Juan Cruz. Osasunako jokalaria

«Liga hutsetik hasiko bagenu bezala sentitzen gara orain»

Osasuna aparretan ibili zen Munduko Kopak eragindako etenaren aurretik, baina orduko bolada «urrun» gelditu dela dio Juan Cruzek. Berriki, 2026ra arte luzatu du kontratua: «Etxean bezala nago hemen».

IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
Aranguren
2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Entrenamendua bukatu berritan, umeak oldean hurbildu zaizkie Osasunako jokalariei, sinadura eta argazki eske. «Jokalarioi ez zaigu batere kostatzen, eta haurrei sekulako ilusioa egiten die», esan du Juan Cruzek (1992, Madril). Gorritxoek halakoxe ilusioarekin berrekingo diote gaur ligako jardunari.

Nola bizi izan duzue etenaldia? Oso arraroa egin zaizue?

Bai, berria izan da guretzat halako geldialdi bat egitea. Ondo egin dugu lan, eta indarberrituta itzuliko gara. Astebeteko oporrak izan genituen hasieran, eta, gero, denboraldiaurre moduko bat egin dugu. Itzultzeko gogo handiz gaude, lehiatzea baita gehien gustatzen zaiguna. Hemendik aurrera, ez gara geldituko.

Munduko Kopan jokalari asko izan dituzten taldeek abantaila izango dute besteen aldean, edo kontrara izango da?

Zaila da esaten. Orain erritmo handiagoa izan dezakete Munduko Kopan aritu direnek, baina gehiago jokatu izana nabaritu dezakete aurrerago. Batek daki zer gertatuko den, egoera berria baita. Guk bi jokalari izan ditugu Qatarren, Budimir eta Abde, eta sekulako esperientzia bizi izan dute. Asko pozten gara haiengatik; ilusioz ikusi ditugu haien partidak. Eta inbidia pixka batekin ere bai, noski.

Etenaren aurretiko joerak ezerezean gelditu dira. Hutsetik hasiko zarete?

Bai, liga berri bat hastea bezala izango da. Talde berbera izango gara, etenaren aurreko mentalitate eta jokamolde berdinarekin, baina orduan izandako bolada igaro da jada. Ondo ekitea da orain helburua, egiten ari ginen lanari jarraipena emateko.

23 puntu dituzue zakuan. Ez da abiapuntu makala.

Lortutako puntuak hor daude, eta ez dizkigu inork kenduko. Oso pozik gaude lehen hamalau partidetan egindakoarekin, joko nahiz emaitza aldetik. Baina liga hutsetik hasiko bagenu bezala sentitzen gara orain; arraroa da. Urrun gelditzen da denboraldiaren hasieran egin genuena, eta oraindik puntu asko lortu beharko ditugu helburua erdiesteko.

Eta zein da, bada, helburu hori?

Geure buruari ez diogu muga jakin bat jarri nahi. Goazen tokira goazela, beti irabazi nahi dugu, eta anbizioz begiratzen diogu denboraldiaren bigarren zatiari. Bukaerara hurbildu ahala, ikusiko dugu zer plantea dezakegun. Goiko postuak oso gertu ditugu, eta harro gaude horretaz, baina horra eraman gaituena izan da egunero gogor jardutea. Hori gogoan izan behar dugu beti.

Kopan urrun iristea zer da, helburua ala ametsa?

Ilusioa eragiten digun txapelketa bat da, eta aurten arreta handiagoa jar diezaiokegu, ligan egoera erosoan gaudelako. Aurreko urteetan oso bolada txarrean harrapatu gaitu, baina aurten bestela izango da. Gozatu egin nahi dugu, eta ahalik eta urrutien iritsi.

Kalitate aldetik, koska bat igo du taldeak sasoi honetan, ezta?

Falta zitzaigun puntu hori eman digute Aimarrek eta Moik. Oinarria, hori bai, taldearen batasuna da. Dagoeneko sasoi batzuk daramatzagu elkarrekin, eta hori zelaian islatzen da. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta garbi dugu zeintzuk diren ideia nagusiak. Gainera, jokalari berriak azkar egokitzen dira, eta ekarpen handia egiten dute.

Roberto Torres badoa. Hutsunea utziko du talde barruan.

Jakitun gara Robertok klubean eta hirian duen garrantziaz. Gure kapitaina eta gure magoa da, eta asko sumatuko dugu haren falta. Eredu izan da. Onena opa diogu.

Aspaldian finko bihurtu zara entrenatzailearentzat, eta finkatuta zaude Iruñean. Horregatik, kontratua 2026ra arte luzatu duzu berriki.

Etxean bezala nago hemen. Asko gozatzen dut egunero Taxoarera etortzen; hala zen gutxi jokatzen nuenean ere. Gogor egin dut lan beti, eta berdin jarraituko dut, entrenatzailea konbentzitzen saiatzeko. Iruñeko bizimoduarekin ere oso pozik nago; familia guztia oso ongi bizi da hemen.

Hasiera gogorra izan zenuen. Debuta zenuen elitean, eta kosta egin zitzaizun egokitzea. Nola oroitzen duzu sasoi hura?

Ia atseden hartu gabe iritsi nintzen [Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatu zituen Elxekin]. Gauzak ez ziren nahi bezala atera, baina konbentzituta nengoen nire tokia aurki nezakeela hemen. Asko ikasteko urte bat izan zen. Klubak eta teknikariak konfiantza erakutsi zidaten, eta hori asko eskertu nuen.

Erdiko atzelari modura eman zenuen aurrerapausoa.

Entrenatzaileak esan zidan lasai egoteko, postu horretan garrantzitsua izan nintekeela. Oso eroso aritu nintzen jokatzeko aukera iritsi zitzaidanean. Sasoi honetan alboko modura ari naiz jokatzen gehienbat, baina beti nago prest nire kokapena erdiratzeko. Bi postuak ditut oso gustuko; biak txandakatuz joan naiz nire kirol ibilbidean.

Berandu iritsi zinen elitera. Italiara joan zinen gazterik, eta, gero, Espainiako Bigarren B Mailan jokatu zenuen. Itxaroten jakin duzu.

Futbola halakoa da. Zaila da gorenean jokatzeko aukera izatea, baina gogor lan egiteak, lehenago edo beranduago, saria dakar. Batzuk berehala iristen dira Lehen Mailara, baina beste batzuek bide luzeagoa egin behar dute. Itxaropena eta erabakimena ez dira inoiz galdu behar. Erabaki arriskutsuak hartu ditut: hala nola 18 urterekin joan nintzen Italiara. Gauzak ez zitzaizkidan ondo atera, baina ez naiz damutzen.

Boxeoan aritu zinen bere garaian. Horrek zerbaitetan lagundu dizu futbolean?

Alor fisikoan, ringean ikasitakoa baliagarria izan daiteke erdiko atzelari batentzat, baina, noski, ezin zaitezke ibili aurkariei muturrekoak ematen [barrez]. Oso gustuko dut boxeoa, eta asko jarraitzen dut. Gimnasioan badugu zaku bat, baina aski dut futboleko entrenamenduekin.

Nor da zure boxeolaririk gustukoena?

Bere garaian, asko gustatzen zitzaidan Roy Jones Jr, eta, gaur egun, Canelo Alvarez ikusgarria iruditzen zait.

Eta futbolean izan duzu idolorik?

Bai: Paolo Maldini. Aitak haren bideoak jartzen zizkidan, eta erreferentetzat hartu nuen. Agian, hortik datorkit erdiko atzelari eta alboko bezala jokatzeko erraztasuna.

Realaren aurka jokatuko duzue gaur Anoetan. Nolako lehia espero duzu?

Derbia, Urtezahar egunean... Ederra izango da. Ilusio handiz jokatuko dugu. Badakigu zaila izango dela, Anoetan jokatzen diren partida guztiak bezala. Baina guretzat oso ona izan den urteari ginga jartzen saiatuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.