Imanol Alvarez. Super Amara Bera Berako entrenatzailea

«Jokoen osteko munduko txapelketetan ezusteak egon ohi dira»

Gaur hasiko da Eskubaloiko Munduko Txapelketa. Imanol Alvarez lehen aldiz arituko da Espainiako selekzioko entrenatzaile laguntzaile. Maitane Etxeberria eta Ainhoa Etxeberria jokalariak ere lehian izango dira.

«Jokoen osteko munduko txapelketetan ezusteak egon ohi dira».
ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun

Lan saioak prestatu, aurkariak aztertu... Imanol Alvarez Super Amara Bera Berako entrenatzaileari (Ermua, Bizkaia, 1967) ez zaio lanik falta Espainiako selekzioko bigarren teknikari gisa. «Lan polita da», nabarmendu du.

Halako txapelketa baten aurrean, gauzak lasaiago bizi dira bigarren entrenatzaile gisa?

Egia esan, oso lasai nago, gustura eta disfrutatzen. Arreta guztia lanean dut jarrita, jokalariei ahalik eta gehien laguntzeko. Jose Ignaciok [Prades, Espainiako hautatzailea] eta nik lanak banatu eta partekatzen ditugu: aurkariak aztertu, entrenamenduak eta partiden planteamenduak prestatu... Lan polita da.

Zu bertan egoteak zer ekarpen egin diezaioke Bera Berari?

Jokalari asko ikusteko aukera izango dut, eta, baten bat interesgarria iruditzen bazait, haren inguruko informazioa klubari pasatuko diot. Nahiz eta horretaz batez ere Tati [Garmendia kirol zuzendaria] eta Alex [Nogues] arduratuko diren, nik nahikoa lan izango dudalako bigarren entrenatzaile moduan.

Ikusiko dituzuen jokalarien artean egon daiteke taldea utzi berri duen Adriana Cardosoren ordezkoa?

Oraindik ez dugu erabakirik. Ez dugu fitxatu nahi fitxatzeagatik, baina adi egongo gara. Eskuin hegala oso postu zehatza da, eta bakarrik Maitane [Etxeberria] dugu. Nahiz eta Malenak [Cavo] eta Mariak [O'Mullonyk] hor joka dezaketen.

Bera Berako bost jokalari egongo dira Munduko Txapelketan: Etxeberria, Eli Cesareo, Laura Hernandez, Cavo eta Mariane Fernandez. Zer esan nahi du horrek klubarentzat ?

Harro egoteko zerbait da, eta seinale jokalari onak ditugula eta lan ona egiten ari garela. Gainera, gurekin jokatu duten beste hainbat jokalari daude: Elke Karsten, Renata Arruda, Adriana Cardoso, Silvia Arderius, Merche Castellanos...

Etxeberriaren, Cesareoren eta Hernandezen egunerokoa aztertzen ari zara. Zer moduz daude?

Maitane oso sasoi onean dago. Lasai ikusten dut, eta oso maila handian entrenatzen. Nabari da gero eta garrantzitsuago sentitzen dela, eta taldekideen konfiantza sentitzen duela. Denbora luzez egindako lan onaren saria jasotzen ari da. Cesareok denbora gehiago darama halako txapelketetan parte hartzen, eta uste dut haren ekarpena garrantzitsua izango dela. Laurak, berriz, estrainekoa du. Behetik gora ari da, eta gero eta egokituago ikusten dut. Hirurek minutuak izango dituztela uste dut, eta lehiaketa erritmoarekin segitzeak on egingo die bai haiei, baita Bera Berari ere liga itzultzen denean.

Eta Cavo eta Fernandes?

Biak oso ondo ikusten ditut, eta ilusioz beren selekzioekin jokatzeagatik.

Eta nola ikusten duzu Ainhoa Hernandez, txapelketan izango den beste euskal jokalaria?

Primeran. 2019ko Munduko Txapelketan oso jokalari garrantzitsua izan zen. Egokitu da jada Errumaniara, eta han izugarri gozatzen ari da. Izan ere, jokatzeaz gain, bere taldea lehen postuan dago.

Nerea Pena ez duzu deialdian sartu. Zer dela eta?

Azken hilabeteetan ez du jokatzeko aukera askorik izan, min hartuta egon delako. Eta halako txapelketa batera sasoi betean dauden jokalariak ekarri behar dituzu. Baina denek dakigu nolako maila duen Nereak.

Txapelketaz zer espero duzu?

Olinpiar Jokoen osteko Munduko Txapelketetan ezusteak egon ohi dira. Baina, Japonian bezala, Norvegia eta Frantzia iruditzen zaizkit selekziorik indartsuenak. Hortik harago, tekniko-taktikoki ez dut uste defentsa ireki asko ikusiko direnik, nahiz eta ondo eginez gero etekin handia eman. Selekzio gehienek defentsa itxien alde egingo dutela iruditzen zait. Erritmo aldetik bizia izatea nahiko nuke, eta ahalik eta baloi galera gutxienekin, hori baita emakumeen eskubaloiak duen gabezia handienetako bat. Gainera, telebista emankizunak ikusgarriak izatea nahi dut, zaleak erakartzeko.

Eta zuen multzoa?

Uste dut Austria dela aurkaririk zailena. Urtetik urtera gero eta hobeto jokatzen ari da, eta ligarik indartsuenetan jokatzen ari diren jokalariak ditu. Argentinak ere talde ona du, eskarmentu handikoa. Adi egon behar dugu defentsan, eta haien lehen lerroa ondo zaindu behar dugu, jaurtitzaile petoak baititu. Erasoan bizkor jokatu behar dugu, eta ondo kudeatu lehen partidako urduritasuna. Jokalari multzo handiagoa dugu, eta hor ere egon daiteke gakoa. Txina apenas ezagutzen dugu, baina, haien aurka azken jardunaldian jokatuko dugunez, nahikoa informazio izango dugu. Ez genuke arazorik izan behar sailkatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.