Xoan Ledo. Bidasoko jokalaria

«Inoiz ez dut ezagutuko azken bi urteetako talde honen parekorik»

Bidasoak partida benetan zaila du gaur, Bartzelona ahaltsuaren pistan jokatuko baitu (19:00, Gol). Erronkaren «zailtasunaren» jakitun dago Xoan Ledo, baina atezain galiziarrak ez du baztertu ezustekoa ematea.

ASOBAL.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Hirugarren sasoia du Xoan Ledok Bidasoan (Lalin, Galizia, 1996), eta, ondo bidean, gutxienez beste bi gehiago egingo ditu, 2022ra arte berritu baitu kontratua duela gutxi. «Oso zoriontsua naiz hemen, eta taldea asko hazi da». Aitortu du min egin ziela Ademarren aurka galtzeak, baina «onartu egin» dutela, baita «buelta eman» ere.

Ia astebete joan da Ademarren aurka galdu zenuenetik. Zer hausnarketa egin duzue gertatutakoaz?

Ez genuen berdindu Ademarrek partidari jarri zion intentsitatea. Erasoan ez ginen ondo aritu. Defentsan, berriz, behetik gora egin genuen, baina ez nahikoa haien erasoari aurre egiteko.

Jacobo Cuetarak berak ohartarazi zuen ez zela garairik aproposena Ademarren aurka jokatzeko, «pixka bat herdoilduta» zinetelako. Ados zaude harekin?

Bai, baina Jacobok [Cuetara, Bidasoko entrenatzailea] partida bukaeran esan zuen bezala, horrek ez du aitzakia izan behar. Ademarri irabazteko maila badugu, eta, are: nire ustez, haiek baino hobeak gara. Baina neurketa horretan beraiek gailendu ziren.

Eta orain, olioztatuagoak zaudete?

Bai. Adibidez, Donatek [Bartok, Bidasoak fitxatutako azken jokalaria] jada egun batzuk daramatza gurekin entrenatzen, eta etenaldian selekzioekin aritu ziren jokalariak ere egokituagoak daude taldearen egunerokora.

Beharko duzue; bi aste gogor dituzue aurretik. Gaur, Bartzelona ahalguztidunari egingo diozue bisita. Nola egiten zaio aurre halako neurketa bati, zeinetan ia ezinezkoa baita irabaztea?

Gu irabaztera goaz, edo, gutxienez, lehiakor izatera, eta azken minutuetara arte partidan sartuta egotera. Barneratua dugu nahiz eta partida ona egin gerta litekeela Bartzelona gainetik pasatzea.

Ligan lanak eman izan dizkiozue. Hori egitea da helburua?

Bai. Plazera da halako talde handi baten aurka jokatzea. Hala, nahiz eta agian galdu, polita da ikustea lanak eman dizkiozula.

Bartzelona ia 40 gol ari da sartzen neurketako. Barneratua duzu dezentetan jaso beharko duzula baloia ate barrutik?

Guri askoz gol gutxiago sartu dizkigu ligan azkenaldian, 25 edo. Bada aldea. Eskertzen da.

Atezain batentzat, nolako partida da: gustagarria ala desatsegina?

Niri izugarri gustatzen zait Bartzelonaren aurka jokatzea. Ezohiko jaurtiketak egiten dizkizute. Hain indartsuak direnez, errazago jaurtitzen dute, bakarrik, eta airean denbora asko eginez, eta nik denbora gehiago dut haien mugimenduei erreparatzeko.

Gaur berriro galduz gero, arriskua al dago jendea hasteko orain arte eginiko lana gutxiesten?

Ez dut uste. Irunen, jendeak badaki eskubaloiaz, eta meritu handia ematen dio orain arte egin dugunari. Bartzelonaren aurka galtzeak ez du ezer aldatuko.

Argi dagoena da zailagoa izango dela berriz ere bigarren izatea, ezta?

Bai, batez ere Ademar ikusgarri ari delako. Lau puntuk soilik egin dizkiote ihes, Bartzelonaren eta gure aurka galdutakoek. Beste guztiak bereganatu ditu. Hala ere, nik konfiantza osoa dut taldean, eta ziur naiz buelta eman diezaiokegula Ademarrek ateratzen digun lau punturen aldeari.

Ate joka dago Txapeldunen Ligako kanporaketa ere. Hasi zarete horretan pentsatzen?

Zerumugan dago, baina oraindik ez naiz hasi horretan pentsatzen. Ez naiz hasi begiratzen zer jokalari dituen Wisla Plockek. Bartzelonaren aurkako neurketan bakarrik dugu burua, eta, apur bat estutzen banauzu, datorren asteartean Artalekun Benidormen aurka jokatuko dugun partidan.

Halere, zer itxura hartzen diozu kanporaketari?

Wisla Plock oso talde ona da: Poloniako onenetan bigarrena, Kielceren atzetik. Hala ere, sasoi honetan nor baino nor gehiago ari da Kielcerekin, liga irabazteko. Eta horrek agerian uzten du oso talde indartsua dela, historikoa, eta eskarmentu handikoa. Irrikan gaude joanekoa jokatzeko. Sekulako ilusioa dugu.

Nola ari zara bizi izaten Txapeldunen Ligarako esperientzia?

Esperientzia zirraragarria izaten ari da taldeko kide guztiontzat. Edozein eskubaloi jokalarirentzat amets bat da kluben arteko lehiaketa nagusia jokatzea. Ligaxkako lehen partidak ikusgarriak izan ziren, eta zer esanik ez gero, ikusi genuenean bagenuela sailkatzeko aukera, eta lortu genuenean, nola eta lider izanda. Ez dakit nola deskribatu barruan dugun sentipena. Izugarria da.

Pozik zaude orain arte egiten ari zaren lanarekin?

Bai. Lehen itzuli ona egin nuen, batez ere geldiketen portzentajeei erreparatuta. Inoiz ez nintzen horren erregularra izan nire kirol ibilbidean, eta horrek asko asebetetzen nau. Baina gehiago nahi dut. Ea bigarren itzulian hobeto aritzen naizen.

Defentsa da Bidasoaren indargunea, eta horretan zerikusi handia duzue zuk eta Rangel Luanek. Ondo zainduta dago atea.

Rangelek eta biok bikote ona osatzen dugu. Elkarren osagarri gara. Ni Bartzelonako eskolakoa naiz [Bartzelonaren harrobian jokatu zuen]: hankak gora igotzearen zalea naiz, baita neure burua lurrera botatzearen zalea ere, azpitik datozen baloiak gelditzeko; Rangel, ordea, ez da horrenbeste mugitzen: lurrean izan ohi ditu bi oinak; ez du jauzirik egiten; nahiago du gorputz osoa eraman batetik bestera... Nik baloi gehiago gelditzen ditut sei metrotik, eta berak, bederatzi metrotik. Aurkariak nola jokatzen duen, batek edo besteak joka dezake, eta hori mesedegarria da taldearentzat.

Ezberdinak bai, baina biak oso gazteak zarete; 23 urte besterik ez duzue. Ezohikoa da hori. Entrenatzaileek eskarmentua duten atezainen alde egin ohi dute.

Hala da, baina Jacobok gure alde egin zuen apustu, eta guk, berriz, hona etortzeko apustua egin genuen. Eta ez ginen okertu. Entrenatzaileak beti erakutsi digu konfiantza osoa duela gure lanean. Bigarren denboraldia dugu Rangelek eta biok elkarrekin, eta hasieratik oso ondo moldatu gara lanean; hori islatu da pistan. Asko hitz egiten dugu elkarrekin, eta elkarri gomendioak ematen dizkiogu. Gazteak gara, baina badugu eskarmentua: lauzpabost urte daramatzagu Asobal ligan jokatzen.

Esan duzu ez zinela okertu Bidasora etorrita. Kontratua beste bi urterako berritu izana horren erakusle da?

Hala da. Asko hausnartutako erabakia izan da, baina ziur naiz asmatu dudala. Oso pozik nago gutxienez beste bi urtez jarraituko dudalako Bidasoan. Izugarri gustura nago taldean. Inoiz ez dut ezagutu eta inoiz ez dut ezagutuko azken bi urteetako talde honen parekorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.