Arrauna. Alex Udabe. Hondarribia taldeko arraunlaria

«Guk geuk nahi genuen lekuan gaude oraintxe bertan»

Bigarren da Hondarribia Eusko Label ligan, Oriotik sei puntura. Bi aldiz izan da trainerurik azkarrena, eta emaitza txarrena du bi aldiz laugarren egitea. Hori dena ikusita, taldea ondo ari dela nabarmendu du Udabek.

GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Lanean dabil Alex Udabe (Usurbil, Gipuzkoa, 1983) urte sasoi honetan, lehorrean, haren lanbidean alegia, eta itsasoan, Hondarribia traineruko arraunlari delako. Galiziako bidaia eginda, datorren asteburukoa prestatzen ari da taldekideekin batera.

Zer moduz hasi du Eusko Label liga Hondarribiak?

Nahiko balorazio ona egiten dugu, baina kontua da hutsak egiteko tartea oso txikia dela. Lehen, estropada oso-osoa egiten ez genuenean, bigarren edo hirugarren geratzen ginen, baina aurten, egin beharrekoen %95 eginda ere, arriskua dago seigarren geratzeko, eta azkar joan zaitezke sailkapenean atzera. Lehen, ohorezko txandakoak izaten ginen ia estropada guztietan lehen lauretan,baina aurten, bigarren txandako talde bat edo bi ari dira sartzen azken txandakoen artean, igandean Oriori Donostiarra eta Zierbena sartu zitzaizkion bezala.

Egoera hau berria da, aurreko urteetan ez baita halakorik ikusi. Kudeatzen ikasi behar duzue.

Azkeneko urteetan Hondarribiaren eta Urdaibairen arteko lehia egon da, eta noizean behin azaltzen zen beste talderen bat; Orio, adibidez. Baina egoera berria da aurten hainbeste talde ibiltzea hain segundo gutxitan.

Horrek behartu egiten zaituzte talde guztiei hasieratik bete-betean edo gertu ibiltzera?

Norbere prestakuntzan sartu beharra daude lan karga handiko asteak, epe luzeagora begira errendimenduan gora egin ahal izateko, eta, halako asteetan, asteburu horretako bigarren estropadan antzeman egiten da gorputza nekatuta dagoela. Hori gertatzen denean, aurten hutsa beharko da zazpigarren edo bederatzigarren geratzeko, eta agur esateko ligari. Baina lan karga handiko aste horiek sartu egin behar dira ezinbestean, abuztuan eta irailean ere ondo ibili beharra dagoelako. Azken batean, denean dago eman beharra aurten.

Prestakuntzaren zein alditan zaudete orain?

Aurreko urteetan baino lasaixeago hasi garela iruditzen zaigu, baina ez asko, ez baita hogei segundoren galera aurreko urtearekin alderatuta, adibidez. Prestakuntzan, lehorreko lanari denbora gehiago eman diogu uretakoari baino aurreko urteen aldean, eta ematen du aditzera mantsoxeago hasi nahi genuela. Denboraldi-aurreko estropadetan antzeman genuen nahiko sufritzen ari ginela, eta, orain, hobeto ari gara moldatzen estropada horietan baino. Gure asmoa da abuztu aldera freskoxeago iristea.

Zuk diozuna irakurrita baten batek pentsa dezake Hondarribiaren helburua ez dela liga irabaztea.

Ez da eta! Irabazten badugu, askoz hobeto, baina azken urteetan sekulako zartakoak hartu ditugu ligan, eta uste dugu liga irabaztea ez dela erraza Urdaibai eta Santurtzi bezalako taldeak, Oriok duen talde puska eta halakoak ikusita. Horrekin ez dut esan nahi gure taldea ona ez denik, ezta gutxiago ere, baina gure helburu nagusia bizirik egotea da; atzean ez geratzea batere aukerarik gabe liga irabazteko, Urdaibairi gertatu zaion bezala. Planteamendu guztiak erabat aldatu zaizkio orain, eta txapelketetara denarekin joan beharrak aparteko presioa ere eragingo dio, beharbada. Uste dut guk geuk nahi genuen lekuan gaudela.

Besteen mailatik gora Orio dabil. Harritu egin zaitu?

Espero nuen ibiliko zela, baina espero nuen egun jakinetan goia jotzea, harentzat helburu izan daitezkeen estropada jakin horietan. Ez nuen uste hain erregularra izango zenik, hutsik egin gabe. Sekulako konfiantzarekin daude; ez dute hutsik egiten, baina uste dut haiei ere helduko zaiela krisialdia. Azkenean, dena konfiantza da: edozein arraunlari jarrita taldean, trainerua ibili egiten da; entrenatzaileak esaten duen dena zoragarria da, eta abar. Igandean bertan, une batean bandera ez zen haiena, baina ez ziren arraunkeratik atera, eta hori konfiantzak ematen du. Baina hori ere pasatu egiten da. Izan daitezkeela gai horrela jarraitzeko uda osoan? Agian bai, eta agian, beste guztiok ibiliko gara nahi eta ezin. Batek daki.

Hondarribia ez dabil, baina, nahi eta ezinean: bandera bat irabazi duzue jada, eta beste estropada bat ere bai.

Posturik txarrena laugarren lekua izan da, eta hirugarren leku bat ere badugu. Zierbenan, laugarren izan ginen; estropada horretan, gainera, gure baliza mugitu egin zen, eta ez diogu aipamen handirik egin nahi, baina, gauzak bere-berean joan izan balira, aurrerago bukatuko genuen. Horiek dira gure emaitza txarrenak, eta, seitik bi egunetan aurrena izanda, ondo gaude.

Zure lanari begiratzen hasita, bi lekutan ari zara arraunean, dantzan bezala: hankan eta bizkarrean. Zer esan nahi du horrek?

Mikel [Orbañanos, entrenatzailea] ari da taldearentzako onena aurkitu nahian, hori delako haren lana, eta probak egiten dabil. Azkarrago ibilarazi nahi du trainerua. Aurten Julen Castrillon itzuli denez taldera, bizkarrera pasatu ninduen Mikelek, iaz uda osoa hankatik ibili ondoren. Gero, Santanderren [Espainia], adibidez, hankan joan nintzen, eta Julen tostalagun izan nuen, istriborrean. Azkenean, gauza hauek guztiak neguan ere landutakoak dira. Hemen denetarik egin behar da, eta edozertarako egon behar da prest.

Nahiago omen duzu, hala ere, hankatik joan?

Bai. San Pedron leku horretan joaten nintzen, eta iaz hemen uda osoa egin eta gero, gustura joaten naiz bertan. Leku gustukoena horixe dut orain, baina, beste nonbait eginda ere, ni pozik. Txarrena kanpoan geratzea izaten da.

Filosofiak, bestelakoan, berdin jarraitzen du, denok ari zaretelako aukera izaten arraunerako.

Ez dut uste garai honetan beste aukera baten hautua egingo duenik Mikelek. Estropadatik estropadara goaz, dena ematera, eta hori lortzeko ari da aldaketak egiten. Gero, uda aurrera doan bezala, agian multzo jakin baten aldeko hautua egingo du, baina ikusiko da.

Asteburu honetako bi estropadak, Donostiakoa eta Castrokoa, ez al dira arriskutsuak kaleen arteko balizko aldeagatik?

Ikusteko politak dira biak, baina jokatzeko... Donostiako eremua ez zait gustatzen, zeruan edo egurtua ateratzen zarelako. Castron ere antzeko pasatzen da.

Gaur zortzi Gipuzkoako Txapelketa duzue Donostian bertan. Helburua da zuentzat, ezta?

Txapelketak guretzat beti dira helburu, baina aurten samurra ez da egongo, Oriorekin eta Donostiarrarekin. Uste dut aspaldiko politena izan daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.