Albistea entzun

Maria España Almendro. IDK Euskotreneko jokalaria

«Gozatzen dudalako jokatu izan dut beti, ez markak ezartzeko»

Maria Españak urte asko daramatza Espainiako ligarik onenetan aritzen, eta kirol heldutasun betean dago. Bikain ari da denboraldi honetan. Kantxan erakusten duen lidergo bera erakusten du handik kanpo ere.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria -

2023ko otsailak 2 - Donostia

Lonitek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek derbia jokatuko dute larunbatean, Malosten. Maria España (Palma, Herrialde Katalanak, 1992) Donostiako taldearen kapitainetako bat da. Nahiz eta taldearen egoera ez den onena, España sasoi bikaina egiten ari da. Ez die estatistikei erreparatzen, ordea: «Neure buruari presio gehigarri bat jartzea da». Taldeaz eta emakumezkoen saskibaloiaren iraganaz eta geroaz mintzatu da, besteak beste.

Denboraldia ez da erraza izan orain arte. Irteera asko, lesio asko, eta jokalari berri asko. Zer moduz zaudete?

Ez da egoerarik ohikoena, baina gertatzen dira halakoak. Denboraldi batean, beti egoten dira irteerak eta sarrerak, baina ez hainbeste. Orain, dena lasaitzen saiatuko gara. Nik beti pentsatzen dut positiboan, eta espero dut beste aldaketarik ez izatea.

Klubak Europan jokatu du lehen aldiz. Uste duzu horrek eragina izan duela ligako emaitzetan, edo nekeak eragindako lesioetan?

Ez dut uste lesio moduan eragin digunik, zorte txarreko keinuak izan direlako. Nekeak bai, eragina izan du ligan, baina hori urtero gertatzen zaie askori. Aurreko sasoian gure aurkariekin ikusi genuen, nekatuago iristen baitziren ligako partidetara. Europan jokatzen ohituta dauden taldeek badakite zer den, eta, lehen esperientzia izateko, ondo egon da.

Larunbatean derbia jokatuko duzue Malosten; pabiloi eta aurkari gogorrak. Zein izango da gakoa?

Oso partida gogorra izango da. Gu egokitzen ari gara oraindik, taldekide berriekin sistemak egokitu behar izan ditugulako. Haiek oso talde indartsua dira, eta are gehiago etxean jokatzen dutenean. Irabazteko, defentsan kontzentratuta egon beharko dugu. Batez ere, arlo horretan hobetzen saiatzen ari gara, eta hor egongo da gakoetako bat. Sandraren [Ygueravide] pareko jokalariak gelditu beharko ditugu, eta gero, gure joko erritmoa ezarri; kantxako bi aldeetan orekari eutsi behar diogu.

Hiru euskal taldeen entrenatzaileak emakumeak dira; bakarrak orain gutxi arte ligan. Kasualitatea edo kausalitatea da?

Euskal Herrian oso ondo lantzen ari da emakumeen saskibaloia, eta entrenatzaileak erreferente izandakoak dira; jokalari gisa, Annaren kasuan [Montañana], edo entrenatzaile gisa, Azu [Muguruza] eta Made [Urieta] bezala. Asko dakite saskibaloiaz, eta oso ondo ezagutzen dute Euskal Herriko harrobia. Hori guztia oso garrantzitsua da hemengo saskibaloiak aurrera egin dezan; erreferente horiek izatea lagungarria da.

Denbora asko daramazu saskibaloian. Nola dago gaur egun emakumezkoen saskibaloia ?

Lehen, erreferentzia guztiak gizonezkoen saskibaloitik zetozen. Txikia nintzenean, ez nuen emakumezko erreferenterik. Orain, aldatu egin da hori, eta zorionez, neskek emakumezko erreferenteak izan ditzakete. Gehiago ateratzen gara prentsan, telebistan, eta, batzuetan, gure partidak ikus ditzakete. Sare sozialek ere laguntzen dute, bideo asko ikusten baitira Youtuben eta Tiktoken. Hori ere garrantzitsua da. Bestalde, uste dut soldatei eta profesionalizazioari dagokienez mila pauso falta zaizkigula oraindik. Baina aurreko jokalariek lan egin zuten guk saskibaloitik bizitzeko aukera gehiago izateko, eta, orain, guri dagokigu lanean jarraitzea atzetik datozenak aukera izan dezaten honetatik bizitzeko.

Askotan ziurtzat jotzen da jaurtitzaileek jaurtiketak sartu egin behar dituzuela. Beti daramazue zama hori. Sasoi honetan, asmatzen ari zara, baina ez da beti gertatzen. Nola lantzen da lau jaurtiketa huts egin eta bosgarrena konfiantzaz jaurtitzea?

Ez naiz estatistikak begiratu zalea, eta ez zaizkit askorik axola. Kontratu asko estatistiketan oinarritzen dira, baina, niri, askoz gehiago kostatu izan zait beti jaurtiketak sartzea estatistikei begiratuz gero. Zeure buruari presio gehigarri bat jartzea da; ez dizu beste inork jartzen. Gozatzen dudalako jokatu izan dut beti, ez markak ezartzeko, ezta munduko onena izateko ere. Txikitatik gustatu izan zait saskira jaurtitzea, eta, huts egiten dudan guztietan, hurrengoa sartzea espero dut. Badakit ezin dudala aurrez huts egindako jaurtiketa aldatu, eta frustrazioa hurrengo jaurtiketara eramaten badut, eragin egingo dit. Jokalari batzuk haserretu egiten dira, baina egia da nik lau jaurtiketa huts egindakoan gaitasuna dudala bosgarrenean esateko «eman baloia, orain sartu egingo dut eta». Hori ere entrenatu egiten da; posizio bakoitzetik zenbait jaurtiketa jarraian sartu arte toki hartatik mugitu gabe, edo zigor txiki batzuk jarrita.

Azken segundoetako jokaldietan taldeak askotan jotzen du zuregana, erantzukizuna zuk hartzeko. Presio horrekin jokatzea gustatzen zaizu?

Bai, asko gustatzen zait, eta nahikoa pizten nau horrek [barrez]. Azuk baloia niri ematea erabakitzen badu, neure buruan saskiratzea baino ez dago; eta, gero, defendatzea. Beste bati egokitzen bazaio, taldekideak konbentzitzen saiatzen naiz, sartuko duela, eta gero, defendatu egin behar dela. Huts egin dudala? Ongi da. Baina ni konbentzituta nago. Aulkira bira eman, eta taldekideei esaten diet: «Sartu egingo dut». Ez da nire konfiantza bakarrik, talde osoarena da.

Hainbat elkarrizketatan azaldu duzu psikologoekin lan egin duzula. Zertan lagundu diezaioke kirolariari?

Askotan, jokatzeko, baloia izateko edo gauzak ondo egiteko antsietatea eta presioa izaten dituzu. Eta ez zait gaizki iruditzen, baina ez digute horrekin lan egiten irakatsi. Bestalde, bizitza profesionala eta pertsonala bi mundu dira, eta bizitza pertsonalak kirolean eragin diezazuke. Niri gertatu zitzaidan; profesionalengana joan nintzen, eta on egin dit. Kantxako konfiantza ere landu nuen, zuk kantxan oso seguru dagoela dirudien jokalari bat ikus baitezakezu, eta, agian, ez da horrela. Oso garrantzitsua da guztiontzat, eta edonori gomendatuko nioke alde hori lantzea.

Maila askotako hainbat taldetan jokatu duzu, eta, orain, kirol heldutasun betean zaude. Ez duzu uste gaur egun maila oso handia eskatzen zaiela jokalari gazteei, presiopean lan egiteko gai diren jakin gabe?

Ez dakit zergatik, baina, egun, 18 urteko neskek Luka Doncic edo Maite Cazorla izan behar duten pentsamendu bat dago. Ez da horrela. Horiek oso onak dira, horrela jaio direlako; zer-nolako lana egin duten ahaztu gabe, noski. Zure idoloak izan daitezke, eta haiengandik ikas dezakezu, baina zuk ezin duzu hori islatu. Liga hauetan, ehunka jokalari gehiago ari dira urtez urte lanean, eta horri balioa eman behar zaio. Eta ez da saskibaloi kontua soilik. Garrantzitsua da gazteei helaraztea gauzak landu egin behar direla gero emaitza bat lortzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Beti Gazteko Maria Iantzi eta Karmelo Mitxelena, Lesakako plazan, Ipar Irlandatik ekarritako sariekin ©Lur Gil

Beti Gazteren urrezko aro berria

Lur Gil

Lesakako Beti Gazte sokatira taldea gorenera iritsi da. Lehen aldiz eman dio euskal selekzioari urrezko domina bat Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan, eta, gainera, lehenengo aldiz izan da munduko txapeldun maila mistoan, lur gainean eta goma gainean.

Beti Gazte.  Gizonezkoen taldea 1996an, Euskal Herriko lehenbiziko txapela irabazi ondoren ©Aitor Arotzena
 ©JON URBE / FOKU

«Denboraldian izan ez dugun konfiantza daukagu orain»

Julen Etxeberria

Bidasoa Sporting Lisboaren aurka ariko da gaur Artalekun, Europako Ligako final-zortzirenetako joanekoan (20:45, ETB4). Gorka Nietok esan du «bete-betean» aritu behar dutela, «gauzak ondo edo gaizki joan».
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Hiru urre lortu nahi ditut Espainiako Txapelketetan»

Unai Ugartemendia

Euskal Herrian iraupen eskiatzaileen artean atera diren azken harribitxietako bat da Alaia Juaristi. Jakako Mayencos taldean hasi zuen ibilbidea. Azken urteetako gorakadaren ondoren, Espainiako selekzioko jarraipen taldean ari da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.