ETB1ek 'Erremontari' saioa emango du astelehen gauetan

urtzi urkizu
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Erremonteaz gozatzeko eta erremontearen ingurukoak jakiteko aukera emango du astelehenetik aurrera ETB1ek, Erremontari saioaren bitartez. Astelehenero 22:15ean emango dute. Sagardoaren txapelketa izango du ardatz saio horrek. Sei bikote arituko dira lehian, eta bakoitzak sagardotegi bat ordezkatuko du: Etxarri-Barrenetxea IV.a (Oialume zar), Segurola-Larrañaga (Gaztañaga), Ansa II.a-Labaka (Setien), Urriza-Zaldua (Bereziartua), Juanenea-Zubiri (Larre-gain) eta Goikoetxea-Aizpuru III.a (Gurutzeta).

Bederatzi jardunaldi jokatuko dituzte; astero, bi partida. Lehenengo emanaldian, bi neurketa hauek izango dira ikusgai: Urriza-Zaldua / Etxarri-Barrenetxea IV eta Ansa II-Labaka / Juanenea-Zubiri.

Iñigo Aiestaran izango da saioaren gidaria. Manuel Arrizabalaga Matxin eta Iñaki Agirre Gaztelu izango ditu alboan, txandakatuz, partiden kontakizuna egiteko. Elena Azpeitia arduratuko da elkarrizketak egiteaz.

Kamerak kaskoetan eta beste toki estrategiko batzuetan jarrita, pilotalekura joan ezina ordezkatuko du Erremontari saioak. Hernaniko (Gipuzkoa) Galarretan grabatuko dituzte saioak. Teknologia berriez baliatuko dira saioa erakargarriagoa egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.