Aitor Elordi. Aspeko pilotaria

«Pilotari handiei aurre egiteko gai naizela erakusteko aukera da»

«Galtzekorik» ez duela dio Aitor Elordik. Irribarria eta Artola kanpoan utzi eta gero, lau eta erdiko txapelketako final-laurdenetako ligaxkarako sailkatu da. Igandean, Jokin Altunaren aurka jokatuko du, Astelenan.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Iazko Bigarren Mailako lau eta erdiko txapelketa irabazteak eman dio Aitor Elordiri (Mallabia, Bizkaia, 1996) maila nagusiko lau eta erdikoa jokatzeko eskubidea. Atarikoan22-12 menderatu zuen Iker Irribarria, eta final-laurdenetako ligaxkarako sailkatu zen Iñaki Artolari 22-16 irabazita. Altuna II.a, Bengoetxea VI.a eta Peio Etxeberria aurkari izango baditu ere, finalerdietarako sailkatzeko «helburua» dauka: «Ikaragarria litzateke. Dena den, orain arte egindako lanarekin gustura nago».

Maila nagusiko txapelketa bateko final-laurdenetara iritsi zara. Ez da gutxi, ezta?

Ez, noski. Txapelketan ofizialki sartzeko, Irribarriaren aurkako atarikoagainditu behar nuen. Tentsio handiko partida izan zen niretzat, baina, zorionez, garaipena lortu nuen. Ondoren, txapelketako lehen kanporaketan, Artola gainditu izanak konfiantza handia eman dit. Orain, beste hiru partida bermatuta dauzkat; disfrutatzera aterako naiz, eta ea gerra apur bat ematen ahal dudan.

Zure ibilbideko momenturik garrantzitsuena da?

Bai, hala esango nuke. Lehenengo mailako txapelketa batean estreinakoz ari naiz, eta maila honetako pilotarien aurka jokatzen dudan lehendabiziko aldia da.

Promozioko lau eta erdikoa irabazi izanak eman dizu maila nagusikoa jokatzeko aukera. Zein da sari hobea, txapelketa irabazi izana edo maila nagusikoan parte hartzeko aukera lortzea?

Bigarrena, duda barik. Bigarren Mailan asko jokatu duen pilotari orok are gehiago baloratzen du maila nagusikoekin jokatzeko aukera. Promozio mailako bi txapel irabazi arren, horrelako pilotarien aurka jokatu eta garaipenak lortzea txapela baino gehiago estimatzen da. Pilotari hauen kontra aritzea sari handia da niretzat.

Galtzeko gutxi duzula esan daiteke. Baina, aldi berean, demostratzeko nahia ere izango duzu barruan. Zer sentipen da nagusi?

Txapelketa honetan dauden pilotari guztiek izen eta maila handia dute. Alde horretatik, ezer galtzeko ez dudala aterako naiz kantxara. Demostratzeko grina hori badaukat. Pentsatzen dut hauxe izan daitekeela nire aukera horrelako pilotari handiei aurre egiteko gai naizela erakusteko. Orain arteko bi partidetan, aste barruan egiten dudan lan guztia ondo erakutsi dut; tentsioa eta urduritasuna ere ondo kudeatu ditut, eta ea hurrengo hiru partidetan ere horrela egiten dudan.

A multzoan zaude, Jokin Altunarekin, Oinatz Bengoetxearekin eta Peio Etxeberriarekin batera. Nola ikusten duzu multzoa?

Gogorra. Txapelketa honetan dauden pilotari guztiak, nire aldean, izen handikoak dira. Beraz,multzo bat zein bestea gogorra zatekeen. Dena den, multzoei erreparatuta, uste dut A multzoaerrazagoa izan daitekeela. Lehenengo partida izar handienaren kontra daukat, Altunaren kontra. Ezdut ezer galtzeko. Beste bi partidetan Artolaren aurka erakutsi nuen maila ematen badut sailkatzeko aukera izango dudala iruditzen zait.

Multzo bakoitzetik bi pilotari sailkatzen dira finalerdietarako. Altuna segurutzat ikusten duzunez, beste hiruren artean egongo da bigarren postua?

Hala ematen du. Altuna egungo izar handienetakoa da, eta, Ezkurdiarekin batera, azken urteetako lau eta erdiko dominatzaile nagusia da. Multzo honetan esan genezake bera dela lehenengo posturako faborito nagusia, eta gero bigarren posturako beste hirurak gaude.

Finalerdietarako sailkatzeko helburua jarri diozu zeure buruari?

Bai, dudarik gabe. Pilotari guztiek helburuak jartzen dizkiogu geure buruari, eta bat betetzean, beste bat jartzen diogu. Lehendabiziko helburuak Irribarria eta Artola menderatzea ziren, eta hirugarrena finalaurrekoetarako sailkatzea da. Hori lortuko banu, ikaragarria litzateke. Dena den, gustura nago orain arte egindako lanarekin.

Aurkariak kontuan hartuta, txukun arituta kanpoan geratuko bazina ere ez litzateke porrot handia, ezta?

Ez litzateke porrot handia izango, ez. Nire jokoa erakutsi nahi dut. Aurkariak irabazten badit, behintzat pilotan hobeto jokatu duelako izan dadila, eta ez nik partida oparitu diodalako. Sailkatu gabe ere, hiru partidak ondo jokatzen baditut, egindakoarekin konforme izango naiz.

Lehenengo aldiz ariko zara Jokin Altunaren aurka.

Bai. Profesionaletan ez ezik, afizionatu garaian ere uste dut ez genuela sekula buruz buru elkarren kontra jokatu. Partida oso berezia izango da, kantxatik kanpora lagun handia delako. Kantxan, ordea, bakoitzak berea nahi du.

Zer bertute lapurtuko zenioke Altunari?

Nahiz eta pilota jokatzeko trebezia handia duen, daukan mentalitatea lapurtuko nioke: burua. Mentalitate hori ezinbestekoa da kirolean sortzen diren egoerei aurre egiteko. Jokinen bertute onena hori da, burua.

Ahulgunerik badu?

Baten bat izango du, denok dauzkagun bezala. Baina, egia da dauzkan ahulgune horiek oso ondo ezkutatzen dakiela, ez zaizkio ia ikusi ere egiten eta. Orain arte egin dudan joko berari eutsiko diot: ondo sakatu, eta, nahiz eta sakez zuzenean tanto ez egin, sake bueltan, bigarren pilotakada horretan, min handia egitea gakoa da. Horrelako pilotarien aurka, opariak garesti ordaintzen dira, eta hori ere zaindu beharko dut. Partida osoan arreta ez galdu, eta ahal dudanetan tantoa azkar amaitu.

Maila nagusiko pilotarien artean bat gehiago izatea, edo promozio mailan dominatzaile izatea: zer nahiago duzu?

Oraindik ez dakit zer den maila nagusikoen artean bat gehiago izatea. Dakidana da oraindik Bigarren Mailako pilotaria naizela, eta txapelketa hau bukatzen denean nire mailako partidak jokatzen segituko dudala. Bost urte daramatzat profesionaletan, eta, gutxi-asko, beste pilotari batzuekin gertatu dena ikusita, badakit nola funtzionatzen duen mundu honek. Hori jakinda, momentua are eta gehiago disfrutatu behar dut. Txapelketa txukun bat egiten ahaleginduko naiz. Hori dut buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.