Diego Rico. Realeko jokalaria

«Imanol-eta exijentzia handikoak dira; hori da lorpenen oinarria»

Realean lehen sasoia osatuta, Rico «gustura» dago taldea Europa ligarako sailkatu izanarekin. Haatik, etzi bosgarren postua lotu nahi dutela dio. Sare sozialetan pairatutako jazarpenaren gaian ez du askorik sakondu nahi izan.

REALA.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Diego Rico (Burgos, Espainia, 1993) hizpide izan da azken egunetan, sare sozialetako jazarpena salatu baitu. Ordea, atzelariak kirol arloari eman dio garrantzia, eta esan du «pozik» dagoela, Realeko lehen sasoia hasi baino hobeto amaitu duelako.

Jadanik Europa ligarako sailkatuta, sasoiaren balorazioak ona behar du ezinbestean, ezta?

Denboraldi ona izan da, gure helburua lortu baitugu. Kostata, baina partida baten faltan egin dugu. Balioa ematekoa da.

Vila-realen lortu zenuten hori, joan zen igandean, aurkari zuzen bati gain hartuta. Taldeak une erabakigarrian asmatu al zuen?

Bai. Bagenekien neurketa oso zaila izango zela. Sasoi osoan bi partida besterik ez zuen galdu etxean. Galtzen ari ginela joan ginen atsedenaldira, gainera, eta bigarren zatian, irauli, eta hiru puntuak lortu genituen.

Jardunaldi baten faltan lortu duzue sailkatzea, azken bi urteetan baino arinago. Zein izan da sasoi honetako gakoa?

Lana, umiltasuna, sakrifizioa eta gure jokoarekiko konfiantza izan dira gakoak. Hori, eta txapelketari partidaz partida ekitea ere bai, nik uste.

Makalaldiak izan dituen aldiroberriz osatu da taldea. Zuen arteko batasunak zer garrantzia du horretan?

Hori izan da garrantzitsuena, une zailetan lanean berdin-berdin segitzea, aurrera egingo genuela jakinda. Gure egitekoari eutsi edo horretan are gehiago sakontzea, egoera lehenbailehen iraultzeko.

Bosgarren postua lotzea izango da azken jardunaldiko helburua, noski.

Ea ahal dugun. Gu irabaztera aterako gara, partida guztietan bezala, eta ea hori lortzeko gai garen.

Horretarako aukera ikusten alduzu?

Aukera, egon, badago. Guk ez diogu uko egingo; lehen minututik saiatuko gara irabazten, eta, gero, bosgarren geratzen bagara, ba, askoz hobe.

Izan ere, Betisen emaitzaren araberakoa izango da hori. Zuek Atletico Madrilen kontra jokatuko duzue. Lantegi zaila da?

Jakina. Talde handia da, Txapeldunen Ligakoa. Gauzak zail jarriko dizkigu. Guk jadanik lortu dugu gure helburua [Europarako sailkatzea], baina azken partida da, eta hiru puntuak eskuratzen saiatu behar dugu, bosgarren geratzeko.

Cadiz menderatu eta gero, Imanol Alguacil entrenatzaileak zera esan zuen: «Izugarrizko aukera galdu dugu zerbait gehiago jokoan izateko, eta pena pixka bat dut». Irudipen bera al duzue?

Orain gutxi arte, bageneukan aukera [Txapeldunen Ligarako] sailkatzeko. Futbola horrelakoa da, ordea; gero, bestelako helburu bat izan dugu aurrean, eta jardunaldi baten faltan lortu dugu.

Zer falta izan zaizue Txapeldunen Ligarako lehia horretan egoteko?

Ez dakit. Agian, areako eraginkortasuna. Une jakin batzuetan hori falta izan zaigu, nahiz konpontzea lortu dugun, gure atea sarri hutsean mantenduta eta gol gutxi jasota.

Orain arteko 37 partidetatik hogeitan ez dizuete golik sartu. Atzelari gisa, zer esanahi du zuretzat?

Hori denon kontua da. Hasi aurrelarietatik eta atezaineraino; denok egiten dugu erasora,eta defentsan ere beste horrenbeste.

Sasoiak aurrera egin ahala, protagonismoa irabazi duzu zelaian. Gustura?

Bai, oso gustura. Banekien lana gogoz eginda eta entrenatzailearen aukerak aprobetxatuta gauzak ondo aterako zitzaizkidala.

Min hartu zenuen hasi orduko, eta, gero, hogei partida jokatu dituzu. Geldialdirik izan ez bazenu sarriago arituko zinela uste duzu?

Ezin da jakin. Litekeena da, baina garrantzitsuena da jada erabat osatuta nagoela, konfiantza irabazi dudala, eta entrenatzaileak nire aldeko apustua egin duela. Eta nire aldekoa egin ez duenetan, saiatu naiz taldekideari laguntzen.

Ailegatu orduko, abduktorea hautsi zenuen. Nola bizi izan zenuen hori?

Zaila izan zen. Heldu orduko, egokitzen ari nintzela, epe luzerako min hartzea ez da erraza. Baina futbolaren parte da, eta berehala jarri nintzen osatzeko lanean.

Sasoiak aurrera egin ahala, sarriago aritu zara. Akabera ona da?

Bai, askoz hobeto sentitu naiz. Lehenago edo beranduago heldu behar zuen; lanean jarraitzea eta ez etsitzea da gakoa, beti taldearen ahalik eta gehien laguntzeko.

Iazko uztailaren amaieran iritsi zinen Donostiara. Zer aurkitu duzu?

Klub etxetiarra da, zer nahi duen ondo dakiena. Denak elkar hartuta aritzen dira hemen, eta entrenamendu bakarrean ere ez dira erlaxatzen. Hala heltzen dira lorpenak.

Nolako bilakaera egin duzu Leganesen Lehen Mailan debuta egin zenuenetik?

Uste dut izandako arazo guztiei egin diedala aurre, kontrakotasun guztiei. Futbolaren arloan eta esparru pertsonalean hazten lagundu dit horrek; ikasi egin dut, gauzak baloratzen. Ikasi dut ez etsitzen, eta aukerak baliatzen.

2023ko ekainera arteko kontratua duzu. Luzatzea pentsatu al duzu?

Tira, ni nire lanaz arduratzen naiz. Gauzak ahalik eta ondoen egin nahi ditut, taldeari laguntzeko. Gero, hori ez dago nire esku; nire mailari dagokio lehendabizi, eta presidenteari eta zuzendaritzakoei gero.

Zer moduz Imanolekin? Gogorra al da?

Exijentzia handikoak dira. Ez dute erlaxatzeko tarterik uzten, eta hori da kluba lortzen ari denaren oinarria. Nola entrenatu, hala lehiatzen da asteburuan. Funtsezkoa da oso bizi entrenatzea, gero partidetan ondo aritzeko.

Talde honek ba al du hobetzeko tarterik?

Bai, hori beti dago. Ertz asko daude leuntzeko, hobetzeko, eta sasoia amaitzean gauza onak eta txarrak aztertzen dira, azken horiek hobetzeko.

Kopan eta Europa ligan urrunago ez iritsi izanaren arantza duzue?

Denek nahi dute ahalik eta goren egon eta kanporaketak gainditu. Alde ona da datorren urtean errebantxa hartzeko aukera izango dugula.

Sare sozialetako jazarpena salatu duzu asteon, eta Ertzaintzaren esku dago auzia. Zer duzu esateko horren inguruan?

Haien eskuetan dago, eta ni lasai nago horri dagokionez. Espero dezagun ahalik eta lasterren geraraztea, ete dena bere onera bueltatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.