Iñigo Bikuña. Aspeko pilotaria

«Donostian pilotariak irtetea zaila da. Beste kirolek dute indarra»

Aspek debut handia antolatu dio Bikuñari igande honetarako, Atano III.ean, eta hurrengo bi partidak ere puntakoak ditu. Enpresak fedea jarria du harengan, eta atzelari donostiarrak aukera baliatu nahi du.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Zurriolako pilotalekuan egin du hitzordua Iñigo Bikuñak (Donostia, 1998), etxetik gertu, Gros auzoan bizi baita. Donostian ezkutuan dauden pilotaleku bitxi horietako bat da. Atzelari garaia da Bikuña; 1,93 metro da luze. 93 kilo pisatzen du, baina zaila da sinesten, argala baita. Pozik dago, nola ez; igande honetan profesional mailako debuta egingo du Donostian, Asperekin, eta, ondo bidean, ingeniaritzako hirugarren mailatik laugarrenera igaroko da aurki.

Ikastaldia ondo joan da orduan?

Bai; uztailean iritsiko dira emaitzak, baina onak espero ditut. Debutaren kontua hor egon da, baina azterketak ondo egin ditudala uste dut, eta proiektua ere bai. Egia esan, azken urtean ez dut besterik egin: ikasi eta pilota, ikasi eta pilota.

Ordiziako fakultate horretan ez da falta pilotaririk.

Bai, Peña II.a [Jon Ander Peña] nire maila berean aritu da aurten, eta Irribarria, bat gorago. Irakasleek ere badute gure egoeraren berri, eta gauzak erraztu egiten dizkigute. Eskertzekoa da hori.

Igandean duzu estreinakoa. Urduri al zaude? Beste konturik izan al duzu azken egunetan?

Orain lasai nago, baina ziur nago igandean tentsio hori iritsiko dela, ikusleak aurrean ditudanean. Baina jokoaren zati bat da, eta eramaten ikasi behar da. Etxean eta lagunen artean asko hitz egiten da debutaz, hedabideetako orrialdetako argazkiak-eta jasotzen ditut.

Jokin Altunarekin jokatuko duzu, Joseba Ezkurdiaren eta Xabi Tolosaren aurka, Atano III.ean. Debut handia jarri dizute.

Donostian izatea oso berezia da niretzat; eta Altuna alboan izatea, luxu bat. Parean Ezkurdiak badakigu zenbat jokatzen duen, eta Tolosa sasoi oso onean dago.

Antiguako pilota eskolak 500 sarrera erosi ditu.

Hala da, eta asko eskertzen diet. Tabernetan-eta daude salgai. Eskolakoen lanik gabe kostako zen horiek saltzea. Azken urteetan, utzita joan nintzen Amezketara, baina fitxa beti Antiguan izan dut. 8 urte nituenetik jokatu dut haiekin.

Debut handia ohikoa da, baina bigarren eta hirugarren partidak ere onak dituzu, Iruñean biak: lehena, Erik Jakarekin, Victor Estebanen aurka; eta bigarrena, Iñaki Artolaren aurka. Enpresak konfiantza du zugan.

Bai, egia esan, alde horretatik oso pozik nago. Ikusten da enpresak nigan fedea duela, apustua egin duela, eta aukera horiek baliatu nahi ditut. Pixka bat harritu nau, baina onerako. Albiste ona dira niretzat. Espero nezakeen hirugarren partidak jokatzen hastea, eta maila ona emanez gero apurka gora egitea, baina aukera hau oso ona da.

Hilabeteak dira Aspeko pilotariekin entrenatzen duzula. Zerbaitek harritu al zaitu?

Jauzia nabaritzen da; guztiek asko jokatzen dute. Aurrelariek harritu naute, Jakak eta horiek. Ariketa hasi, eta, 50 gantxo joz gero, 49 sartu egiten dituzte. Pilota entregatuz gero, tantoa ia ziurra da. Afizionatuetan ez da halakorik gertatzen.

Zein arlo duzu gehien hobetzeko?

Jokin Etxanizek [Aspeko kirol zuzendariak] batez ere piloteo arruntetan indar asko ez xahutzen irakasten dit, eta, hirugarren edo laugarren koadroan pilota ona badut, hori baliatzen. Indarrez ematen diot, baina frontis erdian, eta goiko harlauzak bilatzeko esaten dit luzeago jotzeko. Lan teknikoa da.

Nolatan zara atzelari? Gaur egun, inork ez du atzelari izan nahi.

16 urte nituen arte aurrelari nintzen, baina Kalongek, Antiguako eskolako entrenatzaileak, dena indarka egiten nuela ikusi zuen, ez nuela gantxorik egiten, eta atzera pasatu ninduen. Lau urte daramatzat atzean, eta, hasieran, asko kostatu zitzaidan. Atzelari ez nuela nahi esaten nuen, baina, aurrean zer zegoen ikusita, atzera pasatu nintzen. Nabaritzen dut denbora gutxi daramadala postuan, baina hartu diot gustua.

Hiruburuko pilotaria zara. Ezohikoa da.

Donostian pilota eskola asko daude, eta lan handia egiten dute haietan, baina pilotari bat ateratzea zaila da. Hiri handia da, eta beste kirolek dute indarra. Nire kasuan, gurasoak goierritarrak dira, eta pilota haiek erakutsi zidaten.

Urte askoan pilotu eta pilotari izan zara. Auto lasterketetan lehiatzen zinen.

Aitari asko gustatzen zaizkio autoak, eta kartekin hasi nintzen. Han ere gora egin nuen. Renault Formula 2.000 talde batekin kontratua sinatzea lortu nuen, eta bi urtez aritu nintzen, 16 urte bete arte. Baina gorputz honekin zaila da pilotu izatea.

Zer motatako autoa zen zurea?

200 zaldiko potentzia zuen, 500 bat kilo pisatzen zuen, eta 250 kilometro orduko abiadura hartzen zuen. Europa osoan lehiatzen nintzen, batez ere udan: Span, Monzan...

Bidea egitea oso zaila da hor.

Ia ezinezkoa. Nik esperientzia bizi izan nuen, banekien ez nuela gora egingo. Aurrera egiteko sekulako dirutza behar duzu, edo norbaitek zuregatik jar dezala. Hor sartuta ezin duzu ikasketarik egin, eta, zerbait lortzen baduzu, ondo, baina bestela...

Ikusteko, zer nahiago duzu?

Egun, pilota. Hainbeste teknologiarekin 1 Formula aspergarri bilakatu da.

Idolorik duzu bietan?

Autoetan, Fernando Alonso, txikitatik; eta pilotan, Titin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.