Ander Torriko. Helvetia Anaitasuna taldeko jokalaria

«Oso argi dut itzuli egingo naizela»

Ander Torrikok hirutan hautsi du jarraian eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua; ondo bidean, bi urte eta erdi beharko ditu osatzeko. Kolpe gogorra izanagatik ere, baikorra da: «Indartsu nago buruz».

ANDER TORRIKO.
Julen Etxeberria.
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Denbora asko pasatu da 2020ko martxoaren 27tik. Egun horretan jokatu zuen azkenekoz Ander Torrikok (Zumaia, Gipuzkoa, 1997). Egun horretan hautsi zuen aurrenekoz eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua Helvetia Anaitasunako erdikoak. Beste bitan hautsi du, beti itzultzear zela. Jota egon beharra zuen, baina «gogotsu» dagoela dio.

Zer moduz zaude?

Ondo nago. Prozesu oso luzea da hau, eta buruz oso gogor egon behar duzu; halaxe nago ni. Gainera, lesioak kateatu ditut bata bestearen atzetik, eta ezaguna dut zer sentitzen den halakoetan.

Non duzu minik handiena: belaunean ala buruan?

Min psikologikoa izan ohi da okerrena, baina, oraingoz, ondo daramat. Indartsu nago buruz.

Hirutan hautsi duzu eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua. Azalpenik badu?

Ez, eta ez da errudunik bilatu behar; ez da nire asmoa. Baina normala da jendeak harrituta galdetzea nola den posible hirutan lesio larri bera izatea. Uste dut ni naizela atzeko lotailu gurutzatua hirutan jarraian hautsi duen lehen kirolaria; ez dut jokatu ere egin. Inoiz ez da halakorik gertatu. Adibidez, Sergio Asenjo Valladolideko atezainak lautan hautsi du lotailu gurutzatua, baina ez jarraian; tartean, jokatu ahal izan zuen. Etsigarria da errehabilitazio aproposa egin, entrenatzen hasi, eta zortzi hilabeteren ostean jokatzeko gertu zaudenean berriz min hartzea. Zer esanik ez gauza bera bitan gertatzea.

Zer esan dizute medikuek?

Jesus Alfaro medikuak egin dit bitan ebakuntza, eta hura jota dago. Hainbesteraino, ze esan baitit ebakuntza egin behar badidate berak ez didala egingo. Dioenez, urte mordoa darama ebakuntzak egiten, eta, ni ez beste, haren eskuetatik pasatutako kirolari bakar batek ez du berriro min hartu lehiara itzuli aurretik. Hori dela eta, errudun-edo sentitzen da. Ni baino okerrago dago bera.

Min hartutakoan konturatu zinen berriz lesio bera zenuela?

Bai, segituan konturatu nintzen. Ez nuen sinetsi nahi, baina belaunaren giltzadurak huts egin zidan berriro; aurreko bi aldietako gauza bera sentitu nuen: berriz belauna hautsi nuela.

Eta zer etorri zitzaizun burura?

Etsipen handia sentitu nuen. Oso gogorra izan zen bigarren errehabilitazioa, eta asko saiatu nintzen; nire esku zegoen guztia egin nuen. Bigarren aldia zenez, tentu handiz jokatu nuen beti, belauna ahalik eta ondoena geratzeko. Eta horrenbesteko ahalegina egin eta gero, eta horrenbeste sakrifizio egin ondoren, berriro min hartu nuen. Burura etorri zitzaidan lehen gauza izan zen dena pikutara bota nuela. Normala da horrela pentsatzea, etsipenagatik; bi aste eskas baino ez zitzaizkidan falta berriro jokatu ahal izateko. Baina argi dut ez dudala horrela pentsatu behar, eta harro egon behar dudala zortzi hilabete pasatxoan egindako lanaz.

Kolpea, halere, oso gogorra izan da. Ez duzu behera egin?

Aurreneko bi egunak izan ziren okerrenak. Mikel Sanchez medikuarengana joan ginen, eta hark baieztatu zigun berriro lesio bera nuela. Gogorra izan zen itzulerako bidaia, etxera, Zumaiara; gurasoak jota zeuden, oso triste. Baina ni ondo egon naiz hasieratik, indartsu, gogor. Ez dit ezertarako balio pasatu zaidanari bueltak emateak eta nire zorigaitza madarikatzeak; ez dit kalte besterik egingo. Barneratua dut prozesu luze eta gogorra dela, eta egun zailak egongo direla. Lesio honek zerbait txarra baldin badu, zera da: oso luzea dela. Hirugarren hilabetean ez duzu horren puztua belauna, eta korrika egiten has zaitezke. Baina mundu bat dago hori egitearen eta goi errendimenduko kirol batean lehiatzearen artean. Eta luze egiten da. Buruz gogorra izatea eta pazientzia izatea dira gakoak egoera ondo eramateko.

Derrigorrez ikasi duzu hori.

Zorionez eta zoritxarrez, bai. Zorionez, ondo egon naiz aurreko bi errehabilitazioetan; lehen bi asteak izaten dira okerrenak, mina izaten baita, baina, beste kirolari batzuekin konparatuta, hobeto egon naiz. Baina, zoritxarrez, badakit zer datorkidan ere: makuluak, ebakuntza ondorengo mina, azkarrago joateko nahia... Baina prest nago guztiari aurre egiteko. Indartsu nago.

Hirugarren aldia izateak eragin dezake pazientzia gutxiago izatea?

Ez. Aitzitik, uste dut gehiago izango dudala. Gogoa, berriz, betiko bera izango dut: handia. Madrilen izan gara aita eta biok, beste mediku batekin. Oso ona da, eta hark esan digu lasai egoteko, kontu serioa dela hirutan gertatu izana, baina hark hirutan egin diela ebakuntza bi futbolariri, eta gero hamar urtez aritu direla jokatzen. Halakoek animatu egiten zaituzte: badago ebakuntza hirutan egin dioten jendea eta aurrera jarraitu duena. Nik argi dut osaketa ona egiten badut gai izango naizela itzultzeko. Niretzat, erronka handia da; asko motibatzen nau.

Kanpoko laguntza eskatu duzu? Psikologo batena, adibidez.

Oraingoz, ez dut horren beharrik izan, ondo egon bainaiz. Etxekoek asko lagundu naute. Mesede egin dit min handirik ez izateak ere, pixkana-pixkana hobetzen ari nintzela ikusteak, eta poliki-poliki taldearen dinamikan sartzeak.

Gogorra izan da taldearen egunerokotik kanpo egotea?

Bai. Taldea entrenatzen ari den bitartean, ni igerian ari naiz, edo bestelako ariketak egiten. Ondorioz, galdu egiten duzu talde baten dinamika: tratu gutxi duzu taldekideekin, ez dituzu partidak haiekin bizitzen... Gogorra da hori. Baina baikor bazara, eta zeure burua taldetik kanpo ikusten ez baduzu, aurrera egiten duzu.

Asko babestu zaitu taldeak?

Bai. Oso estimatua eta maitatua sentitzen naiz; askotan erakutsi didate. Normala da batzuetan nitaz ahaztea, urte eta erdi pasatxo baitaramat jokatu gabe, baina oso presente naute; asko eskertzen diet. Giro ederra dugu taldean, eta horren meritu handia entrenatzailearena da. Quique [Dominguez] oso ondo ari da, pistan eta pistatik kanpo, taldea batua egon dadin. Carlos Chocarro kapitainaren jarrera ere nabarmendu nahi dut. Min hartu nuen lehen aldian arazo gehiago izan nituen errehabilitazio ona egiteko, eta hark bere esku zegoen guztia egin zuen dena ondo atera zedin.

Gertatu zaizunak aldatu al zaitu?

Jokalari gisa, ez naiz asko aldatu. Entrenatu ahal izan naizenean, baloia hartu, eta lehengo sentipenak izan ditut; polita da hori. Pertsona gisa, ordea, aldatu egin naiz. Batez ere, pentsaera aldatu dut. Bizitzak hiru kolpe gogor ematen dizkizunean, ohartzen zara zein zaurgarriak garen, are gehiago goi errendimenduan; noiznahi lesiona gaitezke. Orain, gehiago baloratzen ditut gauza onak; adibidez, entrenatzea. Niretzat, sekulako satisfazioa zen min hartuta nengoela entrenatzea; pozarren iristen nintzen etxera.

Ondo bidean, bi urte eta erdi beharko dituzu osatzeko. Gai ikusten duzu zeure burua berriro goi mailan jokatzeko?

Nola osatzen naizen; horrek zehaztuko du nire etorkizuna. Orduan erabakiko dut zer egin. Baina oso argi dut itzuliko naizela. Anaitasunan bada, ezin hobeto, eta ezin bada, pentsatuko dut zer egin. Baina berriz jokatuko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.