Dario Gomez. Aspeko pilotaria

«Ez dut partida ikusi nahi; gero emango diot merezi duen balioa»

Dariok ataka oso estuan jarri zuen Altuna final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan (13-19), baina azken txanpan ihes egin zion garaipenak. Kolpea barneratzen ari da. Zabaletaren aurkako partida du orain buruan.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Etxetik Gasteizerako bidean dago Dario Gomez (Ezkarai, Espainia, 1996). Fisioterapia ikasten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioan (Bizkaia), eta praktikak egiten ari da Alavesen. Entrenamenduekin eta partidekin uztartzen du. «Ondo daramat. Erraztasunak ematen dizkidate biak aldi berean egiteko».

Buelta asko eman dizkiozu igandeko partidari?

Bai. Pertsona den edonork emango lizkioke. Baina hobeto nago. Eguzkia irteten ari da.

Gogorra izan zen etxerako itzulera autoan?

Bai. Ordubete pasatxoko bidaia da, eta saihetsezina da buruari bueltak ematea, are gehiago igandekoak bezalakoak pasatzen zaizkizunean.

Kostatu zitzaizun lo egitea?

Bai, baina irabazita ere kosta egiten zait. Tentsio handia pilatu ohi dugu, eta gorputza gogortuta izaten dugu, baita minduta ere. Edozein mugimendu txikirekin esnatu egiten zara.

Ikusi duzu partida telebistan?

Ez, eta, oraingoz, nahiago dut ez ikusi. Agian, txapelketa bukatzean ikusiko dut, baina orain, ez.

«Preso nuen, baina atea ireki diot, eta ihes egin du», esan zenuen partidaren amaieran.

Halaxe da, baina, orain, hotzean pentsatuta, uste dut ez niola atea ireki, leiho bat baizik. Ez dut uste azken txanpan horrenbeste huts egin nituenik. Bi egin nituen hasieran, baina, hala ere, oso argi nuen zer egin behar nuen: lanean jarraitu, partida gogortzen saiatu eta tantoren bat egiten ahalegindu. Baina Jokin sakearekin asmatzen hasi zen, sake-erremate bat egin zuen... eta ez nuen jakin hari nola aurre egin.

«Hau badator»: noiz pentsatu zenuen hori?

Inoiz ez. Argi genuen Jokinek sakea berreskuratuz gero tanto sorta bat lor zezakeela, eta hori eginez gero lanean gogor jarraitu beharra genuela. Egin genuen, baina ez zen nahikoa izan. Halakoak gertatzen dira onenaren aurka jokatzen duzunean. Oso zaila da hari aurre egitea. Ia lehia osoan lortu nuen, baina azken txanpan ez, eta garesti ordaindu nuen.

13-19ra arte bikain zihoan pilotalekura eraman zenuten plana.

Bai. Nire ezaugarrietara ondoen egokitzen zen partida egiten saiatu ginen. Hasieran, gozatzen aritu nintzen eskuinarekin, baina hark indar handia du ezkerrarekin, eta, bostetik jota, asko mugiarazi ninduen. Horren ondorioz, metro asko egin behar izan nituen aurrera ailegatzeko. Hori hala ez izateko, erritmoa bizitzen eta frontisera hurbiltzen saiatu nintzen; azken finean, ekimena izaten ahalegindu nintzen. Lortu nuen, eta agindu egin nuen zenbait tantotan. Baina hark sakea berreskuratu, eta ziztu bizian hasi zen tantoak bata bestearen atzetik lortzen. Sasoiko nengoen, baina ez nuen jakin hari nola aurre egin, eta ohartu nintzenerako 22ra iritsi zen.

Kolpe handia izan arren, zuhaitz batek ezin du baso osoa estali. Oso ondo ari zara.

Bai, baina partida amaieran ez nintzen gogoratu aurretik eginikoaz; garaipenak ihes egin zidala besterik ez nuen buruan. Oraindik sentipen hori gailentzen da neure buruan. Horregatik ez dut ikusi nahi partida. Geroago eta patxada gehiagorekin aztertuta emango diot merezi duen balioa.

Sentipena duzu bizirik ihes egin zizula Altunak?

Jakina! Halaxe baita! Hirutan jokatu dut profesionaletan haren aurka, eta inoiz ez naiz egon horren gertu hari irabaztetik.

Jose Javier Zabaletaren aurka jokatuko duzu bigarren partida, datorren asteartean, Legazpin. Hark eta Altunak ez dute inolako antzik. Zer itxura hartzen diozu partidari?

Partida oso gogorra izango da, eta ez du inolako antzik izango Jokinen aurkakoarekin. Jokinekin, aurrez aurre aritu naiteke. Joseren aurka, ordea, gogor defendatu beharko dut; gogotik sufrituko dut. Saiatu behar dut hark ez eramaten partidaren ekimena, baina alde handia dago saiatzetik lortzera. Iazko esperientzia dut: 22-5 irabazi zidan final-laurdenetan. Espero dut oraingoan gauzak oso bestelakoak izatea. Ea nire jokoa egin dezakedan, eta nagusi izateko aukera dudanean aprobetxatu dezakedan. Ea iaz baino askoz estuago har dezakedan. Baina zaila izango da. Barneratuta dut metro asko egin beharko ditudala: Jokinen aurka, alde batetik bestera egin nituen, eta Joseren kontra, aurretik atzera egin beharko ditut; askotan, lautik zortzira.

Biek galdu duzue final-laurdenetako ligaxkako lehen partida. Berriro galtzen duena ia aukerarik gabe geratuko da.

Partida erabakigarria da, eta, horregatik, barruan dudan guztia ematen saiatuko naiz.

Bederatzi egun izango dituzue atseden hartzeko. Eskertuko duzue, ezta?

Mesede egingo dit indarberritzeko. Baina azkeneko jardunaldian zerbait jokoan izanez gero, denbora gutxiago izango dut. Bata bestearen truke.

Eskertuko zenukete atseden gehiago izatea?

Bai, noski. Pilotari guztiok iritzi bera dugu. Espero dugu ez pasatzea ezer, baina arriskua dago min hartzeko. Buruz burukoan, eskuek sufritzen dute gehien. Pilotaren bat eskuan gaizki sartuz gero, akabo buruz burukoa. Aspaldi ez dela ligaxkarik jokatu, eta txapelketa amaitzen denean egin beharko da balorazioa. Nire iritziz, atsedenak egon beharko luke ligaxkatik finalerdietara. Eskertuko genuke astebeteko etenaldia.

Inork badu kexatzeko arrazoirik, zuk duzu: bost partida jokatu dituzu jada. Gogorra izaten ari da?

Bai, baina banekien hau zela zegoena. Pentsatu nahi dut on egin didala erritmoa hartzeko. Gainera, niretzat aukera ederra da maila nagusian jokatzea.

Eskertzen duzu maila nagusian jokatzea?

Izugarri. Nire ilusioa da onenekin jokatzea, eta hori lortzeko egiten dut lan. Pizgarri handia da maila nagusiko txapelketa bat jokatzea. Ahal duzun ondoen entrenatzen eta prestatzen zara, agian ez baituzu izango beste aukerarik onenekin aritzeko. Niri, gainera, izugarri gustatzen zaizkit txapelketak. Lehiakor hutsa naiz. Ez zait ezertan galtzea gustatzen. Gozatu egiten dut astero partidak prestatzen eta aurkariak aztertzen.

Sekulako uda egin zenuen iaz: hemezortzi partida irabazi zenituen jarraian. Espero zenuen onenekin gehiago jokatzea? Txapelketaren bat, agian?

Uda ona egin ondoren, itxaropena nuen partida erakargarriagoren bat jokatzeko. Banekien oso zaila zela binakakoan toki bat izatea, sekulako maila baitago enpresako aurrelarien artean. Antzekoa gertatzen da lau eta erdian. Gauza batzuk ez daude gure esku, ez behintzat onena ez bazara. Nik egin behar dudana da lanean gogor jarraitu, eta aukeraren bat izanez gero, aprobetxatzen saiatu.

Pilotari hobea izateko egiten duzu lan. Uste duzu lan hori fruitua ematen ari dela eta gero eta pilotari hobea zarela?

Baietz esango nuke. Lehen urteak zailak izan ziren: lesioak, barruan nuena emateko ezintasuna, konfiantza falta... Baina azkenaldian gustura ari naiz, eta, onenekin jokatzen ari banaiz, ondo ari naizen seinale da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.