Iker Serrano. Bidasoako jokalaria

«Sekulako lana egin dugu. Merezi dugu bigarren izatea»

Handia egin du Bidasoak hamabi urte geroago Europarako sailkatuta, baina handiagoa egin dezake Txapeldunen Ligarako tokia lortuta. Etzi jokatuko du lehia erabakigarria Logroñon. Itxaropentsu da Iker Serrano.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Julen Etxeberria -

2019ko maiatzak 16
Hiru ordu laurdeneko joan-etorriko bidaia egiten du ia egunero Iker Serrano (Urretxu, Gipuzkoa, 1984) Bidasoako kapitainak Irunera joateko. Horregatik, eskertu egin du deia, «bidaian konpainia pixka bat egiteko». Pozik eta ilusioz nabari zaio, eta ez da harritzekoa, bikain ari baita Bidasoa.

«Arrakasta litzateke aurreneko zortzi sailkatuen artean geratzea». Zuk esana da sasoi hasieran. Bada, bigarren edo hirugarren izango zarete.

Eta sekulako lorpena da. Inortxok ere ez zuen espero halakorik, eta kontrakoa dioena gezurretan ari da. Sentipen onak izan genituen sasoi-aurrean, baina inoiz ez dakizu lehia hasitakoan zer-nolako maila emango duzun. Zorionez, uste genuena bete da. Gainera, ezustekoa izan da Ademarrek eta Granollersek puntu asko uztea bidean. Talde indartsuak dira, baina koska bat beherago aritu dira sasoi honetan. Gu, aldiz, espero baino hobeto aritu gara.

«Zer gerta ere, jada eman dugu aurrerapauso bat: edozeini irabaz diezaiokegu». Hori ere esan zenuen. Gauza bat da hori pentsatzea, eta beste bat, gero hori egitea. Eta zuek egin duzue.

Hasieratik jabetu ginen aurrerapausoa eman genuela, oso talde trinkoa ginelako. Baina hori lortzeko sekulako lana egin dugu. Asko entrenatzen gara, arlo fisikoa eta taktikoa izugarri lantzen dugu. Nire ustez, talderik landuena gara. Horrez gain, momenturik erabakigarrienetan zorte pixka bat ere izan dugu. Horri guztiari esker gaude bigarren postuan.

Gako nagusia defentsan egiten ari zareten lana da. Gol gutxien sartu dizkioten taldea zarete, 24 eskas partidako. Zenbateko garrantzia ematen diozue horri?

Itzela. Eskubaloian funtsezkoa da defentsan ondo aritzea, eta gu bikain ari gara. Batetik, bi atezainek aurrerapausoa eman dute. Xoanek [Ledo] edo Rangelek [Lujan] jokatu, atea oso ondo zainduta dago beti, eta meritu handia du horrek, oso atezain gazteak baitira biak ala biak. Defentsan, berriz, marka guztiak hausten ari gara. Bidasoaren historian inoiz ez zen horren lan ona egin. Bartzelonari berari guri baino 24 gol gehiago sartu dizkiote, eta talde hori izan da onena defentsan azken zortzi denboraldietan. Zenbaki ikusgarriak dira. Oso talde trinkoa gara, bai erasoan, bai defentsan.

Batasun eta trinkotasun horri mesede egiten dio nabarmentzen den jokalaririk ez izateak?

Bai, eta, gainera, hala izatea gustuko du Jacobok [Cuetara, entrenatzailea]. Berak ideia horrekin egin du taldea, eta argi geratu da bete-betean asmatu duela. Defentsan, adibidez, frantziarren ekarpenarekin [Renaud, Seri, Tesoriere eta Barthe], jauzia eman dugu. Espezialista hutsak dira, baina baita umilak eta langileak ere. Lehen egunetik prestasun handia erakutsi dute taldearen sistemara egokitzeko. Baina ez bakarrik jokatzeko erara egokitzeko, baita taldera ere, eta hizkuntza ikasteko. Hori ere arrakasta da. Oso talde batua eta trinkoa gara, bai pistan, baita pistatik kanpo ere. Familia bat bezalakoa gara, eta batasun hori pistan islatzen da.

Egiten ari zaretenak are eta meritu handiagoa du kontuan hartuta uste orokorra dela sasoi honetan Asobal ligak koska bat egin duela gora.

Maila ertaineko taldeek gora egin dute; besteak beste, Bidasoak. Baina horren atzean sekulako lana eta ahalegina dago. Izan ere, argi hitz eginda, gure sistema eromena da, makina bat xehetasun zaindu behar baititugu: nola jokatu 5-1 sistema baten aurka, falta jaurtiketetan, joko geldoan... Eromena da, baina eromena izanagatik oso ondo ari gara. Horretan, uste dut badagoela beste gako bat. Ez dago horrenbesteko aldea gu eta Ademarren artean, baina detaile txiki horiei etekina aterata irabazi ditugu gol bakar batengatik zenbait neurketa. Jacobok izugarri zaintzen ditu xehetasun guztiak, eta hori igartzen da.

Hamabi urte geroago sailkatu zarete Europarako, baina handiagoa egin dezakezue oraindik: Txapeldunen Liga jokatu. Asmo horretan partida erabakigarria jokatuko duzue etzi Logroñon. Puntu baten aldea ateratzen diozue. Lehiaren garrantziaz jakitun zarete?

Bai, baina lasai gaude. Haiek daude gehien estutuak: atzetik doaz, etxean jokatuko dute, eta irabazi beharra dute. Klubeko inork ez gaitu estu hartu, handia baita jada egin duguna. Baina egia da, halaber, guk geuk hartuko dugula estu geure burua. Badakigu aukera historikoa dugula eskura, baina ez gaude horrekin itsututa.

Kolpea litzateke Txapeldunen Ligarako ez sailkatzea?

Momentuan, bai. Uste dut merezi dugula bigarren izatea, denboraldi ia osoan postu horretan egon baikara. Baina horrek ez du ezer ziurtatzen. Logroñok ere bigarren itzuli oso ona egin du, eta han ere pentsatuko dute merezi dutela bigarren izatea. Guretzat sekulakoa litzateke, eta ginga ederra jarriko genioke sasoi historiko honi. Hala ere, larunbatean galduta ere, beste partida bat geratuko litzateke. Guk Cuenca hartuko dugu, eta Logroñok Anaitasunari egingo dio bisita. Partida bihurria da azken hori. Edozer gerta daiteke.

Nolako partida espero duzu?

Gogorra, oso gogorra, baina saiatuko gara gozatzen. Gure defentsaren eta haien erasoaren arteko lehia izango da. Bi taldeok oso argi dugu non garen indartsuen. Borroka horretan gailentzen denak aukera asko izango du irabazteko.

Gurutz Aginagaldek eman dizue gomendiorik edo gakorik? Han ari zen duela urte erdi eskas. Bera ez da etortzen guregana jokoko kontuez hitz egitera. Aitzitik, gu joaten gara harengana. Bitxia da, baina Logroñoren aurka Artalekun jokatutako partidan egin zuen estreinakoa presidente moduan, eta galdu egin genuen. Ordukoari buelta eman behar zitzaiola esan zigun. Ea hala den.

Sasoi ederra izaten ari da, baita zuretzat ere?

Lehen sasoia dut kapitain moduan, eta gehiago egon naiz pentsatzen besteengan neure buruarengan baino. Oso esperientzia polita izan da, eta espero dut luzarorako izatea. Fisikoki, nahi baino gorabehera gehiago izan ditut, baina beti saiatu naiz taldeari laguntzen, golak sartuz, defendatuz, aldagelan lagunduz... Pozik nago, eta ingurukoak ere bai.

Horren erakusgarri da beste bi urterako berritu duzula. Horrek indarra ematen du?

Bai, noski. Nire kontratu berritzeak, halere, iraungitze data du. 35 urte betetzear naiz, eta Bidasoarekin sinatuko dudan azkeneko kontratua izango da. Gero, auskalo zer egingo dudan, baina badakit klubak goraka egiten jarraitzen badu, zail izango dudala hemengo mailari eustea. Jakin behar da alde batera joaten. Baina, orain, gustura ari naiz, taldea egiten ari den lan ederrarekin gozatzen.