Hodei Ezpeleta. Aizkolaria

«Irabazitakoan, azken hiru edo lau urteetako bilakaeraz oroitu naiz»

Euskal Herriko federazioaren aizkolari txapelketa irabazi berri du Hodei Ezpeletak. Urrezko Aizkoran urte izugarri ona eginda, igandeko lorpena du aizkora lanean segitzeko akuilu: «Denborak hobetzeko gogoz nago».

GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Hodei Ezpeletak (Eibar, Gipuzkoa, 1999) poz betean igaro ditu azken egunak. Joan den igandean Euskal Herriko Aizkora Txapelketako finala irabazi zuen Tolosan (Gipuzkoa), lehen mailako proba jokatu zuen estreinako aldian. Sherpa Ai txapelketako aizkolaririk gabeko lehian gailenduta, onartu du ez dela «Euskal Herriko onena», baina adierazi du sei finalisten artean bizkorrena izateak «lanean segitzeko indarra» ematen diola.

Jantzi duzun txapelean jartzen du: 2021eko Euskal Herriko Aizkolari Txapelduna. Hori entzunda, zer datorkizu gogora?

Atzetik dagoen lan guztia. Nahiz eta Euskal Herriko gaur egungo aizkolari onena neu ez izan —aizkoraz apur bat dakien edonork badaki hori—, federazioaren mailan txapeldun geratzea ilusio handia da, eta gogoratzen naiz atzetik dagoen lan eta sakrifizio denaz.

Aizkoran egindako hasierakgogoan izan zenituen, beraz?

Hasierak, eta batez ere azken hiru edo lau urteetan aizkoran izan dudan bilakaera.

Zure ustez, zein izan zen igandeko garaipenaren sekretua?

Ondo mentalizatuta joatea. Nahiz eta urduritasun apur bat eduki, banekien zeintzuk ziren nire aukerak, zenbateraino estutu nezakeen hauspoa, eta, hori jakinda, pentsatzen dut gutxi gorabehera ondo mantendu nintzela.

Xabier Zalduari minutu bat eta 43 segundoren aldea atera zenion. Esperotako aldeak izan al ziren?

Ez dakit, nik ere ez bainekien lan horiek egiteko [lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko ebakitzea] zenbat denbora beharko nuen. Itsuan joan ginen, pixka bat. Ondo aurkitu nintzen; banekien Zaldua atzetik neukala, bozgorailuetatik entzuten zelako. Nahiko justuan ginen, eta enbor handietatik atera ginenean, azken oinbikoa aurretik ebaki nuenean, pixka bat gehiago estutzen saiatu nintzen, eta ondo atera zitzaidan.

44 minutu eta 40 segundoan osatu zenituen lanak. Zer hausnarketa egin duzu?

Hausnarketa da bide onetik goazela. Gero, telebistako grabazioa ikusita, gauza batzuk findu eta hobetuta denbora hori pixka bat gehiago jaitsi dezakedala hemendik pixka batera.

Lehen oinbikoak ekarri dituzu hizpidera. Egur handiekin ondo moldatzen al zara?

Egur handietan aita dut maisu [Ernesto Ezpeleta, Bihurri, aizkolaria]. Taktika izan zen beso lanak gutxiago egin eta hauspoa gehiago behartzea. Oinbikoetan [72 ontzako egurrak dira, txapelketako handienak] ezpala handia hartu behar da, indar handia exijitzen duen egurra da, tamainarengatik, eta nahiago izan nuen aizkora arinago batekin aritu, eta kolpeen kadentzia handitu.

Oinbikoen ondoren lau enbor geratzen dira. Aurreko estutua igarriko zenuen.

Bai. Oinbikoetatik aterata, ez dakizu besteak noiz amaituko dituen, eta saiatzen zara ahalik eta azkarrena hasten bederatzigarren enbor horretan. Hor erabaki zen apur bat. Oinbikoetatik ateratzean saiatzen zara ilararen amaierara ez begiratzen. Gertu ikusten da, baina oraindik lau enbor dira, eta burua hotz edukitzen saiatu behar da. Txapelketa asko galdu dira horregatik.

Egurrak aukerakoak al ziren?

Oso onak; oso gustura geratu nintzen egurrekin. Ez haien kalitatearekin bakarrik: loteak ere oso paretsu zeuden, eta oso garbi eta dotore plazaratuta zeuden, gainera.

Gehienek lehendabiziko aldia zenuten finalean, eta baita plazan halako lanak egiten ere. Irabazita, berretsi zenuen arnasa luzeko kirolaria zarela?

Horretarako prestatu naiz txapelketa honetan. Urte hasieran arnasa laburragoko lanak ditugu, Urrezko Aizkorako Binakakoa-eta. Denerako prestatzeko gogoa dago, eta denbora ere bai. Orduan, urteko aldiaren arabera, bata edo bestea esango nizuke.

Txapela lanean segitzeko bultzada izango da, noski.

Bai, dudarik gabe. Ilusio handia da lanean segitzeko, eta denborak hobetzeko gogoz nago.

Finalaren ostean aurkariekin hitz egin al zenuen?

Bai. Hitz egin nuen Xabier Zalduarekin, eta esan beharra dut: kirol lege esapideari dagokion dena betetzen du; eredu bat da. Ni bigarren geratuko banintz, ez nintzen hura bezala egongo: tenple harekin, eta poztasun horrekin. Haserre ez, baina serioago egongo nintzen, aztertzen. Xabierren jarrera eredugarria izan zen, txalotzekoa.

Finala amaituta, emozioz gainezka hitz egin zenuen telebistan. Oroitzapen asko pilatu al ziren?

Bai, eta aurrez ere, aurkezpenean, ia negarrez hasteko zorian egon nintzen, lagunak joan zirela ikusi nuenean. Ilusio handia egin zidan, eta saiatu nintzen orduan ere burua hotz mantentzen, behera ez egiten, eta indarrak hartzen.

Nola kudeatzen da halako egoera bat?

Aizkoran atzeko lana badago, eta gustura hartzen da hori, entrenamenduak eta hori guztia. Niri okerragoak egiten zaizkit azken bi egunetakoak. Egunak orduak sobera izan ditu orduan; luze egiten zait eguna, eta gauean ere lo gutxi egiten da. Horrek eragiten duen neke psikologikoa husteko gogoa izaten da. Saiatu behar da bukatu arte behintzat burua hotz mantentzen, eta gero husten. Horregatik emozionatu nintzen gero.

Aitak ere poz betea zuen Beotibarren. Zer esan zizun?

Gutxi egon nintzen berarekin, baina gustura zegoen. Berak nik bezainbeste edo lan gehiago egin du honetan, eta gure lanak fruituak eman ditu.Ni lagunekin joan nintzen gero, eta gutxi egon ginen, baina pentsatzen dut oso pozik geratuko zela.

Lagunekin? Nola ospatu zenuten, bada?

Hor zehar joan ginen, bazkaltzera. Lasai asko ibili ginen.

Aurrerantzean zer helburu du Hodei Ezpeletak?

Uste dut orain Gabonetako Kopa dugula, Egur Sportek antolatzen duena, eta gero, hasiera batean Bizkaiko Txapelketa dugu San Tomas egunez [herrialde horretako federazioko lizentzia du Ezpeletak]. Horren ondoren bukatuko da urtea, eta baita nire denboraldia ere.

Bai, baina segituan hasiko zarete berriz, ezta? Egur Sporten txapelketak urte osoan jokatzen dira.

Bai, gero binakakoan hasiko gara, baina prestaketa aldetik lasaiagoa izaten da. Bizitasun handiagoa behar izaten da txapelketa horretan, eta atseden gehiago ere hartzen da. Luzerako ezberdin entrenatzen gara, eta, alde horretatik, atseden gehiago hartzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.