Joxean Olaskoaga 'Aizperro'. Herri kirolaria

«Urduri nengoen hasieran, baina gero asko gozatu nuen»

Arraunean makina bat urte egin ondoren, herri kiroletan ari da orain Joxean Olaskoaga 'Aizperro', baita ondo aritu ere, sailkatu egin baita hilaren 21ean Azpeitian jokatuko den euskal pentatloiaren finalerako.
IBON ERRAZU

Unai Ugartemendia -

2019ko irailak 12
Joseba Otaegi, Xabier Orbegozo Arria V.a, Xabier Zaldua, Luis Txapartegi, Aratz Mugertza eta Josean Olaskoaga Aizperro. Sei kirolari horiek lehiatuko dira hilaren 21ean Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazan, euskal pentatloiaren finalean. Aizperro (Orio, Gipuzkoa, 1974) arraunlari eta entrenatzaile ohia da guztien artean herri kiroletan aritu ez den bakarra. Ez dio axola. «Gustura» ari da, eta «pozik» dago finalean egoteagatik. Lan polita egitea du xede.

Larunbateko kanporaketaren ondoren, nola ari zara berriro ere zure onera etortzen?

Ondo esan beharko. Oso lan gogorra izan zen, baina gustura amaitu nuen. Egur handia hartu genuen, baina finalerako sailkatzeak eman zidan pozarekin ondo ari naiz indarberritzen.

Askok diote denbora gutxi dagoela errekuperatzeko, kontuan hartuta bi asteko tartea besterik ez duzuela izango.

Bai, finalerako egun gutxi gelditzen dira, eta egin beharreko lana, berriz, oso handia izango da. Kanporaketan, lana motzagoa zen, baina apartekoa. Gutxien sufritu zutenak freskoago iritsiko dira finalera.

Nola sentitu zinen kanporaketaren egunean?

Oso urduri plazaratu nintzen. Lehen aldia zen zezen plaza batera ateratzen nintzela, eta egin beharreko lanak ere errespetu handia ematen zidan. Harriak ematen zidan errespetu gehien; sekula ibili gabea nintzen, eta 100 kilokoari konbentzimendu osoarekin heldu behar zaio altxatzeko.

Aurreko egunetan ere urduri ibili zinen, edo plazaratzeko gogoz zeunden?

Lanean hasteko gogoa nuen. Aurreko egunetan nahiko lasai ibili nintzen, baina, egun berean, gauzak aldatu egin ziren. Hirugarren txandan aritu nintzen, aurretik bi ikusi behar izan nituen... Hala ere, nire ordua iritsi zenean asko gozatu nuen. Sufritzea tokatu zitzaidan, baina ikusten nuen txanda irabaziz gero sailkatu egingo nintzela.

Zer izan zen gogorrena?

Lanak pilatuz doazen heinean, gogortasuna ere areagotu egiten da. Giza proba ere oso gogorra da, aizkora ere bai... Aizkolaria dena errekuperatuko da aizkoran, baina, gure modukoentzat, aizkora ere oso gogorra da. Amaierarako, korrika egite hutsa ere zaila da.

Aizkora aipatu duzu, baina zuk oso lan txukuna egin zenuen aizkolaria ez izateko.

Hori esan zidaten askok, baina ni ez nintzen batere gustura gelditu egindako lanarekin. Urduri nengoen, azken unean aizkora ere aldatu nuen, eta ez nintzen gustura ibili. Baina egia da nire txandako besteen aldean hobeto aritu nintzela.

Sailkapena ikusita, argi dago aizkoran ondo aritzea ezinbestekoa dela. Iritzi berekoa zara?

Bai. Abantaila gehiena aizkorarekin egin zen, eta gure txandan ere berdin izan zen. Besteek aizkorako lanak amaitzerako nik jada bi itzuli emanak nituen korrika.

Zu izan ezik, finalean izango diren beste guztiak herri kirolariak dira, aizkolariak. Zu noiz hasi zinen pentatloia prestatzen?

Iaz ere Arria V.a-k gonbidatu ninduen parte hartzera, jendea behar zutela aitzakia gisa erabilita. Entrenamendu bat ere egin nuen, baina, orduan, lanarekin eta umeekin ia ezinezkoa egiten zitzaidan saiatze hutsa ere. Oraingoan, ordea,Gabonetan hasi nintzen, abenduan, eta bosgarren saiakeran lehen aldiz altxa nuen harria, Ostolazaren eskolan. Geroztik, eta belaunek utzi didaten heinean, oso ondo entrenatu dut.

Arraunean urte askoan ibilitakoa zara, punta-puntan, gainera. Zergatik pentatloia?

Beti gustatu izan zait herri kirolen mundua, bai aizkora eta bai harri jasotzea. Inoiz ez dut aukerarik izan saiatzeko, gehienbat sasoia izan nuen artean arraunean ibili nintzelako. Urte asko pasatu nituen arraunean, eta orain banekien ez nengoela pentatloian gauza handiak egiteko, baina, hala ere, probatzeko gogoa nuen. Iaz ikusi nuen pentatloia, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Lehen erronka nagusia kanporaketa ondo prestatzea zen, baina, behin finalean izanda, dena emango dut.

Jada bi urte dira arrauna utzi zenuela. Sasoian jartzea asko kostatu al zaizu?

Bai, hasiera oso gogorra egin zitzaidan. Asko sufritu dut belaunetatik, uzteko zorian ere egon nintzen, baina azken bi hilabeteetan mina ere joan zait, eta uste baino sasoikoago nago.

Sailkatze saioan, hamabost eta hogei minutu arteko lana izan zenuten. Finalekoa beste gauza bat izango da.

Bai, argi dago. Lanak luzeago joango dira, eta buruak ere lasaiago egon beharko du. Finalean harriarekin egin beharreko 25 jasoaldiek errespetu handia ematen didate, baina uste dut hobeto ibiliko naizela, lasaiago. Beste erritmo batean aritu beharko dut, eta sufritzea tokatuko zait, baina ezberdina izango da. Sailkatze saioan oso bizi egin behar ziren lanak; hamahiru minuturen inguruan ere ibili ziren batzuk, baina finalekoak lan handiak dira.

Kirolean eskarmentu handia duzu. Lan luzeak mesede egingo dizu?

Zaildutako jendearentzat dira lan horiek, esaterako Arriarentzat edo Zalduarentzat. Otaegi bera ere ez da hain zaharra, baina asko ibilitakoa da, eta uste dut lanak ondo barneratuko dituela. Erresistentziako lanak dira finalekoak, eta, alde horretatik, aldeko lanak izango dira eskarmentua dugunontzat.

Nor ikusten duzu irabazteko moduan?

Ez da erraza esatea. Otaegik, esaterako, erakutsi du oso indartsu dagoela, eta lan handia egin zuen, baita Arria V.ak ere. Zalduak uste dut ez zuela dena eman, eta aukera handia izango du. Hauek uste dut beste maila batean daudela. Mugertzak, agian, harriarekin sufri dezake, baina gu baino arinagoa da korrikan ibiltzeko ere, eta Txapartegi ere hor dago.

Eta zuk zer asmo duzu finalerako?

Erronka nagusia finalean egotea zen, eta, hori lortuta, estutzen saiatuko naiz. Txandan uste dut Mugerzarekin eta Txapartegirekin arituko naizela, eta helburu nagusia azkena ez gelditzea izango da. Bietakoren bat despistatzen bada, hor egoten saiatuko naiz. Baina, azkena banaiz eta lan txukun bat egiten badut ere, pozik etxeratuko naiz.

Orain arteko esperientzia oso polita izaten ari dela aitortu duzu. Errepikatzeko asmorik ba al duzu?

Ufa, ez dakit ba! [barrez] Larunbatean, sailkatze saioa amaitu nuenean, kazetari batek galdera hori bota zidan, eta orduan finala jokatzeko gogorik ere ez nuela esan nion. Orain, ez dakit nola amaituko dudan. Gorputzari egur handia ematen zaio, eta dena amaitzean pentsatu beharko dut merezi duen ala ez. Jendeak esaten dit beste urtebetez jarraitu behar dudala. Jesus Olaizola Agite eta Joseba Ostolaza izan ditut laguntzaile, eta haiek esaten didate beste urte batean aurrerapauso handiak eman nitzakeela. Baina ez dakit. Ikusiko dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna