Iñaki Artola. Baiko Pilotako pilotaria

«Inoiz ez naiz hain ondo sentitu lau eta erdikoa jokatzen»

Lau eta erdiko San Fermin torneoko finala jokatuko du bihar, Iruñean, Jokin Altunaren aurka. Urte hasiera ez zuen ona izan, baina bere onenera itzultzen ari da Artola; ia urtero bezala, uda garaiarekin batera.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Alegia
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Herriko plazan egin du hitzordua Iñaki Artolak (Alegia, Gipuzkoa, 1994). Mundu guztiak agurtu eta zoriondu du. Ez da gutxiagorako; San Fermin torneoko emaitzek ematen duten alaitasuna bueltatu diote, eta bihar jokatuko du finala, Iruñeko jaien egun handian. Altuna amezketarra izango du aurkari finalean. Sei kilometro eskas daude herri batetik bestera, eta ikusmina sortu du Alegian.

San Fermin torneoko finalerako sailkatu zara, eta Baikorekin kontratua berritu duzu bi urterako. Gustura, ezta?

Ongi, egia esan. Kontratua berritzeko garaian, baldintzekin aurrera eta atzera ibiltzen gara, baina, dudan adinarekin, eta nola nabilen ikusita, enpresak jarraitzeko aukera emango zidala espero nuen. Jokoari dagokionez, ia eskuetako minik gabe nabil, oso gustura, eta horrek aukera ematen dit jarraitzeko. Sasoiz ere nahiko ondo nabil, batzuetan gehiago kostatzen zait, gorputza ezberdin dagoelako; besteetan errazago izaten da. Ez duzu jakiten zeren arabera izaten den, baina, azkenaldian, gorputza ondo erantzuten ari da.

Dena den, zuk esana da askotan sentipenak eta emaitzak ez doazela eskutik. Nola azalduko zenuke hori?

Askotan, kanpokoen irudipena emaitzaren araberakoa izaten da. Guk emaitzari ere begiratzen diogu, baina gehiago jokoari. Ez asteburuko partidari bakarrik, astean zeharreko entrenamenduetako sentsazioei ere bai. Gorabeherak izan arren, aspalditik nabil goranzko bidean. Uste dut azkenaldian joera horri eusten ari naizela. Horregatik diot goranzko joera horri eutsi nahiko niokeela, final hau galdu edo irabazi. Helburu hori garrantzitsuagoa da.

Buruz burukoan, lehen partidan kaleratu zintuzten; orain, ordea, Urrutikoetxeari eta Bengoetxeari irabazi diezu. Emaitza oso desberdinak dira tarte laburrean.

Bai, nik esanagatik ere goraka nindoala, agian emaitzetan ez zen islatzen, txapelketa ofizialetan behintzat. Baina, orain, emaitzetan ere antzematen da sentitzen nuen gorakada hori. Egia da inguruan sumatzen nuela pausotxo bat gehiago emateko eskakizun edo presio bat, eta uste dut oraingoan esperotakoa eman dudala. Orain, horri eustea izango da lana.

Eskakizun hori handiagoa al da txapelketa ofizialetan?

Egia da pilotarion maila txapelketa ofizialek markatzen dutela nolabait. Zaila da esaten zer den garrantzitsuagoa. Agian, beste partida batzuetan ondo ibil nintekeela erakutsi arren, txapelketakoetan gehiago kostatzen ari zitzaidan. Baina, orain, badirudi lortu dudala entrenamenduetako maila hori ematea egun zehatzetan.

Hala ere, presioa ez da bera izango txapelketa ofizialetan eta udako torneoetan, ezta?

Ez. Egia da udako torneoetan aldagai gehiago daudela: bakoitzaren jokoa, zer konbinazio tokatzen den eta abar. Baina tira, txapelketa ofizialetan aurrera joaten diren pilotariena inoiz ez da kasualitatea.

Urrutikoetxeari eta Bengoetxeari alde handiz irabazi zenien; Agirreri, aldiz, ozta-ozta.

Bai, kuriosoa da, baina hala da. Orain, gainera, profesionaletan maila oso ona dago. Torneo honetan, adibidez, hiru tantoko alde txikiaz irabazi nion Asier Agirreri, eta horregatik diot. Horrexegatik aipatzen dut joko puntuarena. Nik debutatu nuenean binakako bi finalerdi jokatu nituen jarraian; aurten, ordea, ez naiz sailkatu. Ni, hala ere, guztiz ziur nago pilotari hobea naizela orain, profesionaletako lehen bi urteetan baino.

Emaitza onak dira. Izan al duzu hain bolada onik aspaldian?

Nik uste dut bolada onak izan ditudala. Iazko udan oso ondo jokatu nuen; aurten hura hobetzea zaila izango da. Binakako txapelketan ere momenturen bat asko gozatu nuen. Baina orain ere ederki nago, zaila zait aukeratzea. Egia da lau eta erdiari dagokionez behin ere ez naizela hain ondo sentitu.

Zer-nolako traza hartzen diozu finalari? Jokin Altuna aspalditik ezagutzen duzu.

Oraintxe bertan lau eta erdian dagoen espezialistarik handiena da, eta orain oso joko puntu onean dago gainera. Hala eta guztiz ere, iruditzen zait aurretik jokatu ditugun partidek ez dutela erreferentzia gisa balio. Jakitun nago bera dela faborito, baina Urrutikoetxea eta Bengoetxea ere hala ziren, eta egoera horri buelta ematea lortu nuen. Horrek konfiantza ematen dit oraingoan ere gauza bera egin ahal izateko.

Udako torneoak irabaziak dituzu Lekeition eta Zarautzen. Uda hastear dela, zer moduz ikusten duzu zure burua?

Irudipena dut uda dela nire urteko garairik onena, debutatu nuenetik. Gainera, ezin dut erabat ziurtatu, baina eskuetatik ere hobeto ibiltzen naizela uste dut.

Zergatik?

Udako beroak mesede egiten dit eskuetan, baita partida asko jokatzeak ere bai. Bost urte daramatzat profesionaletan, eta, neguan, partida gutxiago jokatuta, nahiko ezinean ibili izan naiz. Udan, aldiz, hobeto ibili izan naiz, partida gehiago jokatuta. Lau urte dira jada horrela nabilela; ez dut uste kasualitatea denik.

Udan ematen duzun maila hori txapelketetara eramatea falta izan al zaizu?

Uste dut iazko udan eta binakakoaren hasieran oso ondo aritu nintzela, nahiz eta binakakoaren bukaeran eta buruz burukoan pixka bat okertu. Hala ere, ez nuke esango nabarmen okertu nuenik. Jakaren kontra bi tantogatik galdu nuen buruz burukoan, eta uste dut berak oraintxe bertan edozeini irabaz diezaiokeela. Gorabehera txiki bat nahikoa da irabaztetik galtzera pasa eta hori emaitzetan islatzeko.

Eta, partidetatik aparte, udan aisialdirako tarterik ba al duzu?

Opor batzuk izan ditut, baina ez naiz kanpora joan, torneo honekin buru-belarri nenbilelako. Baina ez zait astuna egiten. Gure lanbidea oso lotua da, baina egunerokotasunean denbora ematen digu egin nahi ditugun gauzak egiteko. Izugarrizko oporraldiak hartu gabe, baditugu uda aprobetxatzeko moduak.

Zuen egutegiek ez dizuete deskonektatzeko tarterik ematen.

Bai, hori du pilotak. Behin ere ez da gelditzen, eta psikologikoki pixka bat astuna ere egin daiteke. Baina tira, nik uste horri neurria hartu behar diogula. Jakinda inoiz ez garela geldituko, asteren bat edo beste lasaiago hartuz, adibidez. Hala ere, pilota pasioz bizi dut. Agian egunen batean aspertuko naiz, baina oraindik ez da iritsi egun hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.