Joseba Ezkurdia. Aspeko pilotaria

«Finalean sartzeko esperantza nuen; kolpea hartu nuen»

Lau eta erdiko finaletik kanpo geratu eta gero, Ezkurdiak ez du ezkutatu «triste» dagoela. «Baina ari naiz barneratzen». Hirugarren postuan amaitzeko partida jokatuko du Peio Etxeberriaren aurka, etzi, Labriten.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Finalaren atarian geratzea ez da inorentzat gustagarria izaten, ezta Joseba Ezkurdiarentzat ere (Arbizu, Nafarroa, 1991); are gutxiago aintzat hartuta Aspeko pilotaria azken urteetako garaitik «onenean» iritsi dela Lau eta Erdiko Txapelketara. «Beheraldia izan nuen». Poliki-poliki, ingurukoekin eta entrenatzailearekin hitz eginez, badoa egoerari buelta ematen.

Kosta egiten al da horrelako partida bat ahaztea?

Bai. Azkenean, txapelketa handi bat da, finalerdiak dira, finalari estimu handia diogu... Ilusio handia nuen finalean egoteko. Beti kostatzen da finalera heltzea, baina, hotzean pentsatuta, txapelketa ona egin dut, eta ongi sentitu naiz. Bide on horretatik segitu nahi dut. Gaizki egindakotik ikasi, eta aurrera begiratu behar dut; alferrik baita atzera begiratzea. Helburu berriak ezartzea dagokit orain.

Partida telebistaz ikusi duzu?

Ez, ez dut ikusi.

Eta ikusteko asmoa duzu?

Beti ikusten ditut, bai galdutakoak, bai irabazitakoak. Ikusteko asmoa dut, baina aurrerago; orain ez bainago aldarte onean.

Kolpea hartu zenuen?

Bai. Partida aurreko beroketan oso ondo sentitzen nintzen, eta ongi ekin nion lehiari. Gero, ordea, eskuinez ez nuen asmatzen, eta pilotari ez nion abiadurarik ematen. Kolpea hartu nuen. Jokin [Altuna] zoriondu behar da: merezita irabazi zuen.

Partidarik galdu gabe heltzen zinen finalerdietara. Esperantza zenuen finalera heltzeko eta, agian, hirugarrenez txapela irabazteko?

Txapelketa prestatu nuenean, argi esan nuen txapelaren borrokan egon nahi nuela. Ligaxkan hiru partidak irabazita heldu nintzen finalerdira, sasoiz, txisparekin, konfiantzaz eta agian azken urteetako momenturik onenetako batean. Finalean sartzeko esperantza nuen, eta banekien nik neurea egiten banuen lortuko nuela. Ez zen hala izan, eta, horrelako diziplinan batek ez duenean asmatzen, aldeak handitu egiten dira.

Altuna III.ak txapelketako mailarik handiena erakutsi zuen, noren eta zure aurka. Min egin zizun horrek?

Horrek ez dit amorrua ematen; partida galtzeak izorratu zidan. Banekien Jokin on bat ikusiko nuela. Nire aldetik, berriz, nire onena eman nahi nuen, baina ez nuen lortu.

Aurretik hasi zinen: 2-3. Baina gero, 6-0eko partziala sartuta hanka egin zizun. Zer pasatu zitzaizun burutik?

Pena daukat sakea berreskuratu nuenean ez nuela behar bezala aprobetxatu; ez nion minik egin. Behin Jokinek sakea alde zuela, ez nuen ongi errestatzen, eta hura beti dominatzen aritu zen; ni, berriz, defentsa lanean, eta horrela zaila izaten da partida irabaztea.

Markagailuan urrundu zitzaizunean, partida galdutzat eman zenuen?

Inolaz ere ez nuen partida galdutzat eman; amaiera arte borrokan jardun nintzen. Berak ni tantoa egitera behartzea nahi nuen, eta ez nik akatsa egitea. Hori da pilotarioi eskatzen diguten gutxienekoa. Profesionalak gara, eta pilotazaleei errespetua erakutsi behar diegu.

Zeure buruarekin haserretu zinen?

Bai, haserretu nintzen; aukera nuenean ez bainuen asmatzen. Pilotari ez nion nik nahi nuen abiadura ematen, ezta nik nahi nuen lekura eman ere. Pilota eskuan ez nuen sentitzen ordura arteko partidetan bezainbeste. Amorrazioa nuen. Boladak izaten nituen, baina gero lasaitu egiten nintzen, eta bihotz taupadak gutxitzea lortzen nuen. Baina ez dago besterik.

Eta egoera horri guztiari nola eman behar zaio buelta?

Partida amaitu eta gero, beheraldi handia izan nuen, baina, egunak pasatu ahala, gertuko jendearekin eta entrenatzailearekin hitz eginez, poliki-poliki, ari naiz egoera barneratzen. Ez naiz beste urteetan izan dudan beheraldi luze bat bizitzen ari. Ez dut ezer neure buruari leporatzeko. Datorren astea atseden hartzeko eta pilotatik apur bat urruntzeko baliatuko dut.

Hain zuzen, pilotariak gero eta prestatuago zaudete mentalki.

Egunetik egunera, edozein kirol diziplinatako kirolariak arlo mentala gehiago lantzen ari gara; ezinbestekoa baita buruz ongi egotea. Burua ez badago ondo, gorputzak ez du funtzionatuko.

Etzi, Peio Etxeberriaren aurka jokatuko duzu hirugarren posturako partida, Labriten. Finalerdia galtzetik datorren pilotari batek burua bete-betean zentratuta izaten al du?

Zaila da. Gaur [atzo] Peiorekin batera entrenatu naiz, eta biok iritzi bera dugu: ez ditugula finalerdietan genituen motibazio, tentsio, urduritasun eta gose berberak. Normala da. Buruz burukoan tokatu izan zait hirugarren posturako partida lehiatzea, eta oso zaila egin zitzaidan jokatzea [Danel Elezkanori 22-21 irabazi zion, 2018an]. Buruz asko sufritu nuen. Halere, hirugarren geratu nahi dut, eta ea txapelketa sentipen onarekin amaitzen dudan.

Etxeberria eta zu batera entrenatzen zarete, eta, aurten, gainera, haren botilero izan zara. Partida berezia izango da.

Pilota munduak eman didan lagunik handiena da. Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta harreman oso ona dugu, kantxan nahiz kantxatik kanpo. Jokatu nahiko genukeen partida ez da izango, baina berezia izango da.

Hark zer-nolako txapelketa egin du zure ustez?

Harro egoteko txapelketa bat egin du. Lehen partida oso zaila zuen, Danelen [Elezkano] aurka. Atzetik aurrerako lan handia eginda, markagailua iraultzea lortu zuen. Ligaxkan, bestalde, finalerdietatik kanpo egotetik sartzera igaro zen, partida oso onak eginez. Erritmo handia jartzen dio. Oraindik gaztea da, baina etorkizun oparoa duen pilotaria da.

Non egongo da partida irabazteko gakoa?

Aireko jokoa asko dominatzen du Peiok. Partida askotan gertatzen den moduan, lehiari erritmoa jartzen dion pilotariak partida ia irabazia izaten du. Horretan saiatuko naiz.

Nolako traza hartzen diozu Jokin Altunaren eta Unai Lasoren arteko finalari?

Jokin da irabazteko faborito, eta, bere betiko maila ematen badu, Unaik zail izango du. Halere, Unai oso ondo ikusten dut: bizitasun handiz jokatzen du. Partida irekia espero dut.

Hirugarren geratzen ez bazara, finala bertatik bertara ikusteko asmoa izango duzu?

Ez. Ez banaiz hirugarren geratzen eta ez badut partidarik, etxetik lasai asko ikusiko dut partida. Dena den, ea hirugarren geratzen naizen eta frontoira joateko aitzakia dudan.

Finaleko egunean inbidiarik izango duzu?

Bai. Denoi gustatuko litzaiguke finalean egotea. Aurten, Jokinek eta Unaik merezi izan dute, lanik hoberena egin dute eta. Dena dela, inbidia izan behar dugu; galtzen badugu eta ez badugu inbidiarik izaten, pilota munduan sobran gauden seinale izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.