Iñaki Artola. Baikoko pilotaria

«Zer gerta ere, jada bakeak egin ditut neure buruarekin»

Artola «oso pozik» dago lehen aldiz buruz buruko finalerdiak jokatuko dituelako: «Aspaldi ari nintzen aurrerapausoa eman nahian, eta, azkenean, eman dut». Rezusta izango du aurkari; haren lanak ez du ustekabean hartu.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Alaia dauka ohiko aldartea Iñaki Artolak (Alegia, Gipuzkoa, 1994), baina hizketan hasi eta berehala sumatu zaio ohi baino zoriontsuago dagoela. Segituan aitortu du: «Ezin dut ezkutatu: ilusio handia egiten dit aurreneko aldiz buruz buruko finalerdiak jokatzeak».

Zer pentsatu zenuen Mikel Urrutikoetxearen aurkakoan 22. tantora iritsi zinenean?

Ez naiz zehazki gogoratzen, baina aste osoan pilatutako tentsioa askatu nuen. Kanpotik partida bideratuta zegoela iruditu izanagatik ere, barruan ez da horrelakorik sentitzen lanak bukatu arte. Are gehiago, saiatzen zara burutik kentzen eginda dagoela dioten pentsamenduak, eta tanto guztiak hil ala bizi borrokatzen. Eta 22. tantoa lortzen duzunean dator bat-bateko lasaitua, eta poza.

Poza, lehen aldia baituzu buruz buruko finalerdietan.

Halaxe da. Ezin dut ezkutatu: oso pozik nago. Helburu zehatza jarri nion neure buruari aspaldi: buruz burukoan aurrerapausoa ematea, eta, behingoz, final-laurdenetako langa pasatzea. Binaka, bitan jokatu ditut finalerdiak, eta lau eta erdikoan, Nafarroako Txapelketako finalean aritutakoa naiz. Baina buruz burukoan ez nuen inoiz halakorik lortu. Iaz, gainera, ezin izan nuen jokatu, lesio batengatik. Pena handia eman zidan, ilusio handiz bainengoen, uda osoan Mastersean oso gustura aritu ostean [txapeldun izan zen, Beñat Rezustarekin]. Amorru handia eman zidan ondo nengoen urte bat ez aprobetxatu izanak. Baina ia gutxien espero nuenean eman dut jauzia. Ia gutxien espero nuenean, binakakoan ez bainintzen ibili joko onarekin [azkena izan zen Aitor Arangurenekin, eta bi hilabete egin zituen min hartuta]. Baina buelta eman diot egoerari, eta orain arte gaindiezina zirudien langa gainditu dut. Hemendik aurrera gertatzen dena gertatzen dela, aurrerapausoa eman dut.

Aspaldiko partidarik onena jokatu zenuen Urrutikoetxearen aurka?

Onena ez, baina onenetako bat bai. Agirreren aurka ere oso gustura amaitu nuen. Oso bestelako jokoa egin behar izan dut partida batean eta bestean: Agirreren aurka asko aritu behar izan nuen defentsan, eta oso ondo aritu zen aurkari bati irabazi nion, nola, eta emaitzari buelta emanda; Urrutikoetxearen aurka, berriz, aurrean nabarmendu nintzen, errematean, tantoak bukatzen. Zaila da aukeratzen zeinetan jokatu nuen hobeto, baina, beharbada, Agirreren kontrakoan esango nuke. Egia esan, konfiantza handia eman dit ikusteak modu batean edo bestean jokatuta irabaz dezakedala.

22-7 irabazi zenion Urrutikoetxeari. Halere, zuk esana da ez zela batere erraza izan.

Eta halaxe da. Barrutik sekula ez da erraza izaten. Egia da ez zela izan espero genuen bezalako partida gogorra eta estua, baina buruz burukoan halakoak gertatu ohi dira. Batek egun ona izanez gero, eta besteak txarra, alde handiak egon ohi dira. Zaila da gaizki hasiz gero gora egitea; bizi-bizi doa dena. 22-7koa emaitza argia da, baina ziur egongo dela halako beste emaitzaren bat.

Are emaitza argiagoarekin irabazi zenion zuk Axier Arteagari Baikoko atarikoan: 22-2. Binakakoan sentipen txarrak izan ondoren, zenbateko mesedea egin zizun halako garaipen biribil bat lortzeak?

Mesede handia egin zidan, baita konfiantza handia eman ere. Nire ustez, antzekoa pasatu zaio Rezustari ere: ez zen nahi bezala aritu binakakoan; txakalaldi txiki bat izan zuen, baina gora egin du. Pilotari guztiok barneratuta dugu gure jokoa boladaka joan ohi dela. Ondo zaudenean, iruditzen zaizu beti horrela izan behar duela, baina ez da hala izaten, gorputzak ez baitio eusten denbora luzean tentsioari. Eta alderantziz, behean zaudenean iruditzen zaizu ezinezkoa dela buelta ematea, baina ematen diozu, ziurrenik gorputzak behar baititu beherakada horiek, berriz gora egiteko. Orain, ondo nago. Espero dut gutxienez beste hiru astez horrela egotea.

Lehen aldiz buruz buruko finalerdietarako sailkatzeak balio izan dizu zeure burua sendotzeko?

Uste baino gehiago eragiten digu jendeak dioenak, baina epailerik zorrotzena geure burua izan ohi da. Horregatik, jendeak esaten zuenarekin baino gehiago, neure buruarekin nuen borroka buruz burukoan. Gaztetan asko jokatutakoa naiz buruz buru, eta urtero ilusio handiz ekiten nion txapelketari. Baina, gero, ez nuen lortzen aurrerapausoa ematea. Eta orduan, zeure burua zalantzan jartzen hasten zara, ea zeure buruari ezartzen dizkiozun helburuak ez diren errealistak. Aurten, zorionez, lortu dut aurrerapausoa ematea. Horregatik, gertatzen dena gertatzen dela, jada bakeak egin ditut neure buruarekin.

Beñat Rezusta izango duzu aurkari finalerdietan. Eskerrak atzelariek ez zutela zer eginik buruz burukoan...

Bai, motel! Baina aldeak daude. Zabaleta egiten ari den lanak ustekabean harrapatu gaitu ia denak. Beñatekin, aldiz, ez dut ustekaberik hartu. Haren ibilbidea jarraitu dugunok badakigu afizionatuetan asko eta oso ondo jokatutakoa dela buruz buru, Bigarren Mailan txapeldun izandakoa dela, eta Lehen Mailan lan ona egindakoa dela. Niretzat ez da ezustekoa hura finalerdietan ikustea. Atzelaria da, baina espezialista da buruz burukoan. Jokaldi guztiak menperatzen ditu. Oso partida zaila izango da.

Ikusi zenuen Danel Elezkanori irabazi zion partida?

Bai, eta oso ondo ikusi nuen, baita Oinatzen [Bengoetxea VI.a] aurkakoan ere. Oso kontuan hartzeko aurkariak dira biak ala biak, eta begira nola irabazi dien biei, zer-nolako nagusitasunez. Horrek agerian uzten du joko handia duela. Jotzaile handia da, eta, horregatik, ziur aurreko bi partidetan baino gehiago aritu beharko dudala defentsako lanean. Hori barneratuta joango naiz frontoira, gogor borrokatzera.

Zer nabarmenduko zenuke Rezusta buruz buruko pilotariaz?

Jo indartsuaz gain, baliabide asko dituela: biparetaz min handia egiten du; hanka arinak ditu, eta, horri esker, pilota askotara iristen da, eta beste atzelari batzuei kostatzen zaiena egiten du: aurrean pilota ondo harrapatu, egoki jarri, eta ondo amaitu. Oso ona da, oso konpletoa.

Eta nola egin ahal zaio aurre?

Hasteko, neure lana ondo eginda. Beñatek gogor jotzen du pilota, baina nik ere gogor jo dut azken partidetan. Funtsezkoa izango da erritmoa ezartzea, eta, bereziki, sakearekin asmatzea. Topikoa dirudi, baina sakeak eragin handia du jokoan, eta are gehiago buruz burukoan; jokaldirik garrantzitsuena da, zeharo baldintzatzen baitu hurrengo jokaldia; alde handia dago sake on bati esker erasoan hastearen edo sakea ez aprobetxatu eta defentsan hasi behar izatearen artean. Errestoak ere garrantzi handia izango du.

Partida bakarrera duzu finala. Lehena zenuke maila nagusian.

Ufa! Sari itzela litzateke: finala jokatzea, eta zein, eta buruz buruko txapelketarena. Baina saiatu nahi dut horretan gehiegi ez pentsatzen. Lasai egon behar dut, eta halaxe jokatu. Ez dit inolako mesederik egingo etor daitekeenaren inguruan pentsatzen aritzeak. Beste partida bat balitz bezala hartu behar dut larunbatekoa. Zorionez irabazten badut, hasiko naiz beste gauzetan pentsatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.