erabat osatuta nago, gustura eta konfiantzaz. Nire onena eman nahi dut. Antolatzailea izanda, taldeko jokalaria naiz, baina gustatzen zait ardurak hartzea, eta jaurtiketak egitea.

Eskolta moduan ere jokatu izan duzu. Non zaude erosoen?

Txikitan, eskolta moduan hasi nintzen. Baina mailaz igo ahala, joko antolatzaile lanetan hasi nintzen. Azken urteetan, batez ere hor jokatu dut, eta, aipatu bezala, gustura eta eroso nago. Baina Alexek ez dezala zalantza egin: partidaren batean eskolta moduan jokatu behar badut, ez dut arazorik izango. Taldeari edozertan laguntzeko nago.

Urteetan Bilbo Basketeko joko antolatzaile izan zen Javi Salgado duzu orain entrenatzaileetako bat. Zein gomendio eman dizu?

Joko antolatzaile oso onekin batera jokatzeko aukera izan dut: Huertas, Navarro, Satoransky, Popovic... Denengandik asko ikasi dut. Aurreko sasoian urrats erabakigarria eman nuen Polonian, taldeko lehen joko antolatzaile izanda. Uste dut postu horretan jokatzeak eskatzen duen patxada eta jokoaren kontrola lortzen ari naizela pixkanaka, eta, horretan,asko ari zait laguntzen Javi. Gomendio asko ematen dizkit;batez ere, jokoa ikusteko eta baloia igotzeko orduan. Jokalari askok ikusten ez dituzten gauzak ikusten ditu hark, eta aulkitik, are gehiago.

Aurrerapauso bat izan da zuretzat ACB ligara bueltatzea?

Dudarik gabe. Eskaintza egin zidatenean, ez nuen bitan pentsatu. Europako ligarik onena da, eta hemen baino hobeto ez naiz inon egongo. Oso ondo zaintzen gaituzte, eta uste dut asko hobetu eta ikas dezakedala hemen.

Bartzelonan arrakasta lortu ez izanaren arantza duzu?

Argi dago talde handi bat dela, eta edozein jokalariren ametsa dela halako talde batean arrakasta izatea. Baina ez dut arantzarik. Nerabe nintzela fitxatu ninduten, eta aukera izan nuen hango harrobian jokalari eta pertsona moduan hazteko eta hezteko. Eskerrak ematea baino ez dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.