Telebista publikoen garrantzia nabarmendu dute Parisen

urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Europako telebista publikoen garrantziaz eta zerbitzu publikoaz hausnartzeko jardunaldi bat egin zuten atzo Parisen. Frantziako irrati-telebista publikoak antolatu zuen ekitaldia, eta hasierako hitzaldia Delphine Ernotte presidenteak (Baiona, 1966) eman zuen. Hala esan zuen: «Europako telebista publikoek herritarrak elkartzen eta batzen laguntzen dute, beste edozein hedabidek baino gehiago». Ondotik, zera gaineratu zuen: «Telebista publikoan konfiantza handia dut. Egunerokoan gauzak erakusten dizkit, eta plazera ematen dit».

Telebistak Frantzian eta Europako zenbait herrialdetan duen eraginaren inguruko ikerketa bat plazaratu zuten jardunaldian:Frantziako herritarren %64ren iritziz, telebista publikoak desberdinak dira pribatuen aldean; eta herritarren %85k uste dute garrantzitsua dela telebista publikoak izatea.

Noel Curran Europako irrati-telebisten batasuneko zuzendari nagusiak nabarmendu zuen zerbitzu publikoek funtsezko rola jokatzen dutela herrialdeetako demokrazietan. Gai berari helduta,RTVEko presidente Jose Manuel Perez Tornerok zera adierazi zuen: «Gure demokraziak galtzeko arriskuan gaude». Italia, Erresuma Batua eta Suediako telebisten buruek ere parte hartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.