Iraitz Zubizarreta. Baikoko pilotaria

«Dena oso azkar ari zait pasatzen»

Ez dira pasatu lau hilabete Zubizarreta III.ak profesionaletan debuta egin zuenetik, eta bihar maila nagusiko hirugarren txapelketa jokatuko du: binakakoa, Peña II.aren ordez. Hori gutxi ez, eta Albisu herrikide eta «ispilua» izango du bikotekide.

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Koronabirusak ia bost hilabetez atzeratu zuen Iraitz Zubizarretaren estreinakoa (Ataun, Gipuzkoa, 1999): maiatzaren 9tik irailaren 26ra. Baina, ordutik, ziztu bizian doa: lehenbizi, maila nagusiko buruz burukoa jokatu zuen; gero, lau eta erdikoa; eta bihar, binakakoan ariko da, Jon Ander Peña ordezkatuz. Jon Ander Albisu herrikidea izango du bikotekide, eta Joseba Ezkurdia eta Ladis Galarza aurkari, Tolosan (Gipuzkoa).

Egun batetik bestera bi atzelari gabe geratu da Baiko: bakartuta daude Jon Ander Peña eta Asier Agirre, kontaktuan egon baitira COVID-19an positibo emandako pertsona batekin. Argi dago kontuz ibili beharra dagoela.

Zalantzarik gabe. Ez da gertatu den lehen aldia, eta ez da izango azkena.

Arrazoi horregatik bada ere, berri pozgarria da maila nagusiko binakakoan partida bat jokatzeko aukera izatea, ezta?

Tristea da horrela iritsi izana aukera, baina oso pozgarria da Lehen Mailan jokatu ahal izatea. Aukera polita da.

Promozio Mailako binakakoan ari zara, ondo aritu ere. Horrek ere izango zuen zerikusirik enpresak zure alde egiteko.

Gustura ari naiz; ondo sentitzen naiz. Hiru partidetatik bi irabazi ditugu [Uriondorekin eta Erasunekin jokatu du]. Argi dago Peña eta Agirre bakartuta daudelako izango dudala aukera jokatzeko, baina ni ere lan txukuna egiten ari naiz, eta pentsatzen dut enpresak hori ere hartu duela kontuan.

Eta albistea hobea izan dadin, Albisu herrikidea izango duzu bikotekide. Ezin duzu gehiago eskatu.

Ez. Kasualitate polita da. Edozeinekin jokatzeak ilusioa egingo lidake, baina Albisurekin are eta handiagoa. Txikitatik izan dugu ispilu herrian, hura ikusten baikenuen goian. Berezia izango da harekin jokatzea, bai niretzat, baita herritarrentzat ere. Debutean ere harekin jokatu nuen, herrian. Nire ibilbideko une garrantzitsu askotan izan dut ondoan.

Debuteko partidaz gain, jokatu al duzu inoiz harekin?

Ez, ez dut izan ez bikotekide, ezta aurkari ere.

Ondo ari ziren Peña II.a eta bera: hiru partidetatik bi irabazi dituzte. Langari eustea da helburua?

Bai. Horretan ahaleginduko naiz. Peña eta Albisu oso ondo ari ziren. Albisu ikaragarri ari da, eta, haren laguntzarekin, ondo ari zen Peña, aukerak aprobetxatzen. Goian utzi du langa Peñak, baina ni ez naiz harekin konparatzen hasiko. Aurrelari ezberdinak gara; baliabide eta dohain ezberdinak ditugu. Ni saiatuko naiz nire onena ematen, eta Albisurekin bikotea egiten.

Zer esan dizu Albisuk?

Lasai egoteko. Ondo ezagutzen dugu elkar: berak badaki zer ezaugarri ditudan eta zer-nolako aurrelaria naizen. Alde horretatik, ez dut inolako presiorik izango. Atzelari handia da Albisu, eta hari ahal den gehien laguntzen saiatuko naiz. Ea partida txukuna egin dezakegun.

Ezkurdia-Galarzak ez dute partidarik irabazi, eta Ezkurdiak esan du «kosta ahala kosta» irabazi behar dutela. Zer itxura hartzen diozu partidari?

Oso gogorra izango da. Joseba izar handia da: lau txapel ditu maila nagusian, eta nik lau hilabete eskas daramatzat profesionaletan. Atera kontuak zer-nolako aldea dagoen bion artean. Erritmo bizian jokatzen dute. Oraindik ez dute irabazi, baina azkeneko partidan oso gertu egon ziren.

Ezkurdia saihestea eta Galarza kargatzea izango da taktika?

Hasieran bai behintzat. Josebaren bolea eta ezker airea saihesten ahaleginduko gara. Jokoan sartzen bada, ez dadila izan baldintza onetan. Aurrean, berriz, ni saiatuko naiz izan ditzakedan aukerak aprobetxatzen.

Bihar jokatu, eta astelehenean Promozio Mailako partida.

Eta gustura; jokatu, horixe nahi dut. Ea nola amaitzen dudan larunbateko partida.

Ez dira lau hilabete pasatu debuta egin zenuenetik, eta jada hiru txapelketa nagusietan jokatuko duzu. Zer esaten dizu buruak?

Dena oso azkar ari zaidala pasatzen. Debuta egin nuenetik, dena oso bizi joan da. Lehen partida jokatu eta astebete eskasera estelarra jokatu nuen Oinatzen aurka [Bengoetxea]; gero, buruz buru aritu nintzen Dariorekin [Gomez]; ondoren, lau eta erdikoaren atarikoa jokatu nuen, baita final-zortzirenak ere; eta, orain, binakakoan ariko naiz. Dena oso bizi joan da, baina ondo sentitzen ari naiz. Denok bezala, irabazi eta galdu egin dut. Hasiera bizia bezain ilusionagarria ari da izaten.

Nola daramazu?

Ondo, dena ahal den normalen hartuz. Nik nireari eusten diot: aurkaria bat edo beste izan, gogor entrenatzen naiz aste barruan; eta, asteburuan, dena ematen ahalegintzen naiz. Maila nagusian jokatzeak presio apur bat handiagoa ematen du, baina normal hartzen ari naiz dena.

Familia pilotazalea duzu. Horrek laguntzen du?

Dudarik gabe. Aita, osaba eta lehengusua pilotan ibilitakoak dira, eta, haiei esker, oinarri sendoa dut. Haiek ilusioz ikusten dute gertatzen ari zaidana, baina argi utzi didate pixkanaka joan behar dudala, eta oinak beti lurrean izan behar ditudala. Nik ere argi dut.

Nola definituko zenituzke profesional mailako lehen hilabeteak?

Intentsoak eta politak izaten ari dira. Ez nuen inondik inora espero lau hilabete egin aurretik jada hiru txapelketa handietan jokatuko nuenik. Bestelakoan, espero nuena topatu dut: sekulako profesionaltasuna, maila ikaragarria eta giro oso polita.

Zerbaitek eman dizu atentzioa?

Aurkarien mailak, eta zer esanik ez Lehen Mailakoenak. Jauzi handia dago, arlo fisikoan eta teknikoan. Gauzak oso ondo egin behar dira haiei aurre egiteko. Eta horretan ari naiz, gogor lan eginez eta aldaketara egokituz.

Non duzu gehien hobetzeko?

Arlo guztietan dut zer hobetu. Aurreko koadroetan gustura sentitu izan naiz beti, nahiko fin, baina ni bezainbeste edo gehiago moldatzen diren pilotariak daude hemen. Ni hasi berria naiz. 21 urte besterik ez dut, eta fisikoki asko hobe dezaket. Horretan ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.